Iñaki Ostolaza: “Ohiko ‘coworking’ jardunari buelta bat eman nahi genion”

Iñaki Ostolaza: “Ohiko ‘coworking’ jardunari buelta bat eman nahi genion”

Maria Ortega Zubiate

Agintaldiko hirugarren urtea betetzear dutela, hasierako planean ezarritako lan lerro bat beteta “pozik” azaldu da Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea (Zumaia, 1968). Zkoop ekinaldia abiarazi dute herrian, ekonomia sozial eta eraldatzailean murgiltzeko asmoz. Olatukoop sarearekin batera sortu dute proiektua. Oraindik proiektua hasteke dutela, herrian interesa zabaldu dela nabaritu du alkateak.

Zer da, zehazki, Zkoop?

Ekintzailetza kooperatibo bat da Zkoop, ekintzailetza soziala eta tokiko garapena bultzatzeko prestatu dugun egitasmo bat. Zumaian ekonomia sozialaren inguruko ekosistema bat sortu nahi dugu, eta ekintzailetza kooperatiboa ere sustatu nahi genuen.

Ekonomia sozial eta eraldatzailea aipatu duzue…

Azken finean, Zumaian sustraitutako proiektuak bultzatu nahi genituen guk. Ekonomia sozial eraldatzaileaz ari garenean, herriari eta komunitateari ekarpena egingo dioten proiektuez ari gara. Egitasmo berriak martxan jarri nahi dituzten zumaiarrei lagundu nahi genien, hori da helburuetako bat; eta hori egiteko ekonomia soziala eta kooperatibismoa baliatu nahi genituen. Hau da, nahi genuen proiektu profesional bat martxan jartzeko ideia daukatenek ekonomia sozialaren logika erabil zezatela. Horretaz gain, Zumaian martxan dauden proiektu komunitarioak indartzeko aukera bat ere nahi dugu. Horretarako, hiru gauza eskainiko dizkiegu guk: formakuntza, bidelaguntza eta aholkularitza pertsonalizatua.

Horretarako gune fisiko bat aurreikusi duzue: Zumaiako gizarte zentroa.

Bai. Hau dena martxan ipintzeko leku fisiko bat behar dugu, coworking zentroa, Hogar izenez ezaguna herrian. Modu xume batean antolatu dugu eraikineko lehen solairua, han elkarlanerako zentroa zabaltzeko. Hiru gune egongo dira: lehenengoa, lan egiteko egokituko dugu; bigarrena, bulego moduko bat izango da, eta hirugarrenak askotariko erabilerak izango ditu (bilerak, formakuntza saioak…). Gure bide orrian lehenengo pausoa da hau; ikusiko dugu Zumaian kooperatiben eta ekintzailetzaren bideak noraino eramango gaituen. Hasieran hor jarriko dugu zentroa, baina, ekinaldia egonkortu eta handitzen bada, beste leku batean jarri eta han egonkortzeko asmoa dugu.

Zumaian badago ekintzailetzarako nahikoa mugimendu?

Egia esan, ez da herri kooperatibista bat, beste gune batzuekin alderatuta. Baina azken urteotan ekonomia soziala loratzen ari da Euskal Herrian, eta Olatukoopen moduko ekinaldiak sortu dira. Ikusi genuen Zumaian egon direla horrelako pare bat proiektu, eta, gure ustez, modu egokia da proiektu honen bitartez horiek bultzatzea.

Fabrika ez duzue martxan jarri oraindik, baina martxoan egingo dituzue lehen ekintzak, ezta?

Bai. Zenbait pauso eman ditugu Zkoopen barruan. Lehenbizi, jardunaldi ireki batzuk antolatu ditugu martxoaren 2rako, informazioa emate aldera. Gero, Zkoop fabrika abiaraziko dugu, aukeratutako proiektuei tutoretza saioak eskaintzeko. Aldi berean, Hogar delakoan elkarlan edo coworking zentro eraldatzailea jarriko dugu. Hain zuzen ere, horixe da Zkoop proiektuaren oinarria.

Nola sortu zen horrelako proiektu bat abiatzeko beharra?

Enplegua eta tokiko garapena beti egon izan dira gure lehentasunen artean. Hori horrela izanda, legealdi hasieran plan bat abiarazi genuen, eta, enpleguari lotuta, hiru lan lerro zehaztu: industria sareari eustea, eta, ahal den heinean, indartzea; pribatizatutako zerbitzuak publifikatzea; eta, azkenik, coworking zentro bat abian jartzea. Orain, lehenengo bi lerro horietan ari gara egitasmoak martxan jartzen, eta Zkoopekin hirugarren lerroa osatu nahi genuen.

Agintaldi hasieratik aipatu zenuten coworking gunearen beharra, eta hortik sortu duzue proiektua. Baina zertan dira desberdinak hasierako planteamendua eta egungo proiektua?

Udal gobernura iritsi ginenean, coworking-arekin zerikusia zeukan proiekturen bat abiarazi nahi genuen, eta Zkoop, azken finean, hori gauzatzeko ekinaldia da. Epe luzeko norabidean eman nahi genituen pauso horiek, baina zalantzak geneuzkan: leku askotan sustatzen dituzte mota horretako proiektuak, baina konturatu ginen bazeudela gustatzen ez zitzaizkigun mezu batzuk. Norbanakoaren meritua goraipatzen eta merkatua erdigunean jartzen zuten ekinaldiak ziren, nahiko indibidualak orokorrean. Ohiko coworking jardunari buelta bat eman nahi genion.

Olatukoopekin lankidetzan egin duzue proiektua.

Hala da. Kooperatiben sare bat osatu dute, eta eurak daude loraldi honen atzean. Gobernura iritsi ginenean, beste eredu batzuk ikustera joan ginen, Olatukoopen Errenteriako Abian proiektua ezagutu genuen, eta gustatu egin zitzaigun nola funtzionatzen zuen. Horrekin konturatu ginen badagoela beste era bat ekintzailetza sustatzeko, eta ulertu genuen komunitatearen barrukoa izan behar duela. Beste askok egindako lanari jarraituta, coworking kontzeptutzat hartzen dena gainditu nahi genuen, eta elkarlan gune bat sortu; lanerako toki bat ez ezik, Zumaiari eta zumaiarren beharrei erantzungo dieten proiektuak hauspotzeko eremu bat ere izatea nahi dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.