3D-arekin, Mollarrin barrena

XX. mendearen hasieran Zarauzko kargalekua nolakoa zen erakutsi dute, film labur batekin.

Onintza Lete Arrieta

Denborarekin aldatuz joaten dira herrietako eta inguruetako paisaiak, eta sarritan adinekoek ezagutu zituzten tokiak desberdin ikusten dituzte belaunaldi berriek, elementu zaharrak kendu edo berriak jarri dituztelako tarte horretan. Xabier Eizagirre zarauztarrak 21 urte ditu, eta ez zituen ezagutu Zarauzko Mollarri kargalekua martxan zeneko garaiak. Gaur egun, izan ere, harrizko estruktura handien zati batzuk baino ez dira gelditzen bertan. Ikusgarria izan behar zuela sinetsita, 3D teknikaz duen ezagutza erabili, eta ikus-entzunezko bat ondu du: Mollarri. Ikusgai dago Zarauzko udal zerbitzuaren Youtube kanalean, osorik.

Herriaren ekialdean dago Mollarri, itsasertzean, herriaren goiko kanpinaren azpialdean. Andatzarrateko meatzetik mineralak garraiatzen zituzten itsasontzietara Mollarriko kargalekuari esker. Egunean mila tona mugitzeko gaitasuna zeukan kargaleku hark, baina meatzean azkar amaitu zen minerala, eta XX. mende hasieran martxan jarritako negozioa bertan behera gelditu zen mendearen erdialderako.

Kargalekuaren funtzionamendua oinarri hartuta, zortzi minutu pasatxoko film labur bat osatu du Eizagirrek, dokumental estilokoa, eta helburua izan da herritarrei erakustea nolakoa zen kargalekua 3D teknologiako irudien bitartez. Zarauzko Turismo Bulegoarentzako enkarguz egin du film laburra, eta hainbat lagunek hartu dute parte era batera edo bestera: argazki zuzendaritzan, Ritxi Goia zarauztarraren laguntza izan du; narrazio lanak Xabier Euzkitze kazetariak egin ditu; eta musika, berriz, espresuki lan horretarako sortu du Asier Mendozak. “Osabari eskatu nion musikarekin laguntzeko, eta, azkenean, espresuki dokumentalerako sortu du melodia bat. Luxua da hori”, kontatu du Eizagirrek.

XABIER EIZAGIRRE

Gainerako lan guztiak bereak dira: gidoia egitea, zuzentzea eta postprodukzioa, alegia. “Ordu asko eta asko” eskaini dizkio proiektuari, baina gustura gelditu da emaitzarekin. “Eta uste dut Zarauzko Turismo Bulegoko arduradunak ere gustura daudela eta gainditu egin ditudala haien aurreikuspenak. Neu, gainera, oso eskertuta nago haiei, nigan jarri duten konfiantzagatik”.

Herriko zinema aretoan, Modelon, Aste Santuan erakutsi zuten film laburra, eta orain sare sozialen bidez ari dira hedapena egiten, bai Turismo Bulegoa, bai Eizagirre bera.

Lanak, laurogei plano

Eizagirrek 3D teknikak erabilita irudikatu ditu teleferikoak nola ibiltzen ziren polea sistemekin menditik behera, itsasoraino, meatzeko mineralak garraiatzen, eta nolako barkuetan garraiatzen zituzten. “Baina Mollarriko kargalekua ez da lurzoru lau batean egindako etxebizitza bat”, hasi du azalpena. “Mendiaren ezaugarriei eta harrizko oinarri bati egokitutako estruktura bat baizik. Neurrira diseinatutakoa, alegia”. Eizagirrek ere neurrira egin ditu 3D teknologiako irudi guztiak, hutsetik hasita. “Dronearekin tokiaren irudi mordoa hartu nituen, eta horrekin eskaneo bat egin genuen gero, fotogrametria deituriko teknika erabilita. 3D modelo bat sortzen du horrek, eta horren gainean hasi nintzen dena egiten”. Gutxi gorabehera, dokumentalaren %80 egin du 3D teknikarekin. Lanak laurogei plano ditu guztira, eta horiek banaka landu behar dira, fotogramaz fotograma. Horregatik, lana egiteko modu eraginkorrena aurkitzea izan du egitekorik zailena: “Ez neukan nahikoa denbora xehetasun guztiak nahi adina lantzeko, eta, beraz, sistema bat asmatu behar izan dut plano horiek azkar eta kalitate onean ateratzeko. Horixe izan da zailena”.

Orain, proiektu berri bat dauka esku artean. “Film labur motz-motz bat ari naiz egiten neure kabuz, Sisifo deiturikoa. Istorio on bat kontatu nahi dut, baina ahalik eta efektu gehien erabilita. Dakidan guztia egin nahi dut, nolabait, nire aurkezpen gutuna izan dadin lan hori, zer egiteko gai naizen erakusteko”.