Kontzientziak lotzeko gunea

Kontzientziak lotzeko gunea

Maria Ortega Zubiate

Mutrikuko emakumeek gune berri bat izango dute laster; biltzeko, iritziak trukatzeko, ikuspegi ezberdinak lantzeko, kontzientziak entrenatzeko… Finean, jabekuntzarako. Lotune Mutrikuko Emakumeentzako* Jabekuntza Eskolak ateak irekiko ditu urtarrilaren 22an, herriko zenbait eragilek eta udalak osatzen duten Feminismoaren Mahaiaren eskutik. Lehen saioa oraindik egiteke, “itxaropentsu” daude mahaia osatzen duten eragileak, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei.

Bi aste barru lur hartuko du Mutrikun bultzatu duten proiektu berriak. Adin, ideologia eta jatorri askotariko emakumeentzako plaza izan nahi du Lotunek. Hain zuzen ere, horixe iradokitzen du izenak: ezberdinak diren heinean, lotzen dituen leku bat bilatzeko nahi hori. “Horrela sortu zen izena”, azaldu du Arrate Uranga EMA Emakumeak Mutrikun Abian taldeko kideak. “Emakume anitzak garela ikusi genuen, eta hori da geure helburua: aniztasuna erakartzea. Lehenengoz bildu ginenean ohartu ginen, hain zuzen ere, zein garrantzitsua den mahai gainean gai ezberdinak jartzea eta horiek lantzea”.

Ia urtebeteko prozesua izan da eskola sortzekoa, jabekuntza eskolaren premiatik abiatuta. “Gure ustez, oso beharrezkoa da formazioa. Badakigu denok dugula kontzientzia bat, horrekin jaiotzen gara, baina, hori lantzen ez bada, atrofiatuta gelditzen da”, dio Urangak. “Oso garrantzitsua da pedagogia batekin insistitzea. Pentsamendu kritikoa behar dugu berezkoa dugun kontzientzia hori lantzen laguntzeko, eta uste dugu jabekuntza eskola baliabide oso garrantzitsua izan daitekeela formakuntza horretarako”.

Behar horretatik abiatu zen eskola, eta udalak ere aitortu zuen premia hori. Hala onartu du Ainhize Azpiazu Mutrikuko Udaleko Feminismo zinegotziak: “Guk argi genuen, nahiz eta pertsonala izan, prozesu kolektibo baten bidez ere hobetu daitekeela emakumeen ahalduntzea, eta udalak horretan parte hartu behar zuela”. Eragile guztien onespenarekin, udaleko Feminismo Mahaiak ekin zion berau antolatzeari.

Alderdi politikoek, eragile feministek eta hezkuntzako ordezkariek osatzen dute udalaren barruan eratutako mahaia. 2019an sortu zuten, legegintzaldi berriarekin batera, Azpiazuren hitzetan, udaletik “feminismoa indartzeko beharra” zegoelako. Urangak uste du mugimendu feministaren eskaera bat dagoela mahaia sortzeko erabakiaren oinarrian; bi aldeen artean egindako lanari oso garrantzitsua deritzote biek. Iazko martxoan ekin zioten orain egitear dagoen jabekuntza eskolaren prozesuari, Mutrikuko lehen jardunaldi feministak antolatuta. “Hazia botatzeko asmoz, emakumeak xaxatzeko asmoz” egin zituzten lehen jardunaldi haiek, eta izena ere horixe eman zioten jardunaldiari: Has/ztera goaz.

Hiru eguneko jardunaldi horiez geroztik, prozesu parte hartzaile bat zabaldu zuten herrian. “Hogei bat emakumek” hartu dute parte saioetan, eta bertan aztertu dituzte jabekuntza eskola horietan landu beharreko edukiak, helburuak eta beste. Talde gidari bat ere garatu dute, eta haren ardura izango da hiru hilabetero kaleratuko duten programazioa lantzea. Logotipo lehiaketa ere egin zuten, “herriaren inplikazioa ere bultzatzeko”, eta laster izango dute irabazlearen berri.

Herrian badago kezka

Mutrikun feminismoarekiko dagoen erantzunaz galdetuta, Urangak eta Azpiazuk diote herritarrengan nabari dela parte hartzea; batez ere, herrian berriki izan duten erasoaren ostean. “Konturatu gara badagoela kezka gai horren inguruan, eta, kezka dagoen bitartean, eragileok eta instituzioek hori jaso behar dugu”, azaldu du EMAko kideak.

Urtarrilaren 22an izango dute lehen aukera edukiak eta programazioa fintzen hasteko. Baina proiektua ez da ezerezetik sortu, erreferente ugari baitituzte inguruan. Bat aipatu behar izanez gero, Ondarroa dute ahoan, mugakide duten Bizkaiko herria. Bertan mugimendu feminista “indartsu” ari dela azaldu du Urangak, eta hango jabekuntza eskolan landutakoa eredu dela eurentzat: “Ondarroan antolatzen duten horretatik edaten dugu guk”.

Buruan duten erreferente horretatik abiatu nahi dute, eta eurengana “ahalik eta emakume gehien” hurbil daitezen nahi dute. Hasierako pausoak zailenak direla jakitun, Azpiazuk uste du martxa hartzen hasita jende gehiago hurbilduko dela: “Nahiko genuke parte hartze prozesuan aritu diren emakumeak, behintzat, agertzea, eta, jende berria etortzen bada, askoz hobeto. Dena dela, uste dut behin martxa hartuta errazagoa izan daitekeela proiektu honetara jende gehiago hurbiltzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.