Normaltasunari begietara begira

Donostiako Jazzaldian tokiko hamar proiektuk parte hartuko dute aurten, eta horiek aukeratzeko kontzertuak ematen ari dira hamabost talde. Uztailaren 21etik 25era izango da Jazzaldia.

Unai Zubeldia

“Urte zailak izan dira azken biak”. Hala aitortu du Miguel Martin Donostiako Jazzaldiaren zuzendariak: “Pandemiaren eraginez, 2020an ezin izan genuen amaitu Jazzaldirako tokiko taldeen hautaketa, eta iaz justu-justuan bukatu ahal izan genuen aurreko urteko hautaketa prozesua”. Azken bi urteotan Jazzaldiak ez du izan ohiko egiturarik. “Baina ea egoerak hobera eginda normaltasunera itzul gaitezkeen aurten”, desio du Martinek. Onartu duenez, tokiko taldeen hautaketa “behar bezala egitea” izango litzateke “normaltasun” horren lehen erakusgarria. “Baina badakigu COVID-19aren eraginez azken ordura arte bertan behera gera daitezkeela saioak”.

Martinek zehaztu du Jazzaldiko zuzendaritzak tokiko taldeen 41 proposamen jaso dituela aurten. “Duela bi urte baino hamabi-hamahiru gutxiago, osasun egoeraren eraginez, ziurrenik. Baina uste dut ohiko kalitate handiari eutsi diogula”. Berezitasun gisa, duela urte asko proposamena aurkeztu zuten talde batzuek berriz ere pausoa eman izana txalotu du zuzendariak: “Gregario de Luxek, esaterako. Duela hamar urte etorri ziren lehen aldiz”.

Horrez gain, Ipar Euskal Herriko hiru talde aurkeztu izana ere goratu egin du Jazzaldiaren zuzendariak: Herman Family Singers, HiruKote eta Swingin’ Bayonne Trio. “Beti egoten da baten bat, baina kopuru handia da aurtengoa. Nafarroako taldeak ere badaude, Bizkaikoak… Eta, noski, Musikeneko ikasleak ere bai”. Hamabost talde horietan “askotariko musika estiloak” daudela ziurtatu du Martinek.

Lehen galbahea eginda, hamabost taldeak saioak eskaintzen ari dira orain, eta hamar aukeratuko ditu epaimahaiak. Ondo bidean, uztailaren 21etik 25era Jazzaldian parte hartuko dute hamar horiek. Urtarrilaren 18an izan zen lehen emanaldia —Gregario de Luxena—, eta atzo bigarrena, Arnelarena. Apirilaren 11ra arte, beste hamahiru talderekin gozatu ahal izango dute ikusleek, Viktoria Eugeniako Klub aretoan —sarrera, doan— eta Kutxa Kultur klubean —sarrerak, 3 eta 5 euroan—.

OTSAILAK 1, ASTEARTEA

K-FREE

Europako musikaren eragina dauka K-free taldeak: free jazza, bluesa eta swinga. Eurek sortutako piezak eskainiko dituzte Miguel Salvadorrek (gitarra), Marcelo Escrichek (kontrabaxua) eta Gorka Iraundegik (bateria). Hainbat erreferente dauzkate sormen lanerako: Charles Altura, Nir Felder, Pat Metheny, Dave Holland… Viktoria Eugenia klubean izango da saioa, 19:30ean.

OTSAILAK 3, OSTEGUNA

HERMAN FAMILY SINGERS

Frantzia hego-mendebaldean egiten duten jazzaren erreferentzia dira Sabine Herman (ahotsa), Gerald Herman (pianoa eta ahotsa) eta Jean-Xavier Herman (kontrabaxua eta ahotsa). Bakoitza bere kasa aritu izan da orain arte, baina elkarlan batzuk ere egin izan dituzte tarteka Didier Datcharry Triorekin eta Cool Notesekin. Oinarrizko jazz musikak elkarturik, hots hirukote bat osatu dute orain. Kutxa Kultur klubean joko dute, 19:00etan.

OTSAILAK 22, ASTEARTEA

ETHER ENSEMBLE

2019an sortutako proiektu artistiko bat da Ether ensemble, eta Donostiako Musikene eskolako ikasle garaia du oinarri. Konposizioa eta inprobisazioa: bi eremu horietan dantzan ibiltzea gustatzen zaie Jose Angel Babianori (pianoa), Garazi Navasi (akordeoia), Pau Torresi (saxoa), Nerea Quincocesi (perkusioa eta bateria), Nasim Lopez-Palaciosi (bateria) eta Xabier Peronieri (elektronika). Berezko sonoritate eta nortasun artistiko handia dauka taldeak, eta askotariko estiloak lantzen dituzte: musika klasikoa, jazza, estilo garaikidea, elektronika, rocka, popa… Lehen diskoa kaleratzear daude: 101. Viktoria Eugenia klubean izango da saioa, 19:30ean.

OTSAILAK 24, OSTEGUNA

EVA ALCAIDE QUINTET

JAZZALDIA

Eva Alcaidek (gitarra), Irati Bilbaok (ahotsa), Andres Navascuezek (pianoa), Carlos Montullek (baxua) eta Aitor Bravok (bateria) Musikenen egin zituzten jazz ikasketak. Hurbileko jazz freskoa da haiena, eta itsasoa du inspirazio iturri. Dive Into The Sea izango da haien lehen diskoa; laster kaleratuko dute. Musika tresnen eta ahotsen arteko oreka zaintzen saiatzen dira beti, eta haiengan eragin nabarmena izan dute Pat Methenyk, Moises P. Sanchezek, Ben Monderrek eta Mark Knopflerrek. Kutxa Kultur klubean izango da saioa, 19:00etan.

OTSAILAK 27, IGANDEA

SWINGIN’ BAYONNE TRIO

JAZZALDIA

Aspaldiko lagunak dira Arnaud Labastie (pianoa), Jean Duverdier (bateria) eta Patrick Quillart (kontrabaxua), eta 2015ean taldea osatzea erabaki zuten. Besteak beste, Tarnoseko musika eskolako, Jazz en Mars jaialdiko eta Alexander Big Bandeko zuzendaria da Labastie, eta taldeko beste bi kideek ere esperientzia handia daukate jazzaren munduan. Gene Harris, Monty Alexander eta Benny Green dira haien iparrorratzetako hiru. Viktoria Eugenia klubean izango da saioa, 19:00etan.

MARTXOAK 1, ASTEARTEA

HIRUKOTE

JAZZALDIA

Musika barru-barruan sartuta izan du betidanik Txomin Duhaldek (bateria) —Anje Duhalderen semea da—, eta, jazzaren munduan pausoak ematen hasita, laguntza eske joan zen Arnaud Labastierengana (organoa). Eric Lecordierri (gitarra) proiektua aurkeztuta, hirukotea osatu zuten azkenean, 2015ean. Swinga dago haien eskaintzaren muinean, eta estilo horretatik saiatzen dira berreraikitzen jazzaren molde estandarra, euskal abestiak eta musika tradizionala. Kutxa Kultur klubean izango da saioa, 19:00etan.

MARTXOAK 3, OSTEGUNA

SENFINA TRUO

Nasim Lopez-Palaciosek (perkusioa eta elektronika), Franco Cavallerik (pianoa), Ledian Molak (kontrabaxua) eta Pau Torresek (saxoa eta elektronika) bost urte daramatzate hainbat proiektutan lanean. Tenerife (Espainia), Montevideo (Uruguai), Habana (Kuba) eta Ibiza (Espainia) dituzte sorterri, eta aniztasun hori islatzen saiatzen dira beren musika eskaintzan. Inprobisazioa, interpretazioa eta konposizioa uztartzen dituzte. Iaz aurkeztu zuten beren lehen lana: Traslación. Kutxa Kultur klubean izango da saioa, 19:00etan.

MARTXOAK 10, OSTEGUNA

ALDAPEKO BASQUE LATIN JAZZ

Euskal musika tradizionala erritmo latinoekin eta jazzaren harmoniekin elkartzen dituen proiektu bat da Aldapeko Basque Latin Jazz, eta hauek dira partaideak: Imanol Iribarren (pianoa), Peio Irigoien (txistua, dultzaina eta tronpeta), Asier Ardaiz (tronpeta), Alvaro Jarauta (tronboia), Iñigo Corao (tronboia), Eva Catala (kongak), Patricia Mancheño (baxu elektrikoa) eta Manu Pinzon (bateria). Bidaia koloretsu eta erritmiko bat eskaintzen dute, ezagun-ezagunak diren euskal melodia batzuei erritmo latinoak gehituta. Iazko ekainean kaleratu zuten euren lehen lana: Iri Barrenetik. Jazzaren harmoniak eta inprobisazioak eskaintzen dituzte beren emanaldietan. Viktoria Eugenia klubean izango da saioa, 19:30ean.

MARTXOAK 17, OSTEGUNA

TRíO ZEMí

Inprobisazio lanak egiten ohituta daude Pablo Costas (pianoa), Ledian Mola (kontrabaxua) eta Eneko Arbea (bateria), eta, hain zuzen ere, ariketa horretatik sortu zen Trío Zemí taldea. Jazzaren, musika klasikoaren, musika latinoaren eta garaikidearen fusio bat proposatzen du taldeak. Ezaugarri nagusi gisa, egitura melodiko landuak nagusitzen dira pieza gehienetan, eta zubi lanerako baliatzen dituzte bakarlarien saioak. Kutxa Kultur klubean ariko dira, 19:00etan.

MARTXOAK 21, ASTELEHENA

HORDA

Donostiako Musikene eskolako azken ikasturteetako musikari garrantzitsuenetako batzuek osatutako talde kolaboratiboa da Horda. Eolo Andino (saxo altua), Nico Andino (tronpeta), Karles Perez (bateria) eta Ledian Mola (kontrabaxua) Europako eta Ameriketako jazz estiloak uztartu asmoz elkartu ziren, 2018an. Taldeak ez dauka hierarkia harmonikorik, eta, horri esker, kontrabaxua eta bateria jotzailea askatasun handiz aritzen dira bakarlari gisa. 1960ko hamarkadako Ameriketako jazzaren abangoardia dauka formatu gisa, eta beren bidean Ornette Coleman izan dute erreferente nagusietako bat. Impulso saria irabazi zuen 2019an. Viktoria Eugenia klubean izango da saioa, 19:30ean.

MARTXOAK 29, ASTEARTEA

CALIGRAMA

Afrikako iparraldeko Yoruba, Abakua eta Nañigo kulturen, jazzaren eta musika garaikidearen eragina jasota, musika afro-kubatarraren lotura modu pertsonal batean espresatzea da Caligrama taldearen helburua. 2017aren erdialdean elkartu ziren Victor Vega (tronpeta), Eneko Dieguez (saxo altua), Pablo Costas (pianoa), Eneko Arbea (bateria) eta Ledian Mola (kontrabaxua). Molaren proiektu pertsonal bat da Caligrama. Estilo eta kultura askoren uztarketa proposatzen du taldeak. Viktoria Eugenia klubean izango da saioa, 19:30ean.

MARTXOAK 31, OSTEGUNA

CARLA SEVILLA 5TET

JAZZALDIA

Carla Sevilla abeslariaren alderik intimoena aurkeztuko du Carla Sevilla 5tet proiektuak, testuak, melodiak eta inprobisazio lana elkarren ondoan jarrita. Sevillaz gain, Marcos Salcines (pianoa), Tana Santana (baxua eta kontrabaxua), Juanma Urriza (bateria) eta Epi Pacheco (perkusioak) dira taldeko kideak. Sevillak Bilbon hasi zituen piano ikasketak, bere jaioterrian, 7 urte zituela, eta, ondoren, Musikenen egin zituen jazz kanturako ikasketak. Azken urteotan hainbat artistarekin aritu da lanean: Iñaki Plaza, Soul Messengers, Solomone, Sheila Cuffy, Travelling Brothers, Gorka Benitez eta Angel Celadarekin, besteak beste. Kutxa Kultur klubean izango da saioa, 19:00etan.

APIRILAK 11, ASTELEHENA

DONOSTIAKO UDALAREN MUSIKA ETA DANTZA ESKOLA BIG BAND

Iñaki Salvador zuzendari lanetan zela, 1999an sortu zuten Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola Big Band taldea. Ordutik, udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleek osatu izan dute taldea. Hainbat kontzertu eskaini dituzte 23 urteotan. Jazz klasikotik blueserainoko bidea egiteko gai da taldea, funkya, latin jazza, rocka eta beste hainbat musika estilo barne hartuta. Hauek dira partaideak: Mikel Romero, Ibon Irijoa (zuzendaritza), Diego Garcia (bateria), Jon Ander Amigo, Patxi Villanueva (baxua), Michel Benet, Aitor Suarez (gitarra), Irene Del Amo (pianoa), Larraitz Uralde, Mikel Muñoz, Ramon Irizar, Ibon Irijoa, Duncan Cameron (saxoa), Eneko Gomez, Marc Frederic, Juanan Diez (tronboia), Jose Mari Dorronsoro, Raul Bautista, Ander Peñalba, Alberto Santos (tronpeta), Javier Samper, Maya Samper eta Natalia Izquierdo (ahotsa). Viktoria Eugenia klubean ariko dira, 19:30ean.