Amalur Angiozar: “Azkenaldiko eskualdatze ia guztiak lokalik gabe izan dira”

Amalur Angiozar: “Azkenaldiko eskualdatze ia guztiak lokalik gabe izan dira”

M. Garate

Bideragarriak izan behar dute Berriz Enpresan parte hartzen duten negozioek. Eskualdatzea egin eta gero ere, gehienek aurrera egitea lortzen dutela esan du Amalur Angiozarrek (Donostia, 1972), programa kudeatzen duen Gipuzkoako Bazkundeko Lurralde Sustapenerako zuzendariak. Horretarako, negozioa saldu duenaren eta erosi duenaren arteko harremana garrantzitsua dela dio.

Zer zerbitzu ematen du Berriz Enpresa programak?

Bideragarriak diren negozioak ez ixtea izaten da gure helburua, eta, horretarako, saltzaileei eta erosleei laguntzen diegu, biei. Behin jabeak erabakitzen duenean negozioa eskualdatu nahi duela, negozioak bideragarritasunik duen aztertzen dugu: komertziora joaten gara, eta nola lan egiten duen ikusten dugu, kontuak begiratu, eta dosier bat prestatzen dugu. Bideragarria bada, balizko erosleei negozio hori saltzen hasten gara, prestatutako dosier horrekin.

Prezioa ere zuek proposatzen duzue?

Guk balorazioa ematen dugu, baina operazioaren azken prezioa beti saltzaileek eta erosleek negoziatzen dute. Ados jartzen badira, kontratuekin, finantzabidearekin eta abarrekin laguntzen diegu.

Zein izaten dira eskualdaketa bat gauzatzeko zailtasun nagusiak?

Batzuek autoenpleguari begira nahi izaten dute denda txiki bat jartzea, eta halakoetan finantzabidea oso oztopo handia izaten da. Beste batzuetan, negozioa eta lokala saldu nahi izaten dituzte jabeek, eta hori ere oso-oso zaila da gaur egun. Azkenaldiko eskualdatze ia guztiak lokalik gabe izan dira. Beste negozio batzuk handiagoak dira langile eta fakturazio aldetik, eta horien erosleak normalean enpresak izaten dira, baina prezioa askoz handiagoa izaten da, eta halakoetan zorte kontua ere bada: parean tokatu behar dute eskaintzak eta eskaerak.

Zein sektoretan izan ohi dituzue zailtasunik handienak erreleboa aurkitzeko? Eta zein dira erakargarrienak?

Harategietan eta arrandegietan dugu arazorik handiena; ez dago jenderik prest negozio horiek hartzeko, ondo fakturatzen aritu arren: ordutegiak ez direlako onak, prestakuntza behar delako, gustatu egin behar zaizulako sektorea… Jatetxeentzako erosleak aurkitzea ere zaila izaten da. Inbertsioa egin nahi dutenek, berriz, normalean negozio berritzaileagoak nahi izaten dituzte, eredu berriagokoak, zerbitzuen arlokoak-eta, baina eskaintza txikiagoa izaten da.

Aipatu duzu programan sartzen diren negozioak bideragarriak izaten direla. Behin eskualdatzea eman ostean ere aurrera jarraitu ohi dute?

Normalean, pausoak ondo eginez gero, jarraitzen dute. Baditugu itxi direnak, baina gutxirekin hartu dugu sorpresa. Oso garrantzitsua izaten da saltzailearen eta eroslearen arteko harremana, eskualdatzea ez baita bakarrik lizentzia batak besteari pasatzea: saltzailearen ezagutza, esperientzia, kontaktuak, lan egiteko era… garrantzitsuak dira. Hainbat formula bilatzen ditugu erosleak negozioak nola funtzionatzen duen ikusteko eta trantsizio hori errazteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.