Hitz bihurrituen ondoeza

Leire Narbaiza

Urte amaieran itsasoa ikusteko gogoa sortu zitzaigun, eta Debari egin genion bisita. Hondartza ingurua jendez lepo zegoen, eta harean, taldetan, pertsona asko, batzuk bainujantzian, gainera. Larregi abendu hondarrerako; eguzki izpi bat ikusi bezain pronto arropa eranzten duten suediarrak ziruditen, eguraldi onaren emozioak gainezka eginda. Eguraldi ona esan dut? Ai, ene! Hogeitaka gradu izatea Gabonetan ez da eguraldi ona! Tragedia da, baina Espainia eta EAEko teleberriak ikustea baino ez dugu ez dela horrela konprenitzeko, pozarren ematen dituztelako irudi zoriontsuak, akabuaren iragarpena badira ere.

Aurreko kasuan, ona adjektiboa erabiltzea diskurtsoa bihurritzea da, negatiboa dena positibo bihurtzea. Tradizio luzea du gurean, agintariek gastu eta inbertsio nahieran erabiltzen dutenean, adibidez: “AHTa egiteko X milioi euro inbertituko dira. Kulturan X mila euro gastatuko dira”. Baten batek manipulazioa esango dio, eta hala da. Baina bihurritzea gehiago gustatzen zait, hain da grafikoa!

Ez da kontu berria, esan dudan bezala. Eufemismoak hor ditugu, “kaka egin” esan beharrean “obratu” edo “libratu” esan behar genuela erakutsi ziguten, zatarra zelakoan lehenengo modua. Eta hain modan dagoena, zahar hitzarena. Ezin esan pertsonak zaharrak direla, zaharrak trapuak direlako. Noiztik nora? Ez ote da gaztelaniatik hartutako mania bat? Euskaltzaindiaren hiztegian lehenengo adiera hauxe dakar: “Pertsonez eta izaki bizidunez mintzatuz, adin handia duena”. Kito!

Hizkera beti erabili izan da jendea markatzeko, nolabait esatearren. Estatusa emateko edo kentzeko, jatorria eta ikasketa maila erakusteko… Ez dezagun ahantz lanbide bakoitzak bere teknolektoa duela, beharrezkoa dena, jakina, baina askotan estatusa markatzeko erabiltzen dena: “Nik badakit, zuk ez”. Horren ondorioz, txostengintza hizkera sortu da, oparoa gure artean, batez ere euskalgintzan eta ezker abertzalean. Poliki-poliki berba egiteko modu hori sustraitu egin dela esan genezake, eta dotore idatzi nahi denean, jende askok eredu hori errepoduzitzen du, bihurritua eta ulertezina, Koldo Zuazo hizkuntzalariak “Marteko euskara” bataiatu zuena, euskara martzianoa, alegia. Neohizkuntza ere esan izan zaio. Izen bat zein bestea, biak itzelak.

Baina euskara aldrebes horrez gain, baditugu hizkera bihurrituaren beste adibide batzuk, gehiago dutenak “eguraldi onaz” neohizkeratik baino. Gobernuetan daudenek erabiltzen dute normalean. Adibidez, basogintza. Baso izendatzen dituzte pinuak sartuta dituzten mendiak. Euskaltzaindiak baso hitza honela definitzen du: “Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea; gizakiak lantzen ez duen eremua”. Gizakiak lantzen ez duen eremua! Beraz, pinua bota matarrasan eta eukaliptoa sartzea ez da basoa sortzea.

Ingurugiroarekin edo klima aldaketarekin lotutako beste baten berri izan dugu egunotan: energia nuklearra energia berdeen artean sartzeko proposamena egin dute. Adjektiboa aldatu eta listo, garbiketa berdea egin nahi diote Europako (gutxienez) mugimendu ekologistaren ikur izan denari. Eta konbentzituko dute jendea, hitz bihurritu hauek tantarik tanta melatzen gaituztelako, zirimiriak lez. Iritziz aldaraztea lortzen dute, mihia trakestu, eta ulermena oztopatu. Ondorioz, pentsamendua bihurritu. Kontuz!

Leave a Reply

Your email address will not be published.