Pandemia hasi zenetik egin diren kaldereroen lehen konpartsak izango dira bihar

Pandemia hasi zenetik egin diren kaldereroen lehen konpartsak izango dira bihar

U. Zubeldia

Festa gogoz daudenek asteburu honetan izango dute lehen aukera, kaldereroak ospatuko dituztelako Gipuzkoako hainbat eta hainbat herritan: Donostian, Tolosan, Azpeitian, Irunen… Gipuzkoako hiriburuan konpartsa bakarra aterako da aurten —bi ateratzen dira normalean—, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala, bihar, 18:45ean, Parte Zaharrean. 19:55ean Konstituzio plazan kanpamentua jarriko dute, eta konpartsako erreginak Donostiako herria agurtzeko diskurtsoa botako du jarraian. Ondoren, konpartsako kide guztiek errepertorio osoa abestuko dute. 20:35ean aterako dira Konstituzio plazatik, eta 21:20an amaituko dute ibilbidea.

Aurretik, gaur Zurriola ikastolako konpartsa ibiliko da kalez kale, 15:00etatik aurrera, Grosen, eta Txomingo Kaldereroen Konpartsa bihar aterako da, 18:00etan, Txominen. Aurten 50 aldi beteko dira Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak herri elkarte eta herritar talde baten laguntzarekin kaldereroen jaia berpizten lagundu zuenetik.

Baina Donostian bakarrik ez, Irunen ere aterako dira kaldereroak bihar, 19:00etan, Alberto Anguera plazatik, eta San Juan plazan amaituko dute ibilbidea, Oiartzun, Hondarribia, Zubiaurre, Geltoki kalea, Kolon pasealekua, Foru kalea eta Kale Nagusia igaro ondoren. Eraiki dantza taldea da antolatzailea.

Irunen bezala, Azpeitian ere 19:00etan abiatuko dira kaldereroak kalez kale —Artzubiko etorbidean elkartuko dira—, bihar. Musika banda, Juan de Antxieta musika eskola eta Iñaki Regil Matxote-k gidatuko dituzte. Tolosara ere iritsiko dira kaldereroak, bihar, 19:00etan. Urdina Txiki elkarteak antolatuta, Plaza Zaharretik abiatuko dira zartagia joz, eta Alde Zaharrean ibiliko da konpartsa. 23:30ean, berriz, Incansables txarangak girotuko du kalea.

Inude eta artzainak, etzi

Kaldereroen biharamunean, artzain eta inudeen txanda izango da etzi. Donostian, 12:00etan abiatuko dira, Kresala elkartetik, Euskal Herria kaletik, eta ohiko ibilbidea egingo dute, Konstituzio plazan geldialdia eginda. Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeko inude eta artzainen konpartsak, berriz, astebete geroago desfilatuko du, hurrengo larunbatean.

Irunen ere ospatuko dituzte inude eta artzainak etzi, 25. aldiz. Kaldereroen gisa berean, Eraiki dantza taldeak antolatzen du inude eta artzainen desfilea ere. 12:10ean abiatuko dira, Santiago kaletik, eta Luis Mariano kalean amaituko dute ibilbidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.