Zinema bat, dokumentalean

Zinema bat, dokumentalean

Miren Garate

Udan hasi ziren ondarearen babeserako Ancora elkarteko kideak Donostiako Arte Ederrak eraikinari buruzko dokumentala prestatzen. Alabaina, hari buruzko erabaki garrantzitsu bat etorri zen irailean: Donostiako Udalak eraikinaren barruan esku hartzeko lizentzia eman zion Sade enpresari, eraikinaren jabeari, eta baimen horren nondik norakoak ere ikus-entzunezkoan jasotzea erabaki dute elkarteko kideek. Asteartean estreinatu zuten Bellas Artes: El palacio del cine en San Sebastian, San Telmo museoan, eta datorren asteartean izango da berriz ikusteko aukera, Koldo Mitxelena kulturunean, 19:00etatik aurrera.

Eneko Orozko Ancorako kideak azaldu du dokumentalean bi zati bereizten direla: “Aurreneko zatian balioa eman nahi izan diogu eraikinari, perspektiba historiko batetik”. Besteak beste, eraikinaren arkitekto Ramon Kortazarren inguruan, zinemaren inguruan, hormigoiaren inguruan eta abar hitz egin dute. “Betikotik aparte, gauza berriak kontatzen saiatu gara dokumentalean”. Esate baterako, hormigoiari lotuta, azaldu dute XIX. mendearen amaieran Gipuzkoa aitzindarietako bat izan zela eraikuntza lanetan hormigoia erabiltzen. “1899. urtean egin zuten Eibarko udaletxea, guztia hormigoiz, eta Ramon Kortazar zen arkitektoetako bat. Frantziatik ekarri zituen teknikak. Urte horietan ikasitako teknikak jarri zituen praktikan Arte Ederren eraikina egiteko, eta pauso bat aurrera eman zuen modernitatean”. 1914koa da Arte Ederrak eraikina.

Zinemari dagokionez, berriz, dokumentalean kontatzen dute garai hartan joan zirela agertzen zinema jauregiak Donostian, ordura arte ez baitzegoen tipologia arkitektoniko jakinik zinementzat, eta barraka batzuetan ematen baitziren filmak. Era berean, belle époque garaiak eta turismoak hiriaren garapenean izandako ondorioak ere aipatu dituzte lanean, eta eraikina bera nolakoa den ere esplikatu dute. Gaur egun, lanak egiten ari direnez, kanpotik aldamioz inguratuta daude Arte Ederrak, eta barrura sartzerik ere ez dute izan grabatzeko. “3D irudiak erabili ditugu nolakoa den erakusteko”.

Laster, etxe turistikoak

Dokumentalaren bigarren zatian, eraikinaren babes mailan izandako aldaketak azaldu dituzte. “1977ko Donostiako lehen katalogoan ere legez babestuta zegoen Arte Ederrak eraikina; ezin zen eraitsi”. Donostia erdigunean dago eraikina, Prim eta Urbieta kaleen artean. Hiruzpalau hamarkada daramatza hutsik, erabilerarik gabe, eta egoera kaskarrean dago. 2017an, Kultur Ondasun estatusa kendu egin zioten, eta, gaur egun, Donostiako Hiri Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian C mailako babesa du, nahiz eta babes hori ez den nahikoa Ancorarentzat. Askotan aipatu izan du Lehen Mundu Gerraren aurretik eraikitako zinemen artean zutik mantentzen den bakarrenetakoa dela Europan.

Sadek aspalditik du eraikin horretan apartamentu turistikoak egiteko asmoa, eta, irailean udalak eraikinaren barrualdean esku hartzeko baimena eman ostean, libre du horretarako bidea. Ancorak uste du egitura eta barne banaketa erabat desagertzea ekarriko duela horrek, eta fatxaden jatorrizko diseinuan aldaketa handiak izango direla. Bere helburuak lortu ahal izateko nahita utzikeriaz jokatzea egotzi izan dio Ancorak enpresari. Gogorarazi du 2015ean eraikinaren kupula kendu zuela, berehala berrezartzeko betebeharrarekin, baina oraindik ere ez duela halakorik egin.

Dokumentalean, beste aditu batzuez gain, Donostiako Udaleko hautetsiak ere elkarrizketatu dituzte, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostia alderdietakoak. “EAJkoak eta PSE-EEkoak ere gonbidatu ditugu, baina ez dute parte hartu nahi izan”. Oronozek azaldu du dokumentalaren azken zatia “hiriaren inguruko gogoeta moduko bat” dela: “Ondarearen mailan zer hiri mota nahi dugun, zer gauza geratzen ari diren, nola eraikin historikoak botatzen diren hotelak egiteko…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.