Irabazleak, ‘looser’-ak eta Goya sariak

Leire Narbaiza

Igandea da, nahiz eta leihotik larre berde eta etxe zuri gutxi ikusten den (teilatu gorriak bai, ia denak). Irratian Espainiako Goya saria jaso duten euskaldunei ari zaizkie elkarrizketa egiten. Patu tristea gurea, gero, beti kanpokoen aprobazio bila ibili behar izatea! Dena dela, sari horien esparrua gogoko ez badut ere, poztu egiten nau hemengo profesionalek jasotzeak. Goya zein beste edozein. Ikaragarri alegeratu nintzen, adibidez, udazkenean Miren Agur Meabek Espainiako Poesia Sari Nazionala jaso zuenean. Ondo merezitakoa. Sariaren azken hitzak tristatzen nau: nazionala-k. Itxaro Bordak, esate baterako, ezingo du inoiz irabazi golardo hori, euskaraz poesia idatzi arren; lehenengo saria zezen larruari dagokiolako, eta bigarrenak hexagonoaren hiritartasuna duelako. Biologia versus matematika.

Irrati saiora itzulita, ez nau batere harritu elkarrizketatuak ahotsa erlats izateak, bart merezitako parranda egin duen seinale. Galaren xehetasunen eta pozaren berri eman du. Dena normala, espero litekeena. Horrelako arrakastei dagokien moduan. Ezer berririk ez, dena prebisiblea. Orduan bururatu zait oso interesgarria izango litzatekeela irabazi ez duenari elkarrizketa egitea, benetakoa, sakona. Zer sentitu zuen, zelan bizi izan zituen momentu horiek, nola eutsi zion irribarreari beste baten izena —ez berea— iragarri zutenean, kiroltasunez eta faltsuki. Nik gustura entzun/irakurriko nuke.

Baina galtzailea izatea ez dago modan. Zalantza egiten dut sekula modan egon den. Esango nuke inoiz literaturan edo zineman garrantzia eduki baldin badu, orain galdu egin duela. Looser hitza puri-purian dago, eta zentzurik txarrena du, galtzaile baino gehiago frakasatua esanahia ematen zaiolako. Mespretxuz jaurtitzen da sare sozialetan, iraintzailea Jeff Bezos bailitzan.

Galtzaile (perdedor, looser) berba iraintzeko erabiltzen denean, asteburuetan bazkalosteko telefilm estereotipatuetako pertsonaiak datozkit burura: AEBetako institutu batekoak, futbol amerikarreko taldeko kapitaina, animatzaileen jefea, marjinatuak, frikiak, arraroak, ikastunak… Mundu bitxia gure begietan, gero eta espazio handiagoa duena gurean (graduazio ekitaldiak, dantzaldiak…). Poliki-poliki estatubatuarren bizitza estiloa tarte zabalagoa hartzen dabil, xurgatuko bagintu bezala, kanpai-prakek ura nola; barrenak bustitzen hasi eta denboratxora belaunetaraino blai.

Irabazle ote da besteari galtzaile esaten diona? Ez dakit, bada. Irabazle, garaile, arrakasta duena ematen didate hiztegiek. Nik, ordea, kasu honetan triunfatzaile gogokoagoa dut, Xabier Amurizaren eskolakoa bainaiz hiztegi kontuetan. Triunfatzea arrakasta izatea baino gehiago da. Eta lehen Bezos aitatu dut, Amazonen jabea irabazlearen adibidetzat. Munduko aberatsenetakoa da, askorendako trunfatzaile hutsa. Hor dago koska, milioiduna izateak automatikoki bihurtzen du arrakastatsu? Askoren ustez, bai. Eta atzera ere datozkit bazkalosteko lo-kukuak telebistaren aurrean nerabe iparramerikarren gorabehera absurdoak ikusten.

Zoritxarrez, gurean ere hori da askoren ametsa: negozioa edozeren gainetik. Agian, euren begietan nahiago dut looser-a izatea.

Espainiako Zutabeen Sari Nazionalean finalista geratuko banintz, irratikoei gustura emango nieke elkarrizketa sentitua!

Leave a Reply

Your email address will not be published.