Tren txikiak, gozamen handirako bide

Tren txikiak, gozamen handirako bide

Julene Frantzesena

Trenekiko afizioak batu zituen Jose Juan Etxeberriaren (Iraeta, Zestoa, 1964) eta Patxi Goenagaren (Bartzelona, 1955) ibilbideak. Bost ontzako trenen bueltako Iraetako Trena elkartea sortu zuten hainbat lagunek 2015ean, eta, orduz geroztik, hainbat eta hainbat larunbat arratsalde igaro dituzte elkarrekin, Iraetan muntatua duten tren txikien zirkuituan.

COVID-19aren pandemia tarteko, bi urteko etena izan du trenen denboraldiak, baina “gogoz” hartu dute berriro hain gustuko duten egitekoa, eta joan den larunbatean ekin zioten aurtengo sasoiari; dozena bat lagunetik gora izan ziren Iraetako futbol zelaiaren ondoan dagoen zabalguneko trenen zirkuituan.

Bost hazbetekoak dira bidaiariak garraiatzeko gaitasuna duten trenik txikienak, eta, Goenagaren arabera, “erabilerrazenak” ere horiek dira. “Makinak beste zirkuitu batzuetara eramateko modukoak dira. Valentzian [Herrialde Katalanak] izan naiz oraintsu, eta lurrunezko tren bat eraman nuen hara; hura gidatzen ibili nintzen han”.

Horrez gain, baimenik gabe gida daitezkeen tren bakarrak ere horiexek dira. “Berdin dio 150 tonako trena den edo ehun kilokoa den, gidatzeko modua antzekoa da. Kontrola aldatzen da. Dena den, aldea dago tren elektrikoen eta lurrunezkoen artean; lurrunezkoak gidatzeko, ikatza eta ura kontrolatu behar dira, eta konplikatu samarra da”. Goenagari, ordea, horiek gustatzen zaizkio gehien. “Trenak gustatzen zaizkion pertsona asko ezagutzen ditut, baina lurrunezkoak gidatzen ez dira ausartzen; izan ere, oso konplikatua da”.

Euskal Herriko aurrena

Iraetako tren txikien zirkuitua 2015ean muntatu zuten lauzpabost lagunek. Proiektua kokatuta dagoen lurra Zestoako Udalarena da, eta zirkuituaz Iraetako Trena elkartea arduratzen da. Etxeberriak gogoratu duenez, duela zazpi urte “auzolanean” egin zuten muntaketa prozesua: “Udalak 2013an-edo erosi zituen errailak, Castejonen [Nafarroa], eta hilabete askoan biltegi batean eduki zituen gordeta. Herritar batzuk hasi ziren gaiarekiko interesa agertzen, eta udalak erabaki zuen proiektua aztertzea. Errioxara [Espainia] joan ginen, hango zirkuitu txiki bat ikustera, eta halako bat gurean jar zitekeela pentsatu genuen”.

Prozesu guztia “poliki-poliki” egin zutela adierazi du Etxeberriak. “Lehenengo, zirkuitu txiki bat eratu genuen, eta handik gutxira, luzeago bat. Gainera, tuneltxo bat eraiki genuen haurren gozamenerako, eta trenarekin lotura duten hainbat pieza ere ekarri genituen”. Zirkuituaren inguruari dagokionez, Goenagak zehaztu du bi edukiontzi dituztela piezak-eta gordetzeko. “Gainera, Zestoako sarreran zegoen trenarentzako hesia, hainbat seinale, piezak, Zestoako bainuetxearen sarreran zegoen diskoa, Durangoko geltoki zaharreko aulkiak… berreskuratu genituen, eta gaur egun hemen daude, zirkuituaren bueltan. Dena aprobetxatu dugu”.

Iraetakoa da Euskal Herrian muntatu zuten tren txikien lehen zirkuitu finkoa, eta oraino, bakarra, Etxeberriak azaldu duenez. “Orain beste bat ari dira muntatzen, Iruñean, Iraetakoa baino askoz ere handiagoa, aurrekontu handiagoarekin, bazkide askoren babespean eta erakunde publikoen laguntzaz”. Aurrekontua aipatuta, barreari eutsi ezinik da Goenaga, “hemengo lanek, gehienez, 22.000 euroko aurrekontua izan zutelako, eta Nafarroan muntatzen ari direnak 500.000 euro inguruko aurrekontua daukalako”.

Joan den larunbatean hiru tren jarri zituzten martxan, baina bost dauzkate eskura. Horietako batzuk erosiak dira, eta beste batzuk, berriz, Goenagak eginak. “Bost makinetatik hiru elektrikoak dira, eta bi, lurrunezkoak. Beste bat egiten ari naiz, baina proiektua da oraindik. Bukatzean, martxan jarriko dugu”.

Topaketa, ekainean

Tren txikiekiko daukaten afizioa Urolako trenarekin lotzen dute biek. “Hemen Urolako trena ikusi egin dugu, baina orain ez daukagu halakorik, eta Iraetako umeek ez dakite tren bat zer den. Ez dute ezagutu trena, nahiz eta, agian, telebistan edo Donostian ikusiko zuten”, esan du Etxeberriak.

Dena den, zaletasun “friki” samarra dutela aitortu dute biek ala biek, baita inguruan tren txikiekiko zaletasun handirik ez dagoela esan ere. “Bisitari ugari etorri izan dira, baina, batez ere, kanpokoak”. Zaletasun bera duten lagunei zuzenduta, tren txikien topaketa egingo dute aurten ere, ekainaren 25ean, egun osoz.

Zaletasuna ez ezik, lana ere bada, ordea, bi lagun horiek eta beste hainbat boluntariok egiten dutena. Izan ere, martxotik urriaren bukaerara, hilean bitan —larunbat arratsaldeetan— jartzen dituzte martxan trenak. “Ni espero izan gabe batu nintzen taldera”, esan du Etxeberriak. “Eta gustura aritzen naiz; izan ere, gustatu gabe ez dago hainbeste larunbatetan zirkuitura etortzerik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.