Barandiaranen legatuak badu nork zainduko

J. Zarandona

Elkarte gisa 2012an egituratu bazen ere, Jentilbaratzak 1981. urteaz geroztik dihardu Joxe Miel Barandiaran herritarrak utzitako legatua zaintzen eta zabaltzen. “Barandiaranek egin zuen lanak gugan eragin handia izan du, eta, horregatik, gure jarduna berearen jarraipen gisa ulertzen dugu”, esan du Santi Etxeberria Jentilbaratza elkarteko lehendakari ohiak.

Elkartea euskal mitologiaren eta etnografiaren gordailu izan da azken 40 urteotan, eta Ataunen sortua izatea ez da kasualitatea. “Mitologiaren mundua oso sustraituta dago Ataunen”, esan du Etxeberriak. Ez bakarrik Barandiaranek gai horren inguruan egin zuen lan mardulagatik, baita inguruko orografiarengatik ere: “Laurehundik gora kobazulo daude Ataunen eta mitologiaren inguruko toponimo asko ere bai: laminzulo, sorginzulo, marumendi, jentilbaratza… Horiek guztiak haurrak ginenetik jaso ditugun leku izenak dira, eta aitona-amonek eta gurasoek legendak, ipuinak eta kontakizun harrigarri asko ere transmititu dizkigute beti. Horren bueltan eraiki dugu gure izaera eta elkartearen sorrera”, zehaztu du.

Jentilen Etorrera izan zen, 1981ean, mitologia oinarri hartuta, Ataunen egin zuten lehendabiziko ekintza. Hasieran, “herriko festei erabat lotuta zegoen” ekintza zela esan du Etxeberriak, baina 40 urte hauetan izan duen garapena, elkartearena bezalatsu, handia izan da. Gaur-gaurkoz, Jentilen Etorreraz gain —bi urtez behin egiten dute—, Gau Ibilaldi Mitologikoa eta Mitoaldia zikloa ere antolatzen dituzte. Etnografiari lotuta, berriz, Ohitura Zaharren Eguna egiten dute, besteak beste: “Desagertzear dauden arbasoen bizimodu, lanbide eta ohitura zaharrak belaunaldi berriei gerturatzeko egiten dugu”.

Egindako lanari aitortza

Hain zuzen, arbasoek utzitako ahozko ondarea, gerora Barandiaranek idatziz jasota utzi zuena, belaunaldi berriei transmititzea da Jentilbaratza elkartearen helbururik behinena. Eta arlo horretan egindako lanagatik jasoko dute Urrezko Kalabaza saria Ahoz Aho ahozkotasunaren jaialdiaren barruan. “Guretzako sorpresa handia izan da; oso gustura eta harro gaude azken 40 urte hauetan egin dugun lanarekin. Sari hau egindako lanaren errekonozimendu bat da”, esan du Etxeberriak.

Alde horretatik, zenbakiek ere esaten dute zerbait; izan ere, 1.200 pertsona bildu ohi dituzte aldiko, bai Jentilen Etorrerak eta bai Gau Ibilaldi Mitologikoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.