Goierritik unibertsora

Goierritik unibertsora

Josune Zarandona

Dibok izeneko planeta berri bat aurkitu dute. 2019a da. Urtebete geroago, Euskal Espazio Agentziak gizaki bat bidaliko du hara, planeta horretan bizia dagoen ikertzera. Bertan bizi daitekeela ondorioztatuko dute, baina ezin dela berez arnasarik hartu. Lurrarekin harremana galduko du pertsona horrek, baina hogei urte geroago dei bat jasoko du bere sakelakoan…

Istorio hori proposatzen du Khuruts Begoña zuzendariaren (Bermeo, Bizkaia, 1976) Deia azken lanak. Film laburra da, eta Ray Bardburyren Gau deia ipuinean oinarrituta dago. Pandemiaren hasieran, itxialdi betean sortu zitzaion istorio hori idazteko ideia. “Gizarte gisa sakelakoarekin daukagun harremanaren gainean analisi orokor bat egin nahi nuen, kontrola gai gisa hartuta hausnarketa bat egiteko”, esan du zuzendariak.

KHURUTS BEGOÑA

Xanti Salvador soinu teknikari eta lagunari bidali zion ideia, eta, hark baiezkoa emanda, segituan hasi ziren lantaldea osatzen. Legorretako Zinkunegi anaien Arteria Fabrikaren bitartez jarri zen harremanetan Jose Ramon Soroiz aktorearekin. “Eta oso harreman ona sortu zen hasieratik”. Goierritarrak dira lantaldeko kide gehienak; Soroiz legorretarra da, eta Begoñak, Bermeon jaioa bada ere, urteak daramatza Zumarragan bizitzen. Jantziez Leire Santillan diseinatzaile urretxuarra arduratu da, eta makillajeaz, Elena Garcia zumarragarra.

Nafarroa agertoki

“Baliabide gutxirekin egindako lan xume bat” dela esan du Begoñak, baina “ukitu profesionala” daukala. Nafarroako Bardeetan grabatu zuten film laburra: Aire de Bardenas hotelean eta desertuan bertan. “Bi egunetan egin genituen grabazioak, Reflex kamera batekin. Hogei bat orduko lana izan zen”, zehaztu du. Edizioa, koloreztatzea… Begoñaren benetako lana hasi zen gero, eta Xanti Salvador aritu da lanean soinuarekin. Begoñak dio soinuak “berebiziko garrantzia” duela ikus-entzunezko lan batean: “Niretzat lan osoaren erdia da soinua; orokorrean ez zaio behar besteko garrantzirik ematen, baina garrantzi handia dauka”.

DEIA FILM LABURRA

Bere beste lanetan ez bezala, Begoña genero jakin bati lotuta ibili da azken lanean. Zientzia fikzioa erabili du errealitatean gertatzen ari den zerbait kontatzeko. “Kuriosoa da: jendeak orokorrean ondo ulertzen du fikzioa, baina kostatu egiten zaio filmean kontatzen den hori errealitatearekin erkatzea”, azaldu du. Zuzendaria ez da, dena den, generoetan batera eta bestera mugitu zalea. “Bata bestearen atzetik etortzen zaizkit ideiak, eta horiek elkarri lotzen saiatzen naiz gero”. Baina, haren hitzetan, ideia horiek ez daukate linealtasun arrunt bat eduki beharrik. “Denboraren eta espazioaren batura logikoa apurtzea gustatzen zait, generoa bera apurtzeko. Nire kasuan bezala, horrelakoetan generorik ez daukan zerbait egiten duzu azkenean”.

Nazioarteko jaialdietan

Begoñak zazpigarren lana du Deia. Aurretik eginak ditu Gora Ethan! (2001), Andros y Andrea (2002), La corona es mía (2006), El anhelo del cangrejo (2012), El chófer (2015) eta Eta gertatu balitz? (2018). Guztiak Youtuben ikus daitezke.

Iazko urtarrilean estreinatu zuen Deia, BilbaoArten, eta nazioarteko hamazazpi jaialditan izan da gerora. “Oso harrera ona izaten ari da”, aurreratu du. Euskal Herrian ez ezik, Indian, Irlandan, Argentinan, Alemanian, Australian, AEBetan, Mexikon, Espainian… egon da ikusgai Deia. Gainera, Donostiako Kursaal Film Festival jaialdian Gipuzkoako film labur onenaren saria jaso zuen iaz. Bartzelonako Optico Film Festivalen ere ohorezko aipamena jaso zuen, eta Los Angelesen (AEB) finalista izan zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.