Igande eguerdiak goxatzeko

Igande eguerdiak goxatzeko

Unai Zubeldia

Donostia Musikak esperimentu bat egin zuen 2020an: Ludwig van Beethoven konpositore alemaniarra (1770-1827) jaio zenetik 250 urte bete zirela baliatuta, konpositorearen bi obra oso-osorik eskaini zituzten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, hogei kontzertu guztira. “Hasiera-hasieratik, herritarrak musika klasikora, ganbera musikara, gerturatzen laguntzea izan zen gure erronka, bereziki hutsune hori daukagulako Gipuzkoan”, azaldu du Carlos Benito Donostia Musikako presidenteak. “Zorte txarra izan genuen COVID-19arekin, baina ziklo guztia mantendu ahal izan genuen azkenean, eta oso emaitza polita utzi zuen saiakera hark”.

Beethoveni lekukoa hartuta, Wolfgang Amadeus Mozart (Salzburgo, Austria, 1756-Viena, 1791) eta Johannes Brahms (Hanburgo, Alemania, 1833-Viena, 1897) aurrez aurre jarriko dituzte aurten, eta hamabi kontzertu eskainiko dituzte Viktoria Eugenian bertan, igande honetan hasi eta abenduaren 11ra arte. Mozarten musika neoklasikoa eta Brahmsen musika erromantikoa. Horixe da menua. “Entzuteko erraza da bi artista horien musika; pralinez betetako bonboi bat da Mozart eta esne pixka bat gutxiago daukan bonboi bat Brahms”.

Benitok zehaztu du egitura berbera izango dutela emanaldi guztiek: “Artista guztiek Mozarten piezak eskainiko dituzte lehen zatian, eta Brahmsenak bigarrenean. 1780an zer egiten zuten ikusi ahal izango dute lehenengo, eta, ehun urte geroago, 1880an, zer egiten zuten ondoren”. Lehen saioan, Arantza Ezenarro soprano donostiarra eta Borja Rubiños piano jotzailea ariko dira Viktoria Eugenian, etzi, igandean, 12:00etan.

“Jendearen fidelizazioa” lortu nahi dute Mozart vs Brahms zikloarekin. “Ez da erraza izango eta kostatu egingo zaigu. Baina ea pixkanaka igande goizetako ohitura hori sortzen dugun”. Izan ere, igande eguerdian izango dira emanaldi guztiak, eta ordu eta laurden inguruko iraupena izango dute. Saio bakoitzerako 10 eta 15 eurotan salgai daude sarrerak, eta hamabi kontzertuetarako bonua erosteko aukera ere badago, 85 edo 135 euroren truke.

Ensemble Siciliano taldea

Ensemble Siciliano taldeak eskainiko ditu hamabi emanaldietatik zazpi. “Europako orkestrarik onentsuenetako bakarlariek osatzen dute talde hori, eta artistak aldatuz joango dira emanaldi guztietan”. Helburu argi bat ere badauka Donostia Musikak: “Bertako musikariak sustatzea, eta, horregatik, Musikenek eskainiko ditu bi emanaldi”. Otsailaren 27an izango da lehenengo emanaldia, Maria Teresa Saiz eta Joan Miquel Fiolen eskutik. “Apirilaren 24an, berriz, Musikeneko irakasleek eta ikasleek elkarrekin eskainiko dute emanaldia; bi irakasle eta hiru ikasle ariko dira”. Benitok argi dauka musika klasikoa lehen aldiz entzuten duena ez dela damutuko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.