Harrika

Juan Luis Zabala
[URTEKARIA, 2021] Ez dakit zenbateraino den betikoa elkarri harrika bizitzeko ohitura hau, baina handitzen eta larritzen ari ote deneko irudipena izaten dut batzuetan.

Juan Luis Zabala

Emakumezkoen aldean pribilegiatuak gara gizonezkook, beste kontu askotan bezala, harreman afektiboen eta ugalkortasunaren arloan ezarritako perfekzio konbentzionalaren presio sozialari dagokionez. Baina gizonezkook ere sentitzen dugu presio sozial hori, eta baita, kasu batzuetan behintzat, horri aurre egin nahiak sortutako alderantzizko presio soziala ere. “Neska-lagunik ez badaukak ez edukitzeagatik egingo diate burla, eta baldin badaukak edukitzeagatik”, esan zuen behin, duela urte parrasta bat, zorrotz, gaztetako lagun batek.

Gisa berean, bada, adibidez, diru asko edukitzeaz harrotzen den jendea, baina baita horretaz lotsatzen denik ere, asko irakurtzeaz bezala libururik ukitu ere egin gabe bizitzeaz harrotzen denik dagoen bezala.

Nekez egin daiteke ganorazko ezer inoren haserrea piztu gabe, eta ganorazko ezer ez egiteak are etsaigo handiagoak erakar ditzake. Eta hori horrela izan ohi da arlo guztietan; zenbat eta zuzenkiago politikoa izan arloa —ez politikoki zuzenago, hori besterik da— orduan eta okerrago.

Esaten edo egiten duzuna esaten edo egiten duzula harrikatu egingo zaituztela dio, umore onez, Bob Dylanek Everybody must get stoned kantu zaharrean, baina ez duela bakarrik egon nahi, kristo guztia harrikatu behar dela. (Oharra: kantu hori ez dago Xabier Payak 100 kantu liburuan euskaratu dituen Bob Dylanen kantuen artean, baina antzeko harribitxi asko aurkituko ditu han irakurleak, eta hoberik ere bai).

Ez dakit zenbateraino den betikoa elkarri harrika bizitzeko ohitura hau, baina handitzen eta larritzen ari ote deneko irudipena izaten dut batzuetan, batez ere ene begi harrituak Txiolandian —Twitterren— barrena paseatzera bidaltzen ditudanean.

Ez da elkarri harrika egiteari uzteko urte ona izan aurtengoa, triste joan da alde horretatik begiratuta ere 2021a. Hasierako asmo onak eta elkartasun aldarrikapenak gorabehera, COVID-19aren pandemiak elkar sarriago eta gogorrago harrikatzera eraman gaitu, eta ez da hori, bistan da, daukagun arazoari aurre egiteko modurik eraginkorrena.

Ezustean eta ezjakinean harrapatu gaitu madarikazio honek, pixkanaka ari gara dakigun apurra jakiten eta geureganatzen. Gainera, kasu honetan ez daukagu gure pentsamendua nora bideratu seinalatzen digun eskuliburu ideologikorik, nahastu eta gurutzatu egiten dira eskuina eta ezkerra, unionismoa eta independentismoa, fedea eta ateismoa, realzaletasuna eta athleticzaletasuna… Ondorioz, denoi ari zaigu kostatzen gai honekin zerikusia duen ezertan gutxieneko ziurtasunik izatea. Urduri gaude, ordea, eta gure iritziarekin bat ez datorrena dudarik ez bagenu bezala harrikatzera bultzatzen gaitu horrek askotan.

Ez dut uste hobeak aterako garenik tunel honetatik, oso tolesgabea izan behar da hori sinesteko. Tristea da esatea baina, elkarri harrika bada ere, ateratzen bagara ni konforme!