Elixabet Eizagirre: “Sahararren egoera ez da ateratzen komunikabideetan”

Elixabet Eizagirre: “Sahararren egoera ez da ateratzen komunikabideetan”

Miren Garate

Sahararrek 46 urte daramatzate kanpalekuetan bizitzen, eta azken bi urteak “nahasmen handikoak” izan direla esan du Elixabet Eizagirrek (Leaburu, 1984), Oporrak Bakean programaren Gipuzkoako koordinatzaileak. Pandemiak nazioarteko laguntza jasotzeko aukera mugatu zien, eta, egoera horren erdian, 2020ko azaroan, gerra hasi zen berriz ere. Beraz, aita, osaba edo anaia gerran utzita etorriko dira haur batzuk ekainean, “eta ez dute jakingo itzultzen direnean senide hori bizirik egongo den edo ez”.

Martxoaren 27an amaitu zen Oporrak Bakean programan harrera familia gisa izena emateko epea. Zenbat animatu dira?

Nafarroan oraindik zabalik dago epea, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 110 familia lortu ahal izan ditugu. Kanpaina espresa izan da, eta hutsetik hasi behar izan dugu. 50 familia lortzea jarri genuen helburutzat; beraz, oso pozik gaude.

COVID-19aren eraginez, aurreko bi urteetan ez da egon Oporrak Bakean programarik. Nola eragin dizue horrek?

Sahararrek 12 urte egin arte izaten dute etortzeko aukera, eta, azken bi urteotan programa izan ez denez, 2019ko udan egondako haurrik ez da etorriko aurten, adinagatik. 8 urteko haurrak izango dira denak. Harrera familia batzuek errepikatuko dute, aurrez hartutako haurren baten senideren bat etorriko delako edo beste familia batekin animatu direlako, baina gutxi dira. Aurreko urteetan 310 haur ekartzen genituen, eta 180 familia errepikatzailerekin hasten ginen. Aurtengo ahalegina izan da zerotik 110 familiara iristea.

Zein baldintza bete behar izaten dituzte haurrek etorri ahal izateko?

Derrigorrezkoa izaten da eskolatuta egotea eta ikasturtea gainditua izatea. Haur asko dira, eta oso zaila da hainbeste familia lortzea. Orduan, Saharako Gobernuak irizpidetzat jaiotza hilabetea jarri du: 2014an jaiotakoak dira etorriko diren guztiak, eta urtarrilekoekin hasiko dira, prest dauden harrera familia guztiak osatu arte. Aurten jarri duten beste baldintza da gurasoek txertatzeko baimena eman behar dietela seme-alabei; bestela, ezingo dira etorri.

Urte asko ari da irauten Saharako gatazka. Horren eragina ere igartzen duzue?

1986an etorri ziren Gipuzkoara lehen haurrak, baina programa 1979an sortu zen. Ordurako lau urte zeramatzaten errefuxiatuen kanpalekuetan; udan haur asko hiltzen zirela ikusi zuten, eta laguntza eskatu zuten. Urte oso onak izan direnean, 10.000 haur ateratzea lortu izan da. Baina, esan bezala, urte asko daramatzate egoera horretan, programak ere urte pila bat daramatza, janari bilketek ere bai… Askotan entzun behar izan dugu berriz ere gauza berarekin ari al garen, baina sahararrek han jarraitzen dute, kanpalekuetan.

2020ko azarotik, gainera, gerran daude. Nola daude?

Gerra hasi da Ukrainan, eta munduko gerra bakarra Ukrainan dagoela dirudi; sahararrek urte bat eta bost hilabete daramate gerran berriro, baina haiena ez da ateratzen komunikabideetan. Zaila da sahararren egoera nola edo hala plazaratzea: jendeari esatea hildakoak daudela; udan gure etxera etorriko diren haurrek aita, osaba edo anaia zaharrena agurtu dituztela ekain erdialdean, Lotsaren Harresira joan direlako gerrara, eta ez dakitela Oporrak Bakean programatik bueltatzen direnean senide hori bizirik egongo den; orain dela urte batzuk gure etxeetan egondako haurrak dagoeneko helduak dira, soldadu egin dira, eta hildakoetako batzuk Oporrak Bakean programarekin Euskal Herrian egondako haurrak dira.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Marokoren autonomia plana babestu du. Nola hartu dute sahararrek?

PSOEk askotan egiten dizkie horrelako gauzak sahararrei. Orain zain daude, ea hurrengo pausoak zein diren. Alde positiboa da, gutxienez, Saharako egoera mahai gainean jartzeko balio izan duela. Jendea kalera atera da babesa erakusteko. Urte gehiegi dira herri bat desertuaren erdian edukitzeko eta herri bat Mendebaldeko Sahara okupatuan Marokoko banderarekin edukitzeko. Horrek irtenbide politikoa dauka, eta, bitartean, elkartasuna adieraziz, beren ondoan jarraituko dugula adierazi behar diegu.

Kanpotik iristen zaien laguntzaren mende bizi dira kanpalekuetan. Zein da egoera?

Pandemiarekin, munduko muga guztiak itxi zituzten, eta laguntzarik gabe geratu ziren kanpalekuetan. Pandemiaren erdian ginela, 2020ko azaroan, gerra berpiztu zen, eta horrek ere eragina izan du. Kanpalekuetan ez dago lan egiteko aukera handirik, baina gutxienez denda txiki bat izan dezakezu, taxilari lanak egin, medikuak eta irakasleak daude… Baina gizonezkoek harresira joan behar izan dute, eta haien falta igartzen da. Oporrak Bakean programa ere ez denez egon, haur gehiago izan dituzte bi hilabetez elikatzeko. Nomada gisa bizi direnek ere kanpalekuetara itzuli behar izan zuten. Nahasmen handia izan dute azken bi urteetan.

Ukrainako gerrak eragin al du Sahararekiko elkartasunean?

Ez bereziki; gauza desberdinak dira, eta jendeak badaki.

Leave a Reply

Your email address will not be published.