“Gure istorioa kontatu behar dugu, pilula txikitan”

“Gure istorioa kontatu behar dugu, pilula txikitan”

U. Zubeldia

Iazko apirilaren 29an estreinatu zuten Apaiz kartzela film-dokumentala, Donostiako Giza Eskubideen XVIII. Zinemaldian. Frankismo garaian Zamoran (Espainia) preso izan zituzten 53 elizgizonen kasua kontatzen du filmak, haien lekukotzen bidez. Ritxi Lizartza (Donostia, 1965) da zuzendarietako bat; Lasarte-Orian izango da bihar (20:00), Xabier Amuriza Zamoran preso egon zen apaizetako bat ondoan duela.

Urtebete beteko da laster Apaiz kartzela Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zenutenetik. Zer bide egiten ari da?

Estreinaldia dezente luzatu zen, eta zinema aretoetara, berriz, azaroaren 26an iritsi zen. Albisterik onena izan da Donostian sei astez egon dela ikusgai. Handia izan da hori. Madrilen, Bartzelonan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izan gara, eta herriz herri gabiltza orain. Laurogei saio baino gehiago egin ditugu jadanik, eta oraindik ere dezente mugitzea espero dugu. Solasaldia izaten da filmaren emanaldiaren ondoren, eta formatu erakargarria dela uste dugu. Lasarte-Orian, esaterako, Xabier Amuriza eta biok izango gara. Ipar Euskal Herrian ere laster hasiko gara filma mugitzen, baita Espainian ere.

Solasaldiek indar berezia ematen diote film bakoitzari?

Zalantzarik gabe. 50 urte geroago, 1968tik 1976ra Zamorako kartzelan egon ziren 53 apaizetatik lau —euskal herritarrak ziren berrogei baino gehiago— kartzelara bueltatu ahal izan ziren, eta bertara sartu ahal izan ziren. Eurengan sekulako zirrara eragin zuen horrek. Amuriza, gauza askotan, apaizen artean protagonista samarra izan zen kartzelan, eta orduan sortutako bertsoak kantatzen ditu dokumentalean. Solasaldia ez da izaten hamar minutukoa; luzea izaten da normalean, ordu erdikoa, 45 minutukoa… eta ordubetekoren bat ere egin izan dugu. Bertaratzen direnak harri eta zur gelditzen dira filmean kontatzen ez diren hainbat kontu entzunda.

Segoviako ihesa filmak sona handia izan du betidanik, baina Zamorako apaiz kartzela zergatik gelditu izan da itzalean?

Istorio hau ez dago kontatua, eta horrek ere ematen dio ukitu berezi bat lanari. Ikusten ari gara gaiak badaukala erakargarritasuna, nahiz eta ez den ezaguna. Guk zortea izan dugu apaiz gehienak oraindik bizirik harrapatu ditugulako; eurekin egotea luxu bat izan da guretzat. Protagonistak kolektibo bat izanda, are larriagoa da orain arte kontatu ez izana, baina badirudi aldeko haizea dagoela orain. Badaude kontatu beharreko istorioak; Maixabel, esaterako. Erakundeen eta komunikabideen babes handia dute horrelakoek. Baina guk ere gure istorioa kontatu behar dugu, pilula txikitan, eta badirudi orain indartzen ari dela bide hori.

Filmean badago bereziki hunkitu zaituen testigantzaren bat?

Gauza asko daude tartean. 80 eta 95 urte artekoak dira bizirik dauden apaiz guztiak, eta 80 urtetik gorakoak zirrara biziz kontatzen entzutea duela 50 urte nola torturatu zituzten… Oso gogorra da hori, eta, era berean, hunkigarria. Jon Etxaberen adierazpenak oso esanguratsuak dira, Martin Orberenak ere bai… Eta Amurizak berak ere kontatzen du zer harreman izan zuen bere aitarekin kartzelan egon zen bitartean. Gehien harritu nauena da 50 urte geroago denek jarraitzen dutela militante; kulturan, hizkuntza alorrean, politikan… Sendo jarraitzen dute.

Garrantzitsua da gazteenei ere Euskal Herriaren historia kontatzea, ezta? Transmisio hori galtzeko arriskurik badago?

50 urtetik gorakoa da gure saioetara joaten diren ikusleen batez besteko adina. Baten batek aipatu izan du ezker abertzaleko jendea ez dela ari joaten filma ikustera, eta penagarria da hori. Baina denek esaten digute material horiek transmisio lanerako oso garrantzitsuak direla, eta gure helburua da filmak bere bidea egin eta gero material pedagogikoa sortzea, Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoan eskaintzeko.

Apaiz horiek kartzelan egon zirenetik garaiak aldatu badira ere, Espainian pixkanaka indartzen ari da eskuin muturra. Nolabaiteko frankismo giro berri bat indartzen ari da?

Historia ziklikoa dela esaten dute, eta gizakiak bihurtzen omen du zikliko, aurreko akatsetatik eta bizipenetatik ez duelako ikasten. Garrantzitsua da gertaera historikoei buruz eztabaida bat sortzea, berriz ere zer etor daitekeen jakiteko, horren aurrean prest egoteko, eta, ahal dela, horren kontra borroka egiteko. Armamentua gora doa, eskubideak gero eta murriztuago dauzkagu, eta segurtasunaren izenean askatasuna galtzen ari gara, nahiz eta, ematen duenez, ez garen konturatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.