Berotu dituzte motorrak

Lehen aldiz, motoziklismoko hard enduro modalitateko lasterketa bat jokatuko dute bihar, 15:00etan, Amezketako Ugarte auzoan, hiru orduz. Euskadiko Txapelketarako lehen proba puntuagarria izango da.

Josu Artutxa Dorronsoro

Usadioz, Amezketa eulien herria dela diote. Bihar ere euli ugari ibiliko da bertan, baina euliak bezain bizkor ibiltzen diren motoak eta haien hotsa nagusituko dira inguruko baso eta mendietan, Hard Enduroko Euskadiko Txapelketaren lehen proba puntuagarria jokatuko baitute, 15:00etan. Modalitate horretako moto gidari onenak ikusteko aukera izango da: besteak beste, Josu Artola herritarra. Euskadiko Motoziklismo Federazioak antolatu du lasterketa, eta Artolak berak lan handia egin du azken aste eta hilabeteetan: “Lasterketa igaroko den eremu gehienak norbanakoenak edo pribatuak dira, eta horietatik ia denak, gureak”. Haren etxe inguruko lurretatik igaroko da proba. “Bestela, oso zaila izango zen antolatzea”.

Amezketako Ugarte auzo inguruan jokatuko dute biharko lasterketa. Hamar kilometroko ibilbidean eman beharko dituzte itzuliak, eta hiru ordu iraungo du; denbora tarte horretan kilometro gehien egiten duen pilotuak irabaziko du proba. Ibilbideari “lauzpabost itzuli” emango dizkiotela aurreikusi du Artolak. Izan ere, eguraldiaren arabera proba “konplexua” izan daitekeela aurreratu du amezketarrak: “Aurreko egunetan euririk egiten ez badu, gogorra izango da, nekea ere nabarituko dugulako. Baina, aurrez euria eginez gero, oso gogorra izango da lasterketa, lehen minututik oso irristakor egongo delako zoru guztia”. Euri asko egin du egunotan.

Artola, 2009tik lehiatzen

Amezketan lehen aldiz egingo dute mota horretako saio bat; horregatik, “oso pozik” dago Artola. “2009az geroztik ari naiz modalitate honetako lasterketetan parte hartzen, eta oso polita izango da lehen aldiz herrian lehiatzea”. Gaineratu du horri esker herritarrek kirol diziplina hori ezagutu ahal izango dutela: “Bertatik bertara ikusiko gaituzte, oso gertu. Aukera ederra dute”.

Berritasuna ez da Amezketarentzat bakarrik izango, hard enduro modalitateko Euskal Herriko lehen txapelketa izango baita biharkoa. Amezketakoaren ondoren, maiatzaren 22an Elgoibarren izango dute hurrengo proba puntuagarria, eta, uztailaren 2an, Gordexolan (Bizkaia).

JOSU ARTOLA

Amezketan bi maila nagusitan banatuko dituzte pilotuak: maila altukoak eta baxukoak. Maila baxukoek bi ordu izango dituzte. Lehian daramaten urte kopuruaren arabera ere hiru kategoria izango dira: juniorrak, seniorrak eta beteranoak. Lasterketaren aurretik, goizean, parte hartuko duten gidarien motoak lehiatzeko moduan daudela aztertuko dute antolatzaileek. Gero, azalpenak emango dizkiete pilotuei, probaren arautegiaren eta balizko arriskuen berri emateko. 13:00etan, berriz, aitzin-etapa jokatuko dute. “Zirkuituaren zati bat hartu eta irteerako ordena zehazteko proba txiki bat egingo dugu, eta hor lortutako denboren araberakoa izango da ondorengo irteerako ordena”, esan du Artolak.

Hasieran, 120 piloturen langa jarri zuten antolatzaileek, baina, oraingoz, laurogeik eman dute izena. Zifrak zifra, lasterketan parte hartzeko “gogo handia” duela adierazi du Artolak: “Bertako eta nazioarteko moto gidariak etorriko dira. Puntan dabilen piloturen bat etortzea ere espero dut, nahiz eta horiekin lehiatzea oso zaila izango den”, azpimarratu du. Lehenengo aldiak erantzun ona izanez gero, ez du baztertu datozen urteetan proba gehiago antolatzea Amezketan bertan: “Lan handia eskatzen du honek, eta, herritar gehiago laguntzeko prest azalduz gero, eskertzekoa izango da babes guztia”.

Moto berrira egokituta

Aurtengo sasoia aldaketa batekin hasi zuen Artolak: moto berriarekin. “Lehenengo lasterketak prestatzeko denbora handirik gabe ibili nintzen. Hala ere, azken probetan emaitza hobeak lortzen ari naiz; neurria hartua diot motoari, eta erosoago nabil”. Espainiako Txapelketako sailkapenean bosgarren postuan dago gaur-gaurkoz, eta “gora begira” dagoela ziurtatu du.

Hark nabarmendu duenez, azken urteotan, orokorrean, moto gidarien kopurua ez da handitu: “Batez ere, kirol honek une honetan ekonomikoki duen exijentziagatik”. Dena den, hard enduro modalitatean “gero eta lehiakide gehiago” direla aitortu du, beste modalitate batzuetan kopuruak behera egin duen arren. “Gainerako modalitateetan abiadurak du garrantzia; hard enduroan, berriz, teknikak, indarrak eta ahaleginak. Mendiak eta aldapak dira gure modalitatearen funtsa, eta, alde horretatik, zorte handia dugu Euskal Herrian”.