Mugarriak aro berri baterantz

Mugarriak aro berri baterantz

Josune Zarandona

Gipuzkoako Foru Aldundiak landa eremuko lursailetako mugak digitalizatzeko programa aurkeztu berri du Zegaman. Mugak hobeto definitzea eta eguneratzea dira helburu nagusiak, dauden mugak eta mugarriak behar bezala identifikatuz eta horien kartografia digitala eginez. Hamar urteko epean, 3 milioi euro inbertituko ditu aldundiak zeregin horietan; urtero berrituko du deialdia. Udalerri bakoitzeko gastuaren %50 hartuko du bere gain aldundiak, eta gainontzekoa udal bakoitzak finantzatu beharko du. Lurren jabeek ez dute kosturik ordaindu beharko.

Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendari nagusiak aurreratu duenez, 2020-2030 urteen artean Gipuzkoako landa lur guztiak GPS bidez “geoerreferentziatzea” lortu nahi dute. Programa ofizialki aurten aurkeztu badute ere, iaz egin zuten udalerrietan lehenbiziko deialdia, eta, hari erantzunez, Gipuzkoako bederatzi herritan lanean ari dira jada: Abaltzisketan, Ataunen, Azkoitian, Legazpin, Mendaron, Olaberrian, Orexan, Zumarragan eta Zegaman. Dena den, azpimarratzekoa da udalerri batzuek egina daukatela jada lan hori; Goierrin, Ezkio-Itsaso, Urretxu, Legazpi eta Zegama aitzindariak izan dira.

Gipuzkoako landa lurrak dira lurren %90. Historikoki, baserriari lotuta egon izan dira lur horiek. Baina Gipuzkoako gizartea aldatuz joan den heinean, sailen eta horien mugarrien gaineko ezagutzaren zati bat galdu egin da. “Gipuzkoako landa lurrak 115.839 sailetan banatuta daude, eta askotan ez dakigu lursailak non hasten eta amaitzen diren. Informazio hori galduz joan da belaunaldiz belaunaldi, eta sarri ez da bat etortzen katastroko informazioa, udaletxeetan jasota dagoena edo jabeek dutena”, zehaztu du Ariztimuñok. Lurren mugak ez ezagutzeak hainbat arazo sortu izan ditu: “Lur jabeen arteko liskarrak, izapide administratiboetan zailtasunak edo administrazioarentzat burokrazia gehigarriak, esaterako”. Horregatik, digitalizazio prozesua “aurrerapauso handi bat” izango da, aldundiaren ustez. “Prozesua amaitzean, informazio guztia ordenatuta, adostuta eta euskarri digitalean jasota edukiko dugu”. Bukaeran, lur jabe bakoitzari norbere sailen plano topografikoa eta ortoargazkia emango diete, paperean zein euskarri digitalean.

Elkarlana, “nahitaezkoa”

Digitalizazio prozesua “konplexua” izango dela aurreratu du Ariztimuñok. “Mendira joan eta kokalekuen puntu zehatzak identifikatu behar dira lehenik, ondoren GPS bidez jaso ahal izateko”. Lan hori “doitasun dezimetrikoz” egin behar da, “mugarriak eta beste puntu interesgarri batzuk” identifikatzeko. “Muga lerroen ibilbidea egingo dugu, eta posizio puntuak hartuko ditugu mugaren izkinetan”. Horretarako, beharrezkoa izango da lur jabeen arteko adostasuna. “Eta akordio bidezko altxaera horrek katastroko lursailen %90 hartu beharko ditu, gutxienez”. Lokalizazioak, berriz, GIS edo informazio geografikorako sistema izeneko programara eramango dituzte.

Lanak egiteaz arduratuko diren enpresek, udalek eta aldundiak osatzen duten lantalde bat martxan da jada, baina lur jabeen elkarlana “nahitaezkoa” izango dela esan du Ariztimuñok. “Lurren jabeek zehaztuko dituzte lursail mugakideen behin betiko mugak. Adostasunik ez dagoen kasuetan, bitartekaritza bat egingo dugu, baina akordiorik lortzen ez bada, mugarri horiei buruzko informazioa eguneratu gabe geratuko da”.

Ezkio-Itsaso, lehenengoa

Ezkio-Itsason 2010 eta 2011 artean egin zuten lanketa, eta udalerriko landa lur guztien %98 digitalizatu zituzten: 1.990 hektarea, hain zuzen. Urretxun, berriz, 2013 eta 2016 artean garatu zuten digitalizazio prozesua, eta udalerriko landa lur guztien %80ra iritsi ziren: 652 hektarea.

2014tik 2018ra, Legazpira iritsi zen prozesua, eta 2.902 hektarea muga digitalizatu zituzten, Erik Galvez Legazpiko Udaleko Lurraldetasun arloko zinegotziak zehaztu duenez. Galvezek gaineratu du “oso garrantzitsua” dela “ondorengo belaunaldiei informazio osoa eta argia helaraztea”. Legazpik 4.013 hektareako landa lurra dauka, eta digitalizatzeko falta diren 1.111 hektareak digitalizatzeko prozesua “aurten” bukatuko dute, aldundiak martxan jarritako programara atxiki eta gero. “Aizkorriko parke naturalean, eta Barrendiola eta Guriditegiko mugetan kokatutako landa lurrak izango dira”.

Ezkio-Itsaso, Urretxu eta Legazpiri lekukoa hartuta, Zegaman 2019an ekin zieten lanei. Joseba Izagirre alkatearen ustez, lanketa hori “behar-beharrezkoa” zen. Zegamak 3.600 hektarea landa lur ditu. “Bi fasetan egingo ditugu lanak”. Amaitzekotan da lehen 1.800 hektarearen digitalizazio prozesua, eta hasita daukate beste erdiarena. “Horrelakoetan, batzuetan lana bera baino konplexuagoa izaten da jabeen artean adostasunetara iristea”, aitortu du Izagirrek. Lanketari esker, orain arte ahoz aho pasatu den informazioa eguneratuko dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.