Enpresa gehienak, oraindik planik gabe

Gipuzkoako hirurogei enpresak dute erregistratua berdintasun plana. Astelehenetik aurrera 50 langiletik gorako guztiek izan behar dute bat

Miren Garate

Espainiako Gobernuak hiru urteko epea eman zien 50 langiletik gorako enpresei berdintasun plan bat indarrean jartzeko. Pixkanakako egutegi bat finkatu zuen, urtez urtekoa, enpresen tamainaren arabera. 50-99 langileko enpresak ziren azken multzoa, eta astelehenean amaitu zitzaien plana erregistratzeko epea. Eustatek emandako datuen arabera, Gipuzkoan 50 langiletik gorako 572 enpresa daude. Berez, guztiek izan behar lukete berdintasun plan bat dagoeneko, baina ez da hala. Lan eta Gizarte Segurantzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak emandako datuen arabera, asteartean hirurogei plan zeuden erregistratuta Gipuzkoan; horietako lau, langileen ordezkarien oniritzirik gabe. Proportzioan ez dira asko tamaina horretakoak: %1,13. Alabaina, horietan aritzen dira langileen %40,36.

Baliteke lurraldeko enpresa gehiagok ere izatea berdintasun plana, eta beste nonbait egotea erregistratuta, legeak enpresa taldeei aukera ematen dielako plan bakarra egiteko lantegi guztietarako. Baina Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak ere astelehenean egindako agerraldi batean aitortu zuen enpresak ez direla araudia betetzen ari. Horregatik, iragarri zuen lan ikuskaritzak “zaindu” egingo duela berdintasun planak egiten dituzten. Sailburuordearen esanetan, sentsibilizazio faltak, plan batzuk beste nonbait erregistratu izanak eta berdintasun batzordeetako kideen prestakuntza faltak oztopatu dute plan gehiago egotea. Berdintasun planak egiteko betebeharraz gain, soldata arrakalari aurre egiteko beste tresna batzuk ere izan behar dituzte enpresek: hala nola, soldaten auditoria bat egin behar dute, eta soldaten erregistro bat ere izan behar dute.

Hauek dira berdintasun plana duten enpresetako batzuk: Fagor Automation, Gureak eta Ikei Research and Consultancy aholkularitza enpresa.

1.

FAGOR AUTOMATION

Sail guztiak orekatzen

Sektore maskulinizatua izan da makina-erreminta. Fagor Automationen, %25 soilik ziren emakumeak 1980an. Egun, dezente gehiago dira. Euskal Herrian 450 langile ditu kooperatibak, eta %40 dira emakumeak. “Ematen du kopurua ona dela, baina emakumeak fabrikazioan aritzen dira gehienbat”, aitortu du Ion Beltza zuzendari industrialak.

Kopuru hutsean baino gehiago, beste alderdi batean ikusten ditu hobekuntzak. “Oraindik ere, gizon gehiago daude I+G sailean, ingeniari lanetan, eta abar, baina egoera normalizatzen ari da, eta balantza orekatuz doa pixkanaka. Lanean jarraitzen dugu”. Kooperatibako organoetan ere emakumeek gero eta presentzia handiagoa dutela esan du: “Azkena izendatutako bi zuzendariak, kasu, emakumeak dira”.

Uste du berdintasun plana lagungarria izaten ari dela aldaketa horiek gertatzeko. 2018an onartu zuten. Beltzak kontatu du aurrena berdintasun batzorde bat sortu zutela. “Zuzendaritzatik eta kontseilu errektoretik gaia serio hartzera konprometitu ginen. Diagnosi bat egin zen, ekintza batzuk zehaztu genituen, eta ebaluazioak ere egiten ditugu, nola goazen ikusteko”.

Hautaketa eta sustapenari begira, protokolo bat martxan jartzea izan da planak ekarri dituen neurrietako bat. Hizkuntzaren arloan, “gida inklusibo” bat sortu dute. “Adibidez, gaztelaniaz, jefe, ingeniero eta horrelako hitzak asko erabiltzen genituen, eta lanketa bat egin dugu horri buelta bat emateko”. Fagor Automationen soldata arrakala badagoela onartu du: “Esan bezala, I+G postuetan emakume gutxiago daude, eta arrakala hortik dator. Lanpostu berean, gizonek eta emakumeek berdin kobratzen dute”. Lan segurtasunaren atalean, berriz, sexuan oinarritutako jazarpenari dagokion protokoloa egin dute.

2022an, kontzientziazioan eta sentsibilizazioan ari dira, batik bat, indarra jartzen. “Adibidez, otsailaren 11n, emakume zientzialarien egunean, ikastolako 14 urteko 45 neskatila etorri ziren Fagor Automationera. Ikasketetan nondik jo aukeratu behar dute orain. Lantegia erakutsi genien, eta gure lau zientzialari emakumek beren esperientzia partekatu zuten”. Urte amaieran dira hurrengo plana prestatzen hastekoak, eta orduan egin beharko dute balorazio zehatzagoa. Beltzak azaldu du pozik daudela. “Dagoen sentsazioa da aldatzen ari garela, gero eta inklusiboagoak garela. Bidea egiten jarraitzen dugu”.

2.

GUREAK

Prestakuntza, langile guztiei
GUREAK

Berezitasun nagusi bat du Gureak enpresak: langileen %84k desgaitasunen bat dute. Guztira 5.750 langile ditu taldeak gaur egun: %40, emakumeak. “Desgaitasunean oso zentratuta egon izan gara, beste diskriminazio bat baita hori ere. Baina, 2008-2009erako hasi ginen berdintasun planak egiten ere, eta konturatu gara gai hori ere oso garrantzitsua dela, batez ere desgaitasuna duten emakumeek diskriminazio bikoitza jasaten dutelako oro har”, esan du Katixa Mitxelena enpresako berdintasun teknikariak.

Adar asko ditu Gureak-ek —marketina, zerbitzuak, industria…—, baina bakoitzak bere berdintasun plana du. Planak egiten hasi zirenean ikusi zuten lehen gauzetako bat izan zen jardueraren araberako sexu bereizketa zutela. Industrian, logistikan, lorategiko lanetan… gizon gehiago ari dira; garbiketan, administrazio lanetan eta beste batzuetan, berriz, emakume gehiago. Horri heltzea izan da berdintasun planen erronketako bat. “Aurreiritziei aurre egin behar geniela ikusi genuen, eta garrantzi handia ematen diogu sentsibilizazio eta prestakuntza lanari. Giza baliabideetakoak, hautaketa prozesuak egiten dituztenak eta abar prestatu ditugu, eta ari gara ekintzak egiten bereizketa gutxitzeko”.

Sexu jazarpenaren aurkako protokoloa da berdintasun planen beste ildo nagusietako bat: “Garrantzi handia eman diogu, gure kolektiboa nahiko zaurgarria delako alde horretatik”. 2013tik 2016ra bitartean, langile eta arduradun guztiei eman zieten protokoloari lotutako prestakuntza. “Denbora eta diru asko inbertitu dugu horretan. 6.000 lagunengara iritsi gara”.

Orain arte egindako bidea kontuan hartuta, Mitxelenak esan du errazagoa dela gizonak sektore feminizatuetan sartzea, alderantzizko prozesua egitea baino. Pixkanaka, baina berdintasun planen emaitzak igartzen ari dira: “Jarraitu egin beharko dugu gauzak egiten, baina eboluzio bat ikusten ari gara”.

3.

IKEI

Legeak behartu gabe
Alambre, Ikei

Legeak ez zuen behartzen Donostiako Ikei Research and Consultancy aholkularitza enpresa berdintasun plan bat egitera, 35 langile baitutu —%57, emakumeak—, baina 2020an urrats hori egitea erabaki zuen, eta 2023ra arte indarrean egongo den plana onartu zuen. “Borondatez egin dugu plana”, esan du Maria Lopez proiektuen arduradun eta enpresako berdintasun batzordeko kideak.

Aurrena, berdintasunarekin lotutako konpromisoa sinatu zuen zuzendaritzak, 2019an, eta, kanpoko enpresa baten laguntzarekin, enpresaren azterketa bat egin zuten. Hortik etorri zen plana. “2020an bertan, lorpen nabarmen bat Ikeiko berdintasun batzordea eratzea izan zen; horri eman genion lehentasuna”. Enpresaren barruan ardura eta postu ezberdinak dituzten sei gizon-emakume daude batzordean. “Bi hilabetean behin elkartzen gara, eta batzordearen lana da berdintasun planaren jarraipena egitea, eta han jasotako helburuak lortzeko urteko ekintzak planifikatu eta martxan jartzea”.

Zazpi ardatz estrategiko eta bederatzi jarduera ildo jasotzen ditu planak. Horietako batzuk aipatu ditu Ikeiko arduradunak: sexu jazarpenaren aurkako protokoloa berritu dute; hizkuntza ez-sexistarako gida bat osatu dute; bi urtean behin egiten duten laneko asebetetze inkestan genero ikuspegia txertatu dute; prestakuntza saioak eta ikastaroak antolatu dituzte… Lopezen esanetan, hizkuntza ez-sexistarako gida bat osatu dute: “Aholkularitza enpresa bat garenez, idatzizko dokumentu eta ahozko bilera asko ditugu, eta hizkuntza egoki erabiltzeak garrantzi handia du”.

Berezia da aurtengo urteari begira antolatu duten jarduera bat ere: Karmele Jaio idazlearen Aitaren etxea nobelaren bi ale erosi dituzte, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta langileak txandaka ari dira irakurtzen. “Oso liburu interesgarria da, pertsonaia desberdinen bidez oraindik indarrean dauden eredu eta egitura patriarkalak agerian uzten dituelako. Bakoitza norberarentzat balio duenarekin gera daiteke”.

Horiek horrela, planaren balorazio positiboa egin dute Ikein. “Jarritako erronkak lortzen ari gara, eta gure enpresan pausoak ematen ari gara emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko”.