Berezko ikastetxea izango du Larraulek

Berezko ikastetxea izango du Larraulek

Jon Miranda

Eusko Jaurlaritzak Larraulen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko berria sortzeko dekretua onartu zuen martxoaren 8an. 2022-2023ko ikasturtean, uztailaren 1etik aurrera, orain arte Asteasuko Pello Errota ikastetxeari atxikita egon diren ikasgela lekualdatuak bereizi egingo dituzte, eta udalerriko gizarte eta hezkuntza errealitateari erantzungo dion eskola propioa osatuko dute.

Maite Arana Larraulgo alkateak uste du eskola izaera eskuratzea bermea dela herriaren etorkizunerako. 261 biztanle ditu udalerriak, eta gisa horretako herri txiki baten nortasunari eusteak erakunde guztien ahalegina eskatzen duela adierazi du Aranak: “Uste dut [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailean ulertu dutela hori, zenbakiari baino gehiago begiratu diotela filosofiari”.

Gaur egun hemeretzi ikasle dauzkate eskolan, eta beste hiru ume hasi dira aurten haurtzaindegian. Antton Amonarriz kulturgunean ematen dituzte eskolak, eta joan den azaroko osoko bilkuran erabaki zuen udalak eraikinaren erabileraren izendapena aldatzea, eskolak ofizialki egoitza bertan izan dezan. “Aurrerantzean, Hezkuntza Sailarekin batera kudeatu beharko dugu azpiegitura hori. Beste erronka bati helduko diogu; beti bezala, gurasoekin lankidetzan”, esan du Aranak.

LARRAULGO ESKOLA TXIKIA

2008tik, Larraulen eskola zerbitzua ematea lortu zutenetik, ahalegin handia egin du Murgil guraso elkarteak. Bidean asko ikasi dutela azaldu du Estitxu Eizagirre elkarteko kideak: “Aldameneko herrietara mugitu gabe, gure umeek bertan ikasteko aukera izan zezaten hasi ginen eskola lortzeko borrokan, eta denborak arrazoi eman digu”. Eizagirreren hitzetan, pandemiaz, klima aldaketaz eta mugikortasun jasangarriaz hitz egiten den garaiotan, bizi kalitatea da 2 urteko ume bat eskolara oinez joan ahal izatea. “Munduaren bilakaerak erakusten digu neurriko eta tokian tokiko egitasmo txikiak lantzea dela biderik egokiena”.

Orain arte elkarrekin aritu dira Larraulgo eta Asteasuko eskolak, baina pixkanaka ikastetxe bakoitza bere izaera propioa hartuz joan dela adierazi du Onintza Elduaien Asteasuko Pello Errota ikastetxeko zuzendariak. “Hasieran egiten genituen ekintza batzuk elkarrekin, baina pixkanaka banatuz joan ziren gure bideak, modu naturalean”. Eizagirrek gaineratu du lehen ere “eskola gisa” sentitzen zituztela herrian zituzten ikasgela desplazatuak, baina, era berean, balioa ematen diotela orain eskola propioa izateko erabakiari: “Urteetan izan ez ditugun egonkortasuna eta eskola bati dagozkion baliabideak emango dizkigu”.

‘Bidean’ proiektua, martxan

Larraulgo eskolak izan duen garapenarekin daude bereziki gustura gurasoak. “Oso harro eta pozik gaude pedagogikoki egin duten bidearekin. Gure umeen eskola kalitatea jaso dezaketen onena da”, esan du Eizagirrek. Lauzpabost urte dira Larraulgo eskolan Bidean izeneko proiektu pedagogikoa martxan dutela. Tailerretan banatzen dituzte espazioak, eta umea bera jartzen dute ikasketa prozesuaren erdigunean.

Koldo Rabadan Larraulgo eskolako irakaslearen ustez, aspalditik dago zabalik eskolaren eta gurasoen arteko konfiantza esparrua, eta horrek erraztu egin die jauzi kualitatiboa ematea eta aurrerako urratsak egitea. “Ikasleen alboan gaude, baina horrek ez du esan nahi irakasleak geldi edo etengabeko behaketan gaudenik. Gu egunero saiatzen gara haurretako bakoitza indartzen. Esku hartze asko egiten ditugu, baina esku hartze bakoitza errespetuan oinarritutakoa da”, azpimarratu du Rabadanek. Haur bakoitzaren garapen egokia bilatzeko ahaleginean jarduten dute irakasleek.

LARRAULGO ESKOLA TXIKIA

Eskola propioa sortu arren, umeen beharrak “iparrorratz” izaten jarraituko duela nabarmendu du Eizagirrek: “Haur gutxi egoteak dakar haur horietako bakoitzaren beharrak guztion behar bihurtzea. Ezin diogu erreparatu kopuruari. Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu guk, ume bakoitzaren beharrak asetzen jarraitzeko”.

Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola sortuta, Larraul eskola txikien sarean sartuta egongo dela adierazi du Hezkuntza Sailak. Irailean, ikasturtea hastearekin batera, festa bat antolatzeko asmoa dute guraso, irakasle eta ikasleek elkarlanean. Bidean doazela beste geltoki bat erdietsi dutela ospatzeko festa izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.