Erniarraitzen txapela jokoan

Erniarraitzen txapela jokoan

Andoni Elduaien

Gaur jokatuko dute XI. Erniarraitz bertso sariketaren finala, Azpeitiko gaztetxean, 22:00etan hasita. Txaber Altube, Oihana Arana, Oier Etxeberria, Urko Arregi, Irati Alcantarilla eta Unai Mendiburu bertsolariak Erniarraitz sariketako txapela janzten saiatuko dira. Finalerako sarrerak gaztetxean bertan jarriko dituzte salgai, gaur, 5 euroan, eta antolatzaile taldeko kideek bertsozaleei eskatu diete “garaiz” ibiltzeko: “Jendetza elkartu ohi da Erniarraitz sariketako finalean, eta gure asmoa da aurtengoa ere festa handi bat izatea”.

Gipuzkoako Herriarteko I. Txapelketaren (1999) ondoren sortu zituzten Erniarraitz elkartea eta sariketa bera. 2000ko otsailean osatu zuten elkartea, lagun talde baten ekimenez, eta handik bi urtera antolatu zuten lehen sariketa, 2002an. Laxaro Azkune da Erniarraitz bertsozale elkartearen sortzaileetako bat, eta hark dio helburua “beti” izan dela “bertsolari gazteei aukera ematea eta bertsozaletasunari bizirik eustea”.

Azkunek ondo gogoan du sariketa noiz eta nola jarri zuten abian: “Bailarako lau bat taldek parte hartu zuten lehen txapelketa hartan. Hogeitaka laguneko kuadrilla bat elkartu ginen, eta parte hartzea borobiltzeko egin genuen afari batean zera adierazi zuen Imanol Lazkanok: ‘Beste leku batzuetan egiten duten bezala, zergatik ez dugu hemen ere elkarte bat sortzen eta bertso eskola bat martxan jartzen?’. Hemen, artean, bertsolari bakoitzak bere kabuz funtzionatzen zuen, eta halaxe hasi ginen”.

Azkunerentzat “une bakoitzeko bertsolaritzaren ispilua” da Erniarraitz sariketa: “Gipuzkoako bertsolariekin hasi ginen lehendabizi, baina Bizkaira ere igaro ginen gero, eta baita Iparraldera eta Nafarroara ere”. Azkunek gaineratu du hogei urteotan sariketa ez dela asko aldatu, baina emakumezkoengan jarri du arreta: “Urteotan guztietan ikusi dugu bertsolari emakumezkoak ugarituz joan direla. Lehen, oso gutxi ikusten genituen bertsotan, eta bertsolaritza bera izaten ari den bilakaeraren seinale da emakumezkoak ugaritu izana”.

“Transmisiorako” sariketa

Erniarraitz elkarteak bi urtetik behin antolatzen du sariketa. Hiru kanporaketa jokatu dituzte aurten: Errezilen, Zestoan eta Azkoitian, martxoko lehen hiru igandeetan. Jon Gurrutxaga Erniarraitz bertsozale elkarteko kideak nabarmendu du “normaltasun betean” egin duten pandemia osteko lehenengo gazte sariketa izan dela eurena. “Guretzat garrantzitsua izan da sariketari heltzea eta bertsolari gazteei aukera ematea. Guztiek ondo erantzun dute kanporaketetan, eta, oro har, balorazio positiboa egin dugu, bai bertso mailagatik eta bai ikus-entzule aldetik”.

Gurrutxagaren arabera, kanporaketek “justizia” egin dute, eta gaurko finalean “kolore desberdinetako bertsolariak” izango dira. “Aberatsa izango da finala, Lapurditik Bizkaira arteko bertsolariak baitaude sailkatuta. Euskal Herri osoko sariketa da Erniarraitz, eta hori nabarituko dugu gaiei heltzeko moduan”. Era berean, sei finalistek “bertsokera desberdina” dutela ere nabarmendu du Gurrutxagak.

Erniarraitz Azpeitiko bertso eskolako talde eragile batek hautatzen ditu sariketan parte hartuko duten hemezortzi bertsolariak; 18 eta 25 urte bitartekoak izaten dira. “Bertsolarien izenak bileretara eramaten ditugu, geuk ikusi eta entzun ditugulako, edo, besterik gabe, proposatu egin dizkigutelako. Dena den, oreka mantentzen saiatzen gara lurraldetasunaren eta generoaren ikuspegitik. Etxeko bertsolariei ere aukera ematen diegu sariketan parte hartzeko”, esan du Gurrutxagak.

Bertsozale elkarteko kidearentzat “garrantzitsua” da sariketen zirkuituari eustea, haren esanetan horiek laguntzen baitute eskolartekotik plazara edo txapelketara bidea irekitzen: “Sariketetan zailtzen da bertsolaria. Jauzia handia da batetik bestera, eta kostatu egiten zaie, bai erritmo aldetik eta bai gaitegi aldetik”.

Erniarraitzeko kide Gurrutxagak azpimarra berezia egin dio bertsolaritzaren transmisioaren ideiari: “Jendeak jakin behar du gazteek bertsotan egiten dutela. Kultura bat sortu behar da horren bueltan, gaur egungoa baino kultura deserosoagoa, non bertsolari gazteei aukera emango zaien bertsotan aritzeko. Transmisioaren ideia erreala izango bada, jendeak kontuan hartu behar ditu bertsolari gazteak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.