Diasporan sortutako euskal musika, etxean

Diasporan sortutako euskal musika, etxean

Josune Zarandona

Hamarkada luzetan ahaztuta edo galduta egon den euskal musika klasikoa berreskuratu eta hari balioa ematea da Batura zikloa izeneko musika emanaldien helburu nagusia. Hala azaldu du Josu Okiñenak, pianista, ikertzaile eta ekinbidearen zuzendari artistikoak. “Ahalegin handia eskatu duen lan bat izan da, baina emaitza benetan interesgarria da”. Batura zikloak bigarren aldia bukatuko du asteburu honetan: Eibarren eta Beasainen izango dira azken bi kontzertuak, bihar eta etzi.

Zikloaren lehendabiziko aldia 2020an izan zen, Quebec eta Euskal Herria gai hartuta. Pandemia tarteko, lehendabiziko hura “gogorra” izan zela esan du Okiñenak, baina “arrakasta” izan zuten, eta iazko azaroan bigarren aldia jarri zuten martxan, Euskal musika Ameriketan izenburupean. “Helburua musikari euskaldunek diasporan egindako konposizioak berreskuratzea eta Euskal Herriko gizarteari ezagutaraztea” direla azaldu du Okiñenak.

Baina Batura zikloko emanaldietan ez dute Euskal Herritik kanpora bertako musikariek egindako euskal musika klasikoa soilik eskainiko, “lehen aldiz” euskal musika eta nazioarteko errepertorioa uztartuko baitituzte musika klasikoari eskainitako ziklo batean: “Gure musikak maila ona dauka, eta benetan sinisten dugu nazioarteko beste edozein musikagileren lanekin batera programatu daitekeela”.

Hamabi kontzertu denera

Bigarren aldi honetan, Emiliana de Zubeldiak (Nafarroa, 1888-Mexiko, 1987) Mexikon konposatutako musika, Francisco de Madina edo Aita Madinak (Oñati, 1907-1972) Argentinan ondutako lanak, Jose Tomas Mujikak (Tolosa, 1883-Uruguai, 1963) Uruguain egindako konposizioak edota Hilario Olazaran de Estellak (Lizarra, Nafarroa, 1894-Iruñea, 1972) Txilen birmoldatu zituen Baztango dantzak izango dira entzungai, besteak beste.

Hamabi kontzertu antolatu dituzte, guztira. Emanaldi denak nazioarteko hainbat musikarik eskainitakoak izan dira. “Ganbera formatuko kontzertuak dira, bakarlari batek edo hiruzpalau instrumentista arteko formazioek eskainitakoak”. Okiñenak azaldutakoaren arabera, nazioarteko musikari horiek, Batura zikloan ez ezik, gerora eskainiko dituzten emanaldietan ere programatzen dituzte euskal musikarion obrak, eta, hala, “esponentzialki ugaritu egiten da errepertorio horren hedapena”.

Kontzertuak modu “didaktikoan, atseginean eta hurbilean” planteatuta daude. “Pianorako errezitalak daude, baita gitarrarako edo jazz laukoterako musikari egokituta ere, klasikoa ez den horri ere keinu bat egin nahi diogulako”, azpimarratu du Okiñenak azken bi kontzertuei begira. Jazza eta folka uztartzen dituen Le Quartet Ideal Belgikako taldeak itxiko du zikloa. “Oso kontzertu bereziak” izango direla ziurtatu du Okiñenak, eta nabarmendu du Tcha Limberger taldearen sortzailea “mundu mailako musikari garrantzitsuenetako bat” dela. Eibarko Koliseo antzokian izango dira bihar, 20:00etan, eta Beasaingo Igartza jauregian etzi, 19:00etan, Igartza Musika Zikloaren barruan.

BEASAINGO IGARTZA JAUREGIA

Gainontzean, Errusiako, Amerikako Estatu Batuetako edo Italiako nazioarte mailako musikariek ere hartu dute parte bigarren zikloan. Kontzertu gehienak Gipuzkoan eskaini dituzten arren, “Bizkaian eta Kanaria Uharteetan [Espainia] ere” egin dituzte hainbat emanaldi.

Batura zikloak hirugarren aldia ere izango duela ziurtatu du zuzendari artistiko Okiñenak. Emakumea eta euskal musika izenburupean egingo dute; “emakumezko euskal musikagileen lanak berreskuratzea” izango da haien helburua. Hogei emanaldi antolatu dituzte, eta, Euskal Herrian ez ezik, Madrilen, Kanaria Uharteetan eta Italian ere izango dira saioak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.