Erretiroa hartuz gero, euri ura neurtzen

Erretiroa hartuz gero, euri ura neurtzen

Nerea Uranga

Eguratsari adi bizi da Joxe Urbieta (Arroabea, Zestoa, 1952) tailerrean erretiroa hartu zuenetik, orain lauzpabost urtetik. Zestoan, Arroa auzoan bizi izan da betidanik. Baserriko semea izanda, beti eduki izan du baratzea gertu. Tailerrean, lanean jarduten zuen garaian, “arnasa hartzeko eta eguneroko kezkak burutik aldentzeko” oasia zuen baratzea. Orain, berriz, orduak ematen ditu han, zenbat euri egin duen neurtzen eta.

Arroabeak Itziarrekin (Deba) muga egiten duen tartean du lursaila Urbietak. Baratzean aurrera begiratuta, ezkerretik eskuinera arteko bista zabalean ditu Ezkaizto, Indamendi, Ibañarrieta, Ertxiña, Sañu, Arroagoimendia, Izarraitz, Agiro, Salsamendi eta Andutz. “Ibañarrieta aldetik irteten du beti eguzkiak, eta udaberrian ibilbidea luzatuz joaten da, Itziar aldean sartu arte, baina sanjoanak pasatutakoan laburtzen hasten da bidea. Baratzean egun osoz jotzen du eguzkiak”. Beraz, ereindako uzta hazteko ura behar izaten du. Euria.

Lehengusuaren bidez

Euria, ordea, denen gustura egitea “zaila” dela dio Arroabekoak. Urbieta euri eskean ibiltzen da beti. “Ura behar delako, ni beti euriaren zain izaten naiz”. Jakin-minak bultzatuta, egunero baratzean zenbat euri egiten duen neurtzen hasi zen erretiroa hartutakoan. Horretarako, Alemaniatik orain dela hogei bat urte ekarritako “tramankulua” erabiltzen du: plubiometroa.

“Lehengo erako plubiometroa da. Alemanian bizi den lehengusua bisitatzera joan zen anaia, eta han plubiometroak usu erabiltzen zituztela ikusi zuen. Garai hartan, hemen ikusi gabe geunden halakorik; egun, baina, baratzezaintzarako-eta materialak saltzen dituzten dendetan ikusten dira antzekoak”. Azken lau urteetan neurgailuan jasotako datuak horma egutegietan apuntatuz joan da egunero, eta azken lau urteetakoak gordeak ditu, “gero alderaketak egiteko”.

Jakoba Errekondo Arroabera hitzaldia ematera joandako batean azaldu zuen Urbietak bere zaletasuna jendaurrean. “Tomateez hizketan ari zen Errekondo, eta esan zuen ez zaiola urik bota behar. Nik baietz erantzun nion. Segidan, hark esan zuen urtean bostehun litro ur egiten baditu ez dela beharrezkoa, baina inork ba al zekien urte hartan zenbat egin zuen Arroabean?”. Datua bota zion Urbietak: “1.573,5 litro egin zituen 2020an. Hori entzunda, pixka bat harrituta gelditu zen. Nire ustez, lurraren eta kokapenaren arabera, sail bakoitzak ur kantitate desberdina behar du. Gure baratzea flyscharen gainean dago, iragazkorra da, eta lur geruza ez da oso sakona. Ondorioz, euri ura ezinbestekoa da gurean”.

Hil honetan, hilaren 26ra bitartean, Arroabean egindako prezipitazio kantitatea ederki du jasoa Urbietak. “141,5 litro egin ditu. Hilaren lehen hiru egunetan 41 litro egin zituen, eta Pazko astean ikaragarri egin zuen, 100,5 litro. Hala ere, Artikutzan egindakoaren erdia da; han 203 litro jaso zituzten. Hil honetan, bi aste oso lehorrak egin ditu”. Dena den, aurreko hiru urteetako apirilak lehorragoak izan ziren hark jasotako datuak kontuan hartuta: 2019an, 108 litro egin zituen; 2020an, 76,5; eta iaz, hirurogei.

Eguraldiari lotutako berriak ditu gustuko Arroabeko baratzezainak. “ETBn askotan esaten dituzte Aizarnazabalen Euskalmetek duen estazioko datuak, eta han Arroabean baino prezipitazio gutxiago egin ohi du. Adibidez, iaz Arroabean 1.531,5 litro egin zituen, eta 1.472,2 litro Aizarnazabalen”. Arrate irratiko eguraldiaren berriak ere egunero entzuten ditu: Urbiako, Urkiolako eta Aralarko datuak ematen dituzte han. “Jeneralki, Urkiolan Arroabean baino ur gehiago botatzen du”.

Lagunarterako datuak

Zertarako datu horiek denak? “Tabernan lagunartean elkartzen garenean, eguraldiaz asko hitz egiten dugu, eta ez datoz gaizki datuak. Batzuek uste dute hamar minutuan euri jasa bota eta litro asko egin dituela. Baina, igual, lau litro besterik ez da. Bestelako egunak ere izaten dira, gau guztian euria egin, ia sumatu ere ez, eta 20-30 litro egiten dituenak”. Usteak ustel izaten dira, baina Urbietak esku artean datuak izaten ditu erantzuteko.

Naturari adi, baratze aurreko zuhaitzei begira, aurten uda “lau bat aste aurreratuta” datorrela esan du. “Hosto horiek maiatz aldera ateratzen dira, eta apirilaren aurrenerako etorri dira aurten”.

Txoriak ere erruz ikusten dira pasatzen Urbietaren sailaren gainetik: “Behin sanjoseak pasatuta, erruz igarotzen dira”. Azken urteetan, hegazti baten falta sumatu du: kukuarena. “Garai batean baratze gaineko lurretan entzuten genuen; egun, ordea, urtean pare bat alditan Erdoiztara joaten naiz entzuteko. Ez dakit zer, baina zerbait gaizki egiten ari gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.