“Txisturako garrantzitsutzat jotzen dut dantzak jakitea”

“Txisturako garrantzitsutzat jotzen dut dantzak jakitea”

Asier Imaz / Eneritz Maiz

Ia saltsa guztiak ditu gustuko Garikoitz Llobregatek (Tolosa, 1980). Umetatik hasi zen musika ikasten, eta urte mordo bat darama txistua jotzen. Txistuari esker sartu zen segaren munduan, eta kantuan ere “gustura” aritzen da. Kultura “asko zaindu beharreko herri jakinduriatzat” dauka: “Dena da kultura”, esan du.

Nongoa sentitzen zara?

Altzokoa eta Tolosakoa: bietako parte naiz. Nire bizitza ezin da ulertu bata eta bestea gabe. Tolosan jaio eta 13 urtera arte bertan bizi izan nintzen; gero, Altzora joan ginen bizitzera. Altzorekin umetatik izan dut lotura handia. Ama bertakoa dut. Eta, orain, azken hamar urteetan, Tolosan bizi naiz berriz ere. Gurasoak, ordea, Altzon bizi dira.

Herri handi baten eta txiki baten artean saltoka bizi izan zara, beraz.

Bai. Goikoentzako, kalekumea naiz; eta behekoentzako, baserritarra; gauza arraro bat da. Baina bikoiztasun horretan eroso bizitzen ikasi dut. Neronek ere ez dakit argi neure burua nola definitu beharko nukeen.

Zenbat aldiz entzun duzu: “Kalea ala baserria”?

Oraindik ere askotan entzuten dut. Momentu batzuetan, kalea; eta, beste batzuetan, mendiak ere badu bere erakarpena. Biek dituzte oso gauza onak eta oso gauza txarrak. Biak hartuko nituzke, baina bietako bat aukeratu behar izanez gero, orain oso gustura nago kalean. Hori bai, neure burua ere ez dut betirako kalean ikusten.

Nondik datorkizu txisturako sena?

Tolosan, Amarotzen bizi ginela, Xabier Zelaia Txirrita-k musika eskola bat zeukan, eta auzoko musika eskola horretan hasi nintzen. Txistua irakasten zuen berak. Ezer berezirik gabe, hortik hasitako kontua da. Gerora, afizioak eta ofizioak bat egin zuten nolabait.

Zenbat urterekin hasi zinen txistua jotzen?

Musika ikasten 6-7 urterekin hasiko nintzen, eta txistua 9 bat urterekin hartuko nuen.

Berezkoa edo ikasia izan da zuretzat txistua?

Ikasia, noski. Belarriak berezko zerbait behar duela iruditzen zait, baina lana da zatirik handiena. Osagai artistikoa, belarria, nahi duzun guztia, ikasi egiten da, eta normalean ez da galtzen. Beste osagai garrantzitsua, berriz, entrenamendu fisiko hutsa da; jo eta jo eta jo. Ez dago beste neurririk. Txistuko ikasketak 18 bat urterekin amaituko nituen. Garai hartan Tolosan kontserbatorioa zegoen, eta tituluak ere atera zitezkeen. Tituluarekin eta serio samar ikasita atera nintzen handik, baina gero ez dut izan irteera profesionalik. Argiketaria naiz, eta horretara bideratu dut nire bizitza profesionala. Txistu asko jo dut, baina ez profesionalki.

Aukerarik izan zenuen txistua ofizio bihurtzeko?

Bai, baina aita argiketaria zen, eta lanera bideratu ninduen berekin. Bide hori naturalagoa izan zen. Etxeko kontuengatik, argiketari ikasketak egin nituen, eta urtebetean saiakera bat egin nuen ingeniaritzan; ez naiz damutzen utzi izanaz, baina orain dakidan guztia jakinda, ez nukeen utziko. Lanerako oso urte onak izan ziren, eta pare bat udatan lana egina nuen; poltsikoan dirua ikusten da horrelakoetan. Gero ikasten hasi, dirurik ez nuen, gaztea nintzen… eta, argiketari titulua banuenez, utzi egin nuen.

Lanean hasita ere, txistua garrantzitsua izan da beti zuretzat?

Bizitza paralelo bat izan da; ez dut esango lanean adina ordu sartu ditudanik, baina ez nintzen urruti ibiliko. Orain bestelako lotura batzuk ditut familiarekin-eta, baina 30 bat urte arte bateko entseguak, besteko bilerak… Txistuaren bueltan ibiltzen nintzen beti; urteak igaro ziren niretzako astebururik gabe. Dantza taldeetan eta horrelako elkarteetan ibili izan naiz ni txistulari gisa, eta, azken finean, lagun artean egoten zara hor; ez da izaten kuadrillaren hainbesteko beharrik-edo. Lotura bat egoten da kideen artean, gustuko gauza bat egiten aritzen gara, eta, tartean, hor daude parrandak ere. Konpromiso handia eskatzen du, noski, baina gustuko konpromisoa da.

Nondik nora ibili zara txistulari gisa?

Ni, batez ere, Tolosako Udaberri dantza taldean ibili izan naiz txistulari gisa. 12 urterekin hasi nintzen bertan txistua jotzen. Dantzan ere aritua naiz zertxobait, eta txistua jotzeko oso garrantzitsutzat jotzen dut dantzak jakitea. Dantzariari lagundu egin diezaiokezu txistuarekin edo oztopatu. Dantzaren egiturak ikasten dira, eta oso ezberdina da partiturei begira jotzea edo dantzariei begira jotzea. Batak bestea osatu behar du. Villabonako Oinkari dantza taldea, Ibarrako Alurr… Gure inguruan, azkenean, ez ginen txistulari asko, eta beti berdintsuak izan gara Tolosaldeko dantza taldeetan ibili izan garenak. Dena den, nik beti esaten dut Udaberri dantza taldeko txistularia naizela.

Zer harrera izaten du txistuak?

Hemen ez du arretarik pizten. Gainera, desorduetan jotzen dugu normalean, goizean goiz. Kanpora joandakoan, berriz, arraro ikusten dute, baina han ere ez du arreta berezirik pizten.

Garai bateko erritmoari eusten diozu gaur egun ere?

Askoz lasaiago nabil, baina tarteka txistua jotzen dut batean eta bestean; bertsolariekin gai jartzen ere ibiltzen naiz; sega kontuak geldiago daude orain, baina orain hasiko da hazten belarra… Lehen baino gutxiago ibiltzen gara, baina saltsa guztietan sartuta jarraitzen dugu.

Nolatan sartu zinen segaren munduan?

Kasualitatez. 2003ko kontua da. Euskal Herrian bada Almitza sega elkartea, eta banuen haren berri; urte hartan Alemaniako txapelketa batera joan behar zutela-eta, dantzariak eta musikariak behar zituzten. Beste txistulari bat zen joatekoa, baina hark ezin zuela joan, eta nirekin jarri ziren harremanetan. Txistua jotzea zen nire egitekoa. Harri jasotzaile, aizkolari, dantzari, txistulari… Hogei lagun baino gehiago joan ginen.

Hor izan zenuen lehen kontaktua herri kirolekin?

Barrutik, bai. Ez du zerikusirik herri kirolekiko hemen daukagun ikuspegiak eta Europako iparraldean daukatenak. Guk kirol desafio aldetik bakarrik ikusten dugu, eta goialde horretan kultur osagai izugarria du. Ofizio bezala galdu egin da, eta festa egiten dute, mantentzeko. Oso jende lehiakorra dago tartean, baina gehienek festan parte hartzen dute. Behobia-Donostia lasterketaren pareko zerbait izango litzateke. Hemengo herri kirol ikuspegiarekin hara joanez gero, atentzioa ematen du. Ni, agian, kultur ikuspegi batekin joan nintzen Alemaniara, eta nire sentitu nuen.

Zer aldetatik?

Nik kolektibo edo errealitate horren parte izan nahi dut. Hemen saiatzen gara horretan, baina kostatzen ari zaigu oraindik ere. Geure burua goratzeko joera dugu, besteak gehiegi ezagutu gabe. Gurekiko beste ikuspegi bat dute, eta euren arteko onartzen gaituzte gu. Hemen zer edo zer ondo egin izango da, herri kirolak bizirik daudelako oraindik ere, baina urte askoan izan duen gainbeherak esan nahi du zerbait ez dugula oso ondo egin, agian. Balantza horri buelta bat eman beharko litzaioke oraindik, eta nik oso argi daukat nire eredua.

Euskal Herriak Europako herrialdeetatik ikasi beharko luke, beraz?

Gazteekin lan handia egin behar da. Orain eskolak-eta badaude, Almitzan bertan ere segan irakasten ari gara. Baina ez da sartu behar lehiakortasun har hori bakarrik, beste zerbait ere eskaini behar zaio: nolabait, kolektibo baten parte izatea.

Alemanian jabetu zinen horixe zela zure mundua?

Ez da izan urte batetik besterako kontua. 2005ean Suitzara joan nintzen berriz, eta hortik aurrera sortu zitzaidan segarekiko lotura; prozesu naturala izan zen. 2005etik aurrera taldeko beste kide bat izan naiz. Neroni segan, plazan, 2006an aritu nintzen aurreneko aldiz, Tolosan, Iurreamendin egin zuten taldekako lehenengo txapelketan. Euskal Herrian ez naiz gehiegi ibili segan, baina hemendik kanpora pixka bat bai. Hemen ez da ulertzen ni bezalako bat segan plazan ikustea, eta Europako herrialdeetan, berriz, bai. Gerora, 2015eko Loiolako [Azpeitia] Europako Txapelketako antolakuntzan egin dut lanik handiena.

Mugarri izan zen txapelketa hori?

Euskal Herrian, aurretik, 2003an antolatu zuten Europako Txapelketa, eta aurretiko esperientzia hori hor zegoen. 2003tik 2015era Europako Txapelketak berak dezenteko bilakaera izan zuen, baina erronka polita izan zen. Azkenean, hiru urteko lana da guztia antolatzea. Bi urtez behin izaten da, hala ere, lanik zailena: dirua lortzea. Administrazioekin borrokan aritu behar izaten da. Oso ondo antolatutako txapelketa bat izan zela esan dezaket. Kanpotarrek ere famatu zuten txapelketa hura. Gure txikitasunean, harro egoteko modukoa da horrelako gauza bat antolatzea.

Zer eman dizu Almitzak, eta zer eman diozu zuk?

Uste dut nik eman diodana baino gehiago eman didala Almitzak niri. Alemanez, beharragatik bada ere, moldatzen naiz; beste mundu bat ezagutzeko aukera eman dit; jende asko ezagutzekoa; eta antolakuntza lanetan izugarrizko esperientzia bizi izateko aukera izan dut. Nolabaiteko unibertsitatea izan da niretzat.

Nolatan sortu zenuten Jeajeaka kultur elkartea Tolosan?

Tolosako inauteri zaharretatik bizirik irauten duen elementu bakarra da. Txarangen atzetik besotik helduta joatea da jeajeaka. Lagun talde bat da gurea, eta, Whatsapp talde bat izatetik, Tolofolk jaialdia antolatzen bukatu dugu azkenean. Nolabaiteko legezko forma juridiko bat behar genuen, eta, jaialditik bereizita, kultur elkarte bat sortu genuen. Ofizialki, 2020ko martxoan sortu genuen, konfinatu bezperan.

Eta nolatan sortu zitzaizuen Tolosan folk jaialdi bat egiteko ideia?

Saltsero bat dugu taldean: Zigor [Sagarna]; txantxa artean sortutako taldea da gurea. Jaialdia antolatu behar genuela, eta zurrunbiloa gero eta handiagoa bihurtzen hasi zen. Azkenean, udaletxera jo eta aurkeztu egin genuen. Iaz antolatu genuen lehen jaialdia, eta egun gutxi barru egingo dugu bigarrena: apirilaren 20tik 24ra. Serio antolatutako jaialdia da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.