Anjel Mari Elkano: “Eredu berria zer den hemendik urte batzuetara ikusiko dugu”

Anjel Mari Elkano: “Eredu berria zer den hemendik urte batzuetara ikusiko dugu”

Miren Garate

Badira urte batzuk Ikastolen Elkarteak Kilometroak jaiaren gaineko gogoeta hasi zutela, eta, eredu berrian, Milimetroak egitasmoa antolatu dute Oiartzualdeko hiru ikastolaren eta aurtengo Kilometroak antolatzea dagokion Ibarrako Uzturpe ikastolaren artean. Apirilaren 26an izango da, Errenterian, eta herritarren eta herrien burujabetza izango ditu ardatz. Errenteriako Orereta ikastolako irakaslea eta 2023ko Kilometroen arduradunetako bat da Anjel Mari Elkano (Errenteria, 1958). “Atzera begiratuz, aurrera egin nahi dugu”.

COVID-19aren pandemiak atzeratu egin du, baina Kilometroen eredu berria prest daukazue, eta Milimetroak egitasmoa antolatu duzue. Zer helburu jarri dizkiozue?

Ibarrako Uzturpe ikastolari dagokio aurtengo Kilometroak antolatzea, eta hura eta Oiartzungo Haurtzaro ikastola, Pasaia-Lezo lizeoa eta Orereta ikastola bildu ginen, eta helburu batzuk jarri genituen: ikasleak ekimenaren protagonista bihurtzea; herriko eragileekin elkarlanean antolatzea eguna; Euskal Herriko historiari eta memoriari buruzko gogoeta egitea; eta hori guztia euskaraz biziz eta euskaraz gozatuz egitea.

Zeren bueltan antolatu duzue Milimetroak?

Aipatutako helburu horiek jarrita, zer egin pentsatzen hasi ginen, eta apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena denez, eta mundua nola dagoen ikusita, aukera polita iruditu zitzaigun aldarrikapenerako: herri hau suntsitu nahi zuten, baina hemen gaude, bizirik. Ukrainako egoera bor-bor dago orain, baina hor dago Sahara ere, Palestinak hamarkadak daramatza okupatuta… Arrantzalearen figura erabiliz, atzera begiratuz, aurrera egin nahi dugu. Apirilaren 26a aprobetxatuko dugu bonbardaketari buruzko gogoeta egiteko, eta herritarren eta herrien burujabetzaren aldarria egiteko.

Nolako egitaraua prestatu duzue?

DBHko ikasleak elkarlanean jarri ditugu, eta, egun horretan, goizean, Gernika artelanaren bertsio bat egingo dute. Errenteriako Jaurtakol plazan egongo da ikusgai. Emaitza ez dakigu nolakoa izango den, baina prozesua bera oso polita izan da. Eguna diseinatzeko, plastikako irakasleak aurretik bildu dira, eta ikasleen ordezkaritza bat ere bai. Elkar ezagutzeko balio izan du egitasmo honek.

Festa kalera atera ohi du Kilometroak jaiak. Hala egingo dute Milimetroek ere?

Gure DNAn dago hori: herritik sortuak gara, eta komunitatearekin bat egin dugu beti. Apirilaren 26an ere, 19:00etatik aurrera, ordubete inguruko emanaldi bat egingo dugu Errenteriako plazan. Gernikan merkatu eguna zen bonbardatu zutenean, eta hori irudikatuko dugu. Herriko eragile ugarik bat egin dute: herriko dantza eskolak, Kukai taldeak, Haritzaren Itzala taldeak, Mikel Urdangarin eta Andoitz Antzizar musikariek… Ukrainako eta Saharako ikasleak ere baditugu herrian, eta egoeraren berri emango dute.

Zenbat Milimetroak ospakizun izango dira aurten?

Bi: Oiartzualdeko ikastolok orain egingo duguna, eta maiatzean Tolosaldean egingo dutena. Lehen, egun bakarrera mugatzen zen guztia, eta sekulako arrakasta izan du Kilometroak jaiak, baina bazegoen agortze prozesu bat. Gogoeta bat egin ondoren, helburua da urtean zehar eskualde ezberdinetako ikastolak biltzea eta ekimen txiki batzuk egitea. Horrelako zerbait egiten den lehen aldia da, eta, eredu berria esaten diogun arren, eredu berria zer den hemendik urte batzuetara ikusiko dugu.

Urriko lehen igandean izaten dira Kilometroak, eta aurten Ibarrako ikastolak antolatuko du. Nolakoa izango den aurrera dezakezu?

Irribarrearen kontzeptuarekin lan egin nahi dute. Bi urtean musukoaren mende ibili ondoren, irria izango da nagusi, baina gehiago zehazterik ez dut. Errenterian 2023an izango dira Kilometroak, eta Gipuzkoako ikastola guztiak parte izango diren zerbait antolatzea darabilgu buruan, baina oraindik ez naiz gai ezer aurreratzeko. Aurtengo Milimetroak Errenterian zentratzea erabaki dugu, datorren urtean antolatuko ditugun Kilometroen abiapuntu izan dadin.

Oiartzualdeko hiru ikastola ari zarete antolaketa lanetan. Nolako ikastolak zarete?

Handiak, hiruzpalau lerroko ikastolak baikara. 60 urte inguruko ibilbidea dugu, eta denok dugu kezka bat: nola egin herri honek behar duen hezkuntza sistema bat eraikitzeko bidea. Hezkuntza Legea bolo-bolo dabilen honetan, badago zer hausnartu. Euskararen herria aitortzarik gabeko herri bat izanik, nazio izaerari heltzeko lan honetan badaukagu erronka bat ikastolok. Hiru ikastola handi gara gu, baina ikastolen sarean 112 dira guztira, eta denetik dago. Gure apustua beti izango da elkarlana. Elkartasun kutxa eta abarrak ezinbestekoak dira herri honi zor zaion hezkuntza sistema eraikitzeko; hau da, herri honek merezi duen curriculum propioa lantzeko, eta gure ikasleek munduari Euskal Herriko talaiatik begiratzeko, elkartasunez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.