Emakumeak mugitzea helburu duen erronka

Emakumeok Mugimenduan erronka solidarioa abiatu dute, martxoa baino lehen Gipuzkoako emakumeen artean kirola eginez 40.000 kilometro osatzeko. Laurehun emakumek eman dute izena jada.

Onintza Lete Arrieta

Urte berriarekin batera, martxan da Gipuzkoako emakumeei zuzendutako erronka bat: otsailaren 28a baino lehen, denen artean 40.000 kilometro osatu nahi dituzte kirola eginez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol zerbitzuaren egitasmoa da, eta, egindako kilometroen arabera, berdintasunaren arloan lanean ari diren hiru elkarte diruz lagunduko ditu aldundiak —urtarrilaren erdialdera jakinaraziko du zer elkarte izango diren. Emakumeok Mugimenduan izena du erronka solidarioak, eta laurehun emakumek baino gehiagok izena emana zuten aurreko astean. Apuntatzeko, Kinendu aplikazioa jaitsi behar da sakelako telefonora, eta erronkan izena eman behar da ondoren. Abenduaren erdialdetik Itsasne Duinat eta Iraitz Zugasti dinamizatzaileak egitasmoaren berri emanez ibili dira lurraldeko hogei udalerritan, eta joan den astean, Orion izan zirenean, Duinatek azaldu zuen emakumeek erronkari harrera ona egin diotela: “Erronkari buruz informazioa ematen ari gara, eta izena ematen laguntzen dugu. Herri batzuetan beste batzuetan baino gehiago kostatu zaigu emakumeengana iristea, baina, oro har, harrera ona izan du. Zarautzen, adibidez, 50 emakumek eman zuten izena”. Herri batzuetan ikusi dute eurak bertaratu aurretik emakumeek bazutela erronka solidarioaren berri: “Orion, esaterako, horixe gertatu zaigu”.

4.000 emakumeren datuak

Erronka digitalean izena eman duen bat da Amaia, azkoitiarra nahiago du abizenik ez eman. 7 eta 4 urteko bi ume ditu, eta lagun batek animatu du egitasmoan parte hartzera. “Inoiz ez naiz izan oso kirolaria. Tarteka egin izan ditut korrika, yoga eta halakoak, baina umeak ditudanetik ez dut tarterik aurkitu, eta beharra sentitzen dut orain”, azaldu du.

Azkoitiarraren bizipena ez da kasu bakan bat. Hain justu, bat egiten du aldundiak esku artean dituen datuekin. Emakumeak eta Kirola programaren barruan, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, 2021eko martxoan Gipuzkoako 21.000 emakumeri galdetegi bat bidali zieten “jarduera fisikoarekin duten harremana ulertzeko eta ezagutzeko”. 4.000 erantzun jaso zituzten, eta hainbat ondorio atera zituzten inkesta horretatik. Horietako bat da hiru emakumetik batek bere burua “inaktibotzat” duela, eta hainbat ezaugarri komun dituztela: 30 eta 49 urte bitartean edukitzea, herri txikietan bizitzea, eta gehienak ama izatea eta 12 urtetik beherako seme-alabak edukitzea.

Aldundiaren helburua da jarduera fisikorik egiten ez duten emakume horiek guztiak mugi daitezen animatzea, eta Duinatek azpimarratu du edozein mugimendu dela balekoa. “Denak balio du: paseatzera joateak, erosketak egitera joateak, txirrindaz ibiltzeak, oinez ibiltzeak, umeekin jolasteak…”. Zehaztu du erronkak ez duela kilometro moduan jasoko yoga egiten duenaren mugimendua. “Baina inkestako emakume gehienek jarduera fisikoa egitera bueltatu nahi dute, eta hori da inportanteena”.