Ezagutzaren transmisioan

Ezagutzaren transmisioan

Unai Zubeldia

Non begiratu dezaket 36ko gerraren ondoren Euskal Herrian jendea nola bizi zen? Nola lor dezaket informazio hori?”. 11 urteko neskato batek Eskoriatzako liburutegian egin zuen galdera horrek piztu zuen ordura arte herrian eman gabe zeukaten pauso bat emateko grina. “Informazio hori, agian, etxean izango zuela erantzun genion guk, aitona-amonei galdetzeko, saiatzeko informazio hori etxean lortzen”, azaldu du Iñaki Agiriano Eskoriatzako liburutegiko arduradunak. “Anekdota txiki bat besterik ez zen izan galdera hura, baina gerora hausnartzen hasi ginen hutsune hori betetzeko belaunaldien arteko zubiak eraiki beharko ote genituzkeen”.

Hasierako txinparta horri tiraka gorpuztu zuten Eskoriatzan Kataia eten barik-Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu egitasmoa, 2012an. “Aurretik, 2008an, herriko adineko batzuk gonbidatu genituen liburutegira, ikasleekin batera nolabaiteko topaketa batzuk egiteko”, zehaztu du Agirianok. Adinekoen testigantzak lortzeko “zailtasun dezente” zeuzkatela jabetuta, ordea, lehiaketa bat abiaraztea hobea izango zela erabaki zuten gero, eta azken hamarkadan sariketa hori izan da Eskoriatzan belaunaldien arteko transmisio lana bermatzeko biderik zuzenena.

Eskoriatzako eskoletako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleekin harremanetan jarri ziren liburutegiko arduradunak, eta 2012an bertan hemezortzi lan jaso zituzten jada. Pausoka-pausoka, zortzigarren ekitaldia izan da aurtengoa —2013an, 2015ean eta 2020an ez zen izan sariketarik—, eta gaur arratsaldean banatuko dituzte aurtengo ekitaldiko sariak —aurten 12 urte beteko dituzten ikasleak dira parte hartzaileak—. 18:30ean hasiko da ekitaldia, Eskoriatzako Zaldibar antzokian. Herriko Beheko Errota musika eskolako ikasleek Jostailugilea ipuin musikatua eskainiko dute lehenengo, eta 19:00ak aldera banatuko dituzte aurtengo lehiaketako sariak. Edonorentzat zabalik egongo dira kultur etxeko ateak, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko sartzeko.

BEHEKO ERROTA MUSIKA ESKOLA

Bost kidek osatu dute epaimahaia aurten: Arantxa Unzueta Eskoriatzako Udaleko kultur teknikariak, Mari Carmen Arrieta euskara teknikariak, Puri Regidor Kultura zinegotziak, Oskar Loiti Eskoriatzako liburutegiko langileak eta Agirianok berak. Azken horrek zehaztu du hirurogei ikaslek baino gehiagok parte hartu dutela aurten. “Hiru adar daude Arizmendi Almen ikastolan, eta Luis Ezeiza herri eskolan beste bat. Lan on asko jaso dugu, eta bi sari banatuta motz geldituko ginela ikusi genuen, nahiz eta sariketaren oinarrietan hala zehaztuta dagoen. Aurten, horregatik banatuko ditugu lau sari, ikasleen ahalegina eskertze aldera”. Urtero bezala, saridun bakoitzak aitona-amonen aurrean irakurriko du bere lana.

Gaur egun gizartea ezagutzaren transmisio lan horretan “trabatuta” dagoela uste du Agirianok. “Etxe txikietan bizi gara orain, aitona-amonak eta euren bilobak ez dira elkarrekin bizi egun; nolabait esatearren, erresidentzietan baztertuta-edo dauzkagu gure aitona-amonak, eta galdu egin da garai bateko transmisio natural hori. Baserriko sukaldean bizipen ugari sortzen zen egunerokotasun horretan”. Beste bide batzuetatik bada ere, lehiaketaren bidez lanketa hori egitea ere bada Eskoriatzako liburutegiko kideen helburuetako bat. “Izan ere, biografia lanetan konturatzen gara gazte askok ez zeukatela aitona-amonen istorio askoren berri”.

“Giro magikoa sortzen da”

Aitona-amonak eta euren bilobak sari banaketan parez pare jarrita, “oso momentu gozoak eta bereziak” sortzen direla ziurtatu du Agirianok. “Aitona-amonak eurak eszenatokian bertan aulki batean eserita, biloba aldamenean eurek bizi izandako pasarteak irakurtzen, inguruko isiltasun hori… Giro eta harreman berezia sortzen da, magikoa”. 2012an, lehenengo urtean, liburuxka batean bildu zituzten ikasleek egindako hemezortzi lanak. “Baina ordutik ez dugu egin bilketa lan berezirik; nahi duenarentzat liburutegian bertan daude ikusgai lan guztiak”, zehaztu du Agirianok. “Oso proiektu lokala da, baina Eskoriatzatik kanpokoentzat ere izan daiteke eredu, izan dezake indarra”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.