ELAk eta LABek ezbaian jarri dute berdintasun planen eraginkortasuna

M. Garate

50 langiletik gorako enpresa guztiek dute berdintasun plan bat erregistratzeko obligazioa, eta ordainsarien auditoria bat ere egin behar dute, ikusteko ea sexuak eragindako bereizketarik badagoen enpresa horretan. Baina. berdintasuna lortzeko bidean, eskakizun horrek ez ditu guztiz ase ELA eta LAB sindikatuak.

“Daukagun hutsune nagusia da berdintasun plan bat erregistratzeko ez dela derrigorrezkoa langileen ordezkariekin akordio batera heltzea”, esan du Nahia Fernandez ELAko Berdintasun Saileko kideak. Oniritzi hori ezinbestekotzat jota, zehaztu du sindikatua lan hitzarmenetan ari dela klausula hori sartu nahian. “Akordiorik ez eskatuta, planek kontziliazio neurriren bat ezarriko dute asko jota”.

Esan du ELAk zenbait “marra gorri” dauzkala zehaztuta berdintasun planak negoziatzeko orduan: soldata arrakalaren aurkako neurriak egotea, sexu jazarpenaren aurkako protokolo bat izatea, partzialtasunaren eta behin-behinekotasunaren gaia ukitzea, promozio eta hautapen prozesu ez-sexistak izatea, eta kontziliazio neurriak biltzea. “Berdintasun plan batean, gutxienez, horiek jorratu behar dira eraginkorra izateko. Bestela, zuriketa morerako tresna huts bihurtzen dira berdintasun planak. Soldata arrakala jorratzen ez duen plan bat, adibidez, ez da onargarria guretzat”.

Horrez gain, Fernandezek uste du berdintasun planak zentroka edo lurraldeka egin behar liratekeela. “Enpresa asko estatu osokoak izaten dira, eta gerta daiteke plana ere hala izatea. Halakoetan diagnosia eta plana bera oso urrun geratzen dira langileen errealitatetik”. Planek azpikontratatutako langileei ez eragitearekin ere ez dago ados ELA. “Gure ustez, lan hitzarmenen modukoak izan behar dute berdintasun planek”.

Lan banaketaren arazoa

LABen ere zalantza dute berdintasun planak “eraginkorrak” diren “emakumeen diskriminazioa iraultzeko”. Eli Etxeberria sindikatuko Berdintasun idazkariak esan du derrigortuta egon arren enpresa askok ez dituztela egiten, eta gaineratu du egiten direnak ere beste berdintasun plan batzuen “kopia hutsak” izaten direla. “Badaude oso ondo egindakoak ere: diagnosia, kronograma, aurrekontua, helburuak, ekintzak, arduradunak…; dena zehaztuta. Baina zer gertatzen da? Ez direla betetzen, eta ez dela ezer gertatzen. Hori da okerrena”.

Etxeberriaren esanetan, berdintasun planen bidez baino gehiago, mobilizazioen bidez lortu izan dira aurrerapenak azken urteotan. “Planak ondo egiten badira, eta soldaten erregistroak eta auditoriak behar den bezala egiten badira, agian enpresa horretako egoera hobetuko da, baina guk ikusten duguna da jendartean sexuaren araberako lan banaketa bat dagoela”. Esan du banaketa horren ondorioz sektore maskulinizatuetan egindako lanek “balio ekonomiko, sozial eta politiko” handiagoa dutela, eta oso zaila dela berdintasun planen bidez hori aldatzea.

Era berean, nabarmendu du soldatei buruzko informazioa lortzeko eta datuak egiaztatzeko ere zailtasunak izaten dituztela sindikatuek. “Askok ez dituzte jartzen zuzendaritzakoen soldatak, zenbat kobratzen duten jakingo genukeelako, eta hori da kontua, jakin egin behar dugula zenbateko aldea dagoen mailarik apaleneko soldatekin konparatuta”. Uste du enpresei ez zaiela interesatzen diskriminazioa amaitzea: “Berdintasunaren zigilua eskuratzea interesatzen zaie”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.