Arnasgune zaurgarria

Baliarrain.

Mila biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan hitz egiten da gehien euskaraz, eta multzo horretan sartzen da, beste askorekin batera, Baliarrain. 140 biztanle ditu, eta azken kale neurketak berretsi egiten du euskara dela hizkuntza nagusia hango kaleetan: entzundako elkarrizketen %87,7 izan dira euskaraz. Arnasgune da oraindik ere, baina erabileran atzerakada dagoela erakusten dute datuek, 2017an elkarrizketen %91,1 izan baitziren euskaraz. “Hemen 50 etxe daude, eta etxe baten salerosketak eragina izan dezake portzentajean, familia horren hizkuntza ohituren arabera. Arnasgunea gara, baina arnasguneak ere oso zaurgarriak gara”, esan du Josu Ozaita zinegotziak.

Azken kale neurketan, bada atentzioa ematen duen datu bat: ia haur guztiak (%99,7) euskaraz entzun dira, baina 15 eta 24 urte arteko gazteen artean, elkarrizketen erdiak (%52,9) soilik izan dira euskaraz. Ozaitak ez dio aparteko garrantzirik eman horri. “Ostatua dugu, eta neurketa egiten asteburuan ere ibili dira. Larunbat edo igande batean, kalean dauden gehienak ostatura bazkaltzera etorritakoak izaten dira. Baliarraingo gazteek gehiago erabiltzen dute euskara”.

Zehaztu du hiruzpalau herritar baino ez direla euskaraz ez dakitenak. “COVID-19a etorri aurretik, euskara ikastaro bat eskaini genien haiei, eta astero biltzen ginen modu informalean euskara ikas dezaten”. Kontatu du Euskaraldia iristen denean ere ez dutela askorik igartzen, bestela ere euskara erabiltzen dutelako herritarrek. “Horregatik, hitanoa lantzeko asmoa dugu aurten, guk ere senti dezagun Euskaraldia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.