Gurasoenetik irteteko bultzada

Aretxabaletako Udalak diru laguntzak emango ditu gazteen emantzipaziorako. 18-35 urtekoei soilik ez, etxe hutsak dituztenei ere eman nahi die bultzada, alokairuan jartzeko.

Maria Ortega Zubiate

Gazteak emantzipatzeko adina gora egiten ari dela ohartarazi dute zenbait adituk azken urteotan; gazte horien soldatak izozten edo beherantz egiten ari diren bezalaxe. Horrek kezka piztu du Gipuzkoako zenbait herritan, eta urte hasieratik Debagoienean igarri zuten horren inguruko mugimendua. Oñati izan zen lehena, Oñatin bizi nahi dut dokumentalarekin. Orain Aretxabaletak hartu ditu neurriak: udalak jakinarazi du 18 eta 35 urte bitarteko gazteei diru laguntzak eskainiko dizkietela emantzipazioa bultzatzeko.

“Etxebizitza bat eskuratu ahal izatea beharrezko urratsa da gazteek beren bizi proiektua garatzeko. Emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da, eta gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzeko aukera bat izan daiteke laguntza ekonomiko hau”, azaldu du Xabi Otxoa Aretxabaletako Hirigintza zinegotziak. Izan ere, udalak argi du emantzipatzeko lehen oztopoa “baliabide ekonomikorik eza” izan daitekeela. Horri irtenbide errazena emango diona “alokairua bultzatuko duen laguntza” dela ondorioztatu du, beste aukerarik aztertu badu ere: “Alokairuko etxe batzuk erostea edo eraikitzea, esaterako. Baina, udal bakoitzak duen egoeraren arabera, gauza batzuk egin ditzakegu edo ez. Herrian ezin ditugu egin horrelako proiektuak; ez dugu ahalmenik horretarako”.

30.000 euro bideratu dituzte alokairuen laguntzara. Aurtengoa da lehen aldia, eta, horregatik, posible da hurrengo urteetan aurrekontu hori handitzea edo txikitzea: “30.000 euroko kopuru hori erregulatzen joango gara. Eskaera handia badago, handitu egingo dugu; kontrara, gazte gutxi badaude, murriztu”.

Baldintzak

Hilero, ehun eta 250 euro arteko laguntza jasoko dute gazteek, baina baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte horretarako, Otxoa zinegotziak esan duenez. “Aretxabaletarrentzako dira laguntzak, ez unibertsitatera datozenentzako. Horregatik, baldintza asko daude: gutxienez, bi urtez egon beharko dute erroldatuta Aretxabaletan; gehienez 650 euroko alokairua duten etxebizitzetarako izango dira laguntzak; pertsona bakar batek alokatzen badu, urteko irabaziek familia baten kasuan baino baxuagoak izan beharko dute…”.

Oraindik goiz da Aretxabaletan hartu berri duten neurria arrakastatsua izan den edo ez jakiteko: hori uste du Otxoak, baina azaldu du gazteek interesa erakutsi dutela. Hala ere, udalaren diru laguntzek ez daukate helburu bakarra. “Neurri honekin nahi duguna da etxebizitza hutsak dituzten herritarrak animatzea, ikusita proiektuaren atzean udala dagoela”. Izan ere, emantzipatzeko orduan den beste oztopo handi bat “etxebizitza eskasia” dela esan du Hirigintza zinegotziak: “Aretxabaletako etxe agentzia batera joanez gero, ez dago eskaintzarik alokairuan; jendeak ez du alokatu nahi bere etxea. Badakigu badaudela batzuk, baina ahoz aho mugitzen dira horiek, eta ez dira inon argitaratzen”.

Udalak horregatik eman nahi die bultzada etxea alokatzeko beldur diren jabe horiei, baina kasu horretan ere goiz da arrakasta izan duen jakiteko. Dena den, Otxoak esan du Aretxabaletan berria zabaltzen ari dela pixkanaka, eta baikor agertu da: “Badakit ahoz aho zabaldu dela albistea, eta dagoneko heldu zait zenbaitek badutela interesa”.