Euri asko badator, ibaiari begira

Euri asko badator, ibaiari begira

Miren Garate

Abenduaren 10ean, urak hartuta esnatu ziren Gipuzkoako zenbait herri. Han eta hemen izan ziren kalteak, uholdeengatik ez bazen, luiziengatik. Inoizko emaririk handienak erregistratu zituzten ibai batzuetako aforalekuek. Garajeetara eta ezkaratzetara sartu zen ura, eta urpean geratu ziren ibai ondoetako baratzeak eta azpiegiturak. 2011ko azaroaren 6tik ez zen halako uholderik izan. Datorren astean beteko dira bi hilabete gertaera horietatik, eta urak bere onera etorri direla dirudien arren, kaltetuek uste dute orain hartu behar direla neurriak, hurrengoan kalte txikiagoak jasan ahal izateko.

Uraren Euskal Agentziak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 250.000 herritar bizi dira uholde arriskua duten eremuetan, biztanleriaren %10 inguru, alegia —neurritzat 500 urte arteko errepikatze denborako uholdeen arrisku potentziala hartuz—. Aste honetan aurkeztu ditu EAEko erakundeak 2022tik 2027ra egingo dituen obrak. Helburua da horien bidez %41 murriztea uholde arriskuak eragiten dien biztanleen kopurua, eta %38 gutxitzea uholdeek sor ditzaketen kalte ekonomikoak. Gipuzkoan zortzi proiektu iragarri ditu, eta 33 milioi euro inbertituko dituela esan du.

Mendaroko Garagartza auzoan, Hernaniko kirol klubetan eta Donostiako Loiola, Martutene eta Txomiñenea auzoetan, Gipuzkoako beste hainbat auzotan bezalaxe, ondo dakite zer den ibaiari begira bizitzea eguraldi iragarpenak euri asko datorrela esaten duen aldiro.

MENDARO

Eguneratu gabeko mapa

Abenduko uholdeetan, komunikabide eta agintarien arreta puntu nagusia bilakatu zen Mendaro; batik bat, hango Garagartza auzoa. Etxetik atera ezinda egon ziren bizilagunak; itxi egin behar izan zituzten herriko sarrera-irteerak, eta ospitaleko jardueran ere eragina izan zuen horrek. Datu bat eman dute hango bizilagunek: 23 urtean arazorik ez izan ostean, 2011ko azaroko uholdeak izan zirenetik —inflexio puntutzat dute gertaera hori—, dozena bat aldiz izan dituzte. Aste gutxiren aldearekin izan dira azken hirurak: abenduaren 9an ez ezik, iazko azaroaren 28an eta aurtengo urtarrilaren 10ean ere bai.

Horregatik, batzorde bat eratu berri dute Garagartza auzoko zazpi bizilagunek eta udalean ordezkaritza duten hiru taldeek —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE—. “Ikusten dugu Deba ibaian ur gutxiago kabitzen dela, eta ura sarriago ateratzen dela”, diote auzotarrek.

2016an jo zuten lehen aldiz udalera. Hango ordezkariekin nahiz Ura agentziakoekin bilerak egin ostean, Kilimon errekan klaketa batzuk jartzea erabaki zuen udalak, errekako ura kanalean mantentzeko. “Ate moduko batzuk dira, eta ura gora datorrenean, ate horiek itxi egiten dira, errekako ura estoldatatik kanpora etortzea eragozteko. Hori zen lehen geneukan arazo handiena: Deba ibaia hazita zetorrenean, ez zion lagatzen Kilimon errekari ibairatzen, eta ura etortzen zen behetik gora estolderiatik”.

UHOLDEA_MENDARON

Proiektu horrek bigarren fase bat ere bazuela diote, eta hori gauzatzeko eskatzen diote orain udalari. “Klaketena erdizkako konponbidea izan zen. Zerbait egin behar da ixten direnean goitik datorren ura errekara heltzeko”. Auzotarren esanetan, punturik baxuenean motopunpa bat egon izan balitz, saihestu egingo ziren azken hamar uholdeetatik bederatzi. “Errekak gainezka behin egin du. Petrila gainditu aurretik hasten da ura pilatzen, eta piszina baten modukoa sortzen da estoldatatik ez doan urarekin”.

Ur beltzekin ere izan dituzte arazoak azken uholdeetan, eta estolderia aztertzeko eskatzen diote udalari. Horrez gain, 1995ean Deba ibaian egindako obra batzuk amaitu gabe geratu zirela dute gogoan auzotarrek, eta horri buruzko informazioa ere nahi dute. Abisu sistema hobetzea ere beharrezko ikusten dute. “Aurtengo bi uholdeetan jakinaren gainean ez zeuden familiak egon dira, eta tentsio handia sortzen du horrek”.

Eta udalarentzat ez ezik, Ura agentziarentzat ere badituzte eskaera jakin batzuk. Bat iruditzen zaie garrantzitsuena: uholde arriskuen mapa eguneratzea. Mapa horretan, kalkulu bat egiten da, datozen urteetan ura noraino irits daitekeen eta zenbateko kalteak sor ditzakeen ikusteko. Horretarako, besteak beste, inguruko biztanleria kopurua, zein ekonomia aktibitateri kalte egingo liokeen urak, eta arriskutsua izan daitekeen faktorerik —industria kimikoa…— badagoen begiratzen dute.

Auzotarren esanetan, mapa hori eguneratu gabe dago, Garagartza auzoko gaur egungo etxe asko ez baitira ageri. “Mapa horren arabera, hemen bederatzi bizilagunek jasaten dituzte kalteak, baina auzo oso bat eraiki da gerora, haur eskola bat barne. Ospitaleari nola eragin diezaioketen uholdeek ere ez du jasotzen”. Eguneratu gabe egoteak baditu bestelako ondorio batzuk ere. Azaldu dute arrisku maila horrek zehazten duela uholdeak eragozteko lanen lehentasun maila ere. “Garagartzako datuak eguneratu gabe daudenez, Mendaro hirugarren taldean dago, eta horrek esan nahi du herri askok dutela lehentasuna gure aurretik”.

Ura agentziak aste honetan iragarritako 2027ra bitarteko inbertsioetan, adibidez, ez da ageri Mendarori buruzko ezer. “Azken boladan gertatu den guztiarekin, ospitale bat bakartuta geratu ostean…Hurrengo lau urteetan ez da aurreikusten esku hartzerik. Eta Deba ibaian bertan, Bergaran eta Soraluzen, badaude proiektuak. Hor ikusten da lehentasunen kontua”. Datorren asteazkenean da biltzekoa berriro auzotarrek eta udaleko ordezkariek osatutako batzordea. “Mapa berraztertzeko ez ezik, udalaren eskumenekoak diren kontuei ere berehala kolpe egiteko ere eskatuko diegu alkateari eta zinegotziei”.

HERNANI

Lanekiko itxaropentsu

Hernanin, euri asko egiten duenean, ohikoa da Urumea ibaia ateratzea errugbi zelaiaren eta futbol zelaiaren parean. “Baina ez da hain ohikoa hilabete batean bi aldiz ateratzea”, esan du Xabier Lertxundi alkateak. Hala gertatu zen orain gutxi: abenduaren 10ean eta urtarrilaren 10ean izan zituzten uholdeak gune horretan. “Auzolanean garbitu zuten futbol zelaia, eta handik astebetera berriz ere urak hartu zuen. Urumea ondoko baratzeetan ere uzta galdu zen. Beti beldur horrekin egotea oso gogorra da, eta irtenbide bat eman nahian ari gara”.

Aste honetan egindako iragarpenean, Ura agentziak esan du Urumea ibaiaren Akarregi eta Ergobia arteko tartean 7,3 milioi euro inbertituko dituela. Itxaropentsu dago alkatea, lan horiekin egoera hobetu daitekeela uste baitu. “Uste baino beranduago datoz, baina teorian behintzat emaitza onak izango dituzte lanek, eta beharrezkoak iruditzen zaizkigu”.

Aurtengo bigarren seihilekoan dira hastekoak Akarregi auzoan meandro bat egiten. “Parke berde bat sortuko da, ibiltzeko parke bat. Ibaia hazita datorrenean, horra egingo du gainezka, propio”. Martindegin, berriz, korta bat eraikitzekoak dira, 2023an hasita. “Bi esku hartze horiek egiten direnean, ez du esan nahi uholdeak gertatuko ez direnik, baina gutxiagotan gertatuko dira”. Esaterako, estatistiken arabera, errugbi zelaia urtero hartzen baldin badu urak, lanen ostean lau urtean behin gertatuko dela uste dute; futbol zelaia, berriz, urte eta erditik behin urpean geratu ordez, hamabi urtean behin geratuko da.

Ibaiaren ibilguan egin beharreko lanak Ura agentziaren eskumena dira; udalak, berriz, ondoko azpiegituretako esku hartzeak hartzen ditu bere gain. Lertxundik kontatu duenez, proposamen bat prestatzekoak dira, Urari aurkezteko. Orain urte batzuk, zelaien ondoan dauden hormak pixka bat igotzea proposatu zuten; baita errugbi zelaiaren ondoko erreka txikian esku hartze bat egitea ere, erreka horrek sortzen baititu arazoak. Emariari kalte egiten ziola iritzita, proiektua ez zuen onartu erakundeak. Joan den astean bildu ziren udaleko kideak futbol eta errugbi klubetako ordezkariekin, proposatu beharreko proiektua elkarrekin prestatzeko asmoz.

DONOSTIA

Iraganeko beldurrik gabe

“Urumean egin den obra sekulako lasaitua izan da Donostiarentzat”, esan dute Donostiako Udaleko babes zibileko ordezkariek. Urte askoan arazo handiak izan ostean, orain bi hilabeteko uholdeetan ez zen aparteko kalterik izan Loiola, Martutene eta Txomiñenea auzoetan. Martuteneko Okendotegi kalean sortu zituen eragozpenik handienak urak. “Hor ditugu arazorik handienak gaur egun, nahiz eta Astigarraga parean egin diren lanei esker asko hobetu den egoera. Hala ere, toki horretan, arazoa ez du Urumeak sortzen, Muntogorri ubideak baizik. Ura agentzia ari da eremua aztertzen”.

2011ko uholde handien ostean, hainbat proiektu gauzatu dituzte Urumean. Hiru zubi ordezkatu dituzte: Martutenekoa (2016), Espartxokoa (2020) eta Pilarreko pasabidea (2015). “Zubi zaharren zutabeak oztopo ziren ibaiarentzat, eta zutaberik gabekoak dira berriak”. Astiñeneko zubi berria ere ari dira jartzen, Loiola eta Egia auzoen artean. “Behin jarrita, zaharra eraitsiko dute. Zubi berri hori uda baino lehen irekitzea espero da. Eta hori eginda, Loiolako kuartelera sartzeko Urdinzu zubia bakarrik geldituko litzateke Urumeako oztopo hidrauliko gisa”.

Ubidea zabaltzea izan da ibaiko beste esku hartze nagusia. Lehen fasea, Martuteneko zubitik Pilarreko pasabidera artekoa, 2016an amaitu zuten. Martuteneko zubitik Lugañene zubira —27. poligonora sartzeko zubia— artekoa da bigarren fasea. “Ubidea zabaltzeko lanak amaituta daude, eta inguruaren urbanizazio lanak amaitzen ari dira”.

Ubidea zabaltzeko proiektuaren hirugarren faseari Martuteneko kartzela eraisten dutenean ekingo zaiola esan dute babes zibileko ordezkariek. “Zati hori Lugañene zubiaren eta egungo Txomiñeneko ibai parkearen artean dago. Kartzelaren eremuaren kota Txomiñeneko kotara igoko da, eta gainerakoa ibai parkearen jarraipena izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.