Errenteria, hizkuntza aniztasunaren hiriburu

Badalab egitasmoak etxe berria izango du datorren ekainean. Orain arte bezala, Errenterian egongo da euskararen erabilera areagotzeko Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategia.

Erik Salazar

Badalab egitasmoa martxan da dagoeneko. Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiak ekainean irekiko ditu ateak. Hurrengo asteetan behin betiko egoitzara lekualdatuko da laborategia: Errenteriako Madalen kalera, hain zuzen ere, helduentzako liburutegi izandako eraikinera. Gaur-gaurkoz, herri horretako Torrekua eraikinean du behin-behineko egoitza. Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea pozarren da egitasmoak herrian bertan izango duelako behin betiko etxea: “Kokapen fisikoa edukitzeak ikusgarritasuna emango dio egitasmoari. Gainera, oso testuinguru interesgarria eskainiko dio Errenteriak egitasmoari, gure udalerria plurala delako”. Izan ere, aniztasunaren erakusgarri, azken azterketaren arabera 70 hizkuntza hitz egiten dira bertan.

Aniztasuna hizketagai hartuta, iritzi berekoa da Goiatz Oiartzabal Badalaben zuzendari nagusia: “Errenteria herri handia da, urbanoa eta plurala”. Oiartzabalen esanetan, behin betiko egoitza Errenterian egotea “askok buruan duten estereotipo bat hausteko baliagarria” izango da: “Euskara barnealdeko herri txikietan hitz egiten dela, eta ez hainbeste zona urbano eta jendetsuetan”.

Badalaben zuzendariak argi dauka orain arte paperean idatzi duten guztia gauzatu behar dutela; “errealitate bihurtzeko garai horretan gaude”. Zuzendariak ilusioa hitza aipatu du behin eta berriz proiektuari buruz hitz egin duenean: “Gauzak modu desberdin batean egiteko irrika eta ilusioa eskaini nahi ditu Badalab laborategiak, euskaraz eta euskaratik ere momentu zirraragarri, polit eta esanguratsuak bizi daitezkeelako”.

“Nola garatzen da aniztasunean eragile eta erreferente izan nahi duen hiztun komunitatea gizarte digitalaren garaian?”, galdetu du Oiartzabalek. Galdera hori abiapuntu hartuta, desiratutako etorkizuna irudikatu nahi izan du Badalaben zuzendariak. Hori lortzeko, jakinarazi du proiektuak, lankidetza, jardunaldiak, tailerrak eta bestelakoak sustatuko dituztela.

Otaegi alkateak ez du ahaztu nahi gizarte eragileek Errenterian egin duten lana: “Komunitate trinkoa eta sendoa dugu herrian. Eragileak oso aktiboak dira, eta beti egoten dira prest proiektu berrietan inplikatzeko”. Badalaben zuzendariak ere ezinbestekotzat jo du eragileen lana: “Haiengandik zera nabarmenduko nuke: deserosotasunak deserosotasun, denek asmatu dutela eskuzabal izaten. Ondorioa? Proiektu sendo bat dugula esku artean”.

Aldundiak bultzatuta

Gipuzkoako Foru Aldundia eta hainbat gizarte eragile euskararen esparruan berrikuntzarako hainbat ikuspegi uztartuz joan dira 2015etik aurrera. Prozesu parte hartzaile horren ondorioa izan da Badalab proiektua, eta Sebas Zurutuza Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariak baikor baloratu du Badalaben barruan egindako lana: “Berrikuntza jorratu nahi du laborategiak, baina laborategia bera ere berrikuntza da gobernantza alorretik”.

Laborategiak “gogoetarako foro bat” izango duela ere jakinarazi du Zurutuzak. Laborategia gauza berritzailetzat du aldundiko Estrategia zuzendariak, eta, orain arte egindako urratsei begiratuz gero, argi dauka “oso arrakastatsua” izan dela.

Antzera hitz egin du GarbiƱe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak. Etorkizunera begira egitasmoak zer erronka nagusi izango dituen zerrendatzean, esan du “euskararen erabilera areagotzeko esperimentazio berritzaileak eta ausartak ahalbidetzea eta gauzatzea” izango dela laborategiaren erronka nagusia, “horri esker euskal hiztunen hizkuntza berdintasuna lortzeko”.

Eragileen eta instituzioen arteko lankidetza ezinbestekoa dela uste du Mendizabalek. “Herri administrazioen, unibertsitateen, teknologia eta ikerketa zentroen, aholkularitzen, gizarte eragileen nahiz enpresen arteko lankidetza bultzatuko duen espazio ireki eta dinamikoa izango da Badalab”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteotan hainbat esparrutan egin duen hausnarketaren harira jaio zen Badalab, iaz. Aldundia gogoeta prozesuan murgilduta dabil oraindik, Etorkizuna eraikiz egitasmoaren bidez. Prozesu horretatik jaiotako egitasmoetako bat da Badalab —besteak beste, baita Pasaiako Adinberri zentroa ere—.

Badalabek euskara izango du oinarri, eta hizkuntzen aniztasunaren hiriburu bihurtu nahi du Errenteria.