Zubiak eraikitzeko ariketa

Zubiak eraikitzeko ariketa

Unai Zubeldia

Ipar Euskal Herriko artistei Hego Euskal Herrian aritzeko eta euren sorkuntzak erakusteko aukera bat ematea da Iparraldea Bertan zikloaren helburua. “Ez da arlo bakarrera mugatutako jaialdi bat” esanez hasi du azalpena Maitane Hernandez EKE Euskal Kultur Erakundeko kideak. “Biziki anitza da proiektua; musika, antzerkia, filmak, mintzaldi kantatua… Iparraldean zer egiten den erakustea da kontua, eta zubiak eraikitzea”.

EKEk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, 21. aldia izango du aurten Iparraldea Bertan zikloak. Martxoaren 1etik 25era, lau gaualdi eta erakusketa bat izango dira Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean; 19:00etan hasiko dira saioak —ez da sarrerarik ordaindu beharko—. Estreinako eskaintza gisa, datorren asteartean zabalduko ditu ateak Francoren mende kantatzen genuenean liburua oinarri hartuta prestatu duten erakusketak.

Eta egun berean egingo dute lehen gaualdia, liburu hori bera hizketagai dutela. Donostian izango da Colette Larraburu idazle eta kazetaria —hark idatzi du liburua—, eta ondoan izango ditu Peio eta Pantxoa, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Patxika Erramouspe eta Gexan Alfaro abeslariak. Larraburuk euskal kantagintza garaikidearen historiaren zati bat azaldu du liburuan. Francisco Francoren diktadura garaian, euskara debekatua zegoela, Ipar Euskal Herriko hainbat abeslari Hego Euskal Herrira joan ziren kantatzera, eta orduko gertakizunak gogoratuz saio berezia egingo dute asteartean, zuzeneko kantuekin. “Askotan ezagunak zaizkigu kantu batzuk, baina testuingurua ez dugu ezagutzen. Horregatik, kantuen nondik norakoak aipatzea da lehen saioaren helburua”. Hernandezek zehaztu du sarritan “oso giro berezia” sortzen dela horrelako eskaintzarekin, “publikoa ere kantuan hasten delako. Biziki hunkigarria izaten da”.

Datorren astearteko lehen saio berezi horren ondoren, Lumi Donibane Lohizuneko (Lapurdi) elektro-indie taldearen kontzertua izango da martxoaren 8an. Nahia Zubeldiak —Unama taldea— eta Manu Matthysek —Matthys eta Odei taldeak— 2014an sortutako proiektua da Lumi. Euskal kantuen eta folk melodien inguruko ekarpena egingo du Zubeldiak, eta musika elektronikoaren aldeko apustua Matthysek. Bezperen Dirdira disko berria prestatzen ari dira biak, Usopop diskoetxearekin.

Astebete geroago, martxoaren 15ean, Mixel Etxekoparrek (ahotsa, xirula, flautak eta perkusioa) eta Jean Kristian Galtxetaburuk (esku soinua eta ahotsa) Etxetaburu ikuskizuna eskainiko dute, bertso zahar eta berriagoekin. “Bi artisten artean sortu dute proiektua; zirikatzeko bertsoak eskainiko dituzte. Elkartu, bertsoak hautatu, musika pixka bat landu, grabaketa ia egun bakarrean egin… Aspalditik ezagutzen dute elkar, eta artistak dira biak”, ziurtatu du Hernandezek.

Martxoaren 22an, berriz, Erleketa film laburra emango dute, Oskar Alegriaren azken lana. “Eleketa, ahozko oroimenak erakusketa prestatu genuen 2020an; ahozko memoriaren gaia esploratu genuen zinemagile batzuekin”. Hernandezek zehaztu du Alegriaren estiloan “bete-betean” landutako lana dela Erleketa. “Oso landua du irudia, landua soinua…”. Film laburra ikusteaz gain, Alegriarekin hizketan aritzeko aukera izango da amaieran. “Eta Oscarrekin sorpresak izaten dira beti bere sormen lanean”.

Gauzak “deskubritzen”

Aurreko urteetako harrera “oso ona” izan dela gogoratu du Hernandezek. “Ikusleek beti deskubritzen dute zerbait; maitatzen dituzten artistak bertatik bertara ikusten dituzte, eta ederra da hori”. EKEko kidearen ustez, Ipar Euskal Herriko sorkuntza lanaren inguruan “aurreiritziak” dituzte Hego Euskal Herriko askok. “Baina azkenean konturatzen gara herri berbera osatzen dugula, eta erreferentzia berdinak ditugula kantuaren bidez. Hizkuntza bera dugu, eta biziki erraza da komunikazioa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.