Musika lehia, kaleak bizitzeko

Musika lehia, kaleak bizitzeko

Mailo Oiarzabal

Udako jai nagusiak iristeko ia bi hilabete falta dira, baina maiatzean ere ez da festa girorik eta musikarik faltako Azpeitiko kaleetan. Egitasmo berri baten bidez etorriko dira biak: Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa. Alde Zaharreko Tabernarien Elkartearen (Azte) ekimenez antolatu dute kaleko musika taldeentzako lehiaketa hori, Euskal Herrian orain arte sekula egin gabea; Azpeitiko Udalak bat egin du antolaketa lanekin.

“Maiatzari indar pixka bat eman nahi genion, eta iruditu zitzaigun elektrotxarangena ideia polita zela. Inon egiten ez duten eta behin ere ikusi gabea den zerbait dela uste dut”, dio Omar Aizpuru Azpeitiko tabernariak. Udalak gustura hartu du Alde Zaharreko ostalarien ekinaldia. “Buruan genuen gauza bat zen”, esan du Mikel Odriozola Udaleko Festa batzordeburuak. “Proposamen ona iruditu zitzaigun, eta tabernariekin elkarlanean gauzatu ahal izan dugu. Zer egoeratatik gentozen kontuan izanda, aukera aproposa zen kaleko giroa janzteko”.

Azteko kideak eta udala urte hasieratik ari dira lehiaketa prestatzen, eta antolatzaileak buru-belarri ibili dira egunotan azken xehetasunak lotzen eta fintzen. “Zer eguraldi iragarri dute larunbaterako?”, galdetu du Aizpuruk. Horixe dute kezka iturri nagusia antolatzaileek, haien esku ez dagoen xehetasun bakarrenetakoa. Hala ere, aurreratu dute euria eginez gero ere aurrera egingo luketela. “Oso-oso eguraldi txarra egin beharko luke lehiaketa hankaz gora uzteko”.

Kalean behera, kalean gora

Hiru egunetan egingo dute Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa; bihar izango da lehen jardunaldia, eta hilaren 21ean eta 28an beste biak. Guztira, sei elektrotxaranga lehiatuko dira 6.000 euroko sari bakarra eskuratzeko: Zutik, Elektrotxufla, Game of Txaranga, 3indarrok, Matraka eta OstiKda.

Jardunaldi bakoitzean bi musika talde ariko dira, baina ez aldi berean. Egun bakoitzean talde bat hasiko da lanean, 19:00etan, Plaza Nagusian; handik, Plaza Txikia eta Erdikalea zeharkatuta, Perez Arregi plazaraino iritsi, eta han bukatuko dute ibilbidea. Bigarren taldeak, berriz, alderantzizko bidea osatuko du, Perez Arregitik herriko plazaraino, 20:30ean hasita. Horrela, ordu eta erdiko lana osatuko du talde bakoitzak, eta, egun bakoitzean, musikaz beteko dira Azpeitiko Alde Zaharreko kaleak, hiru orduz.

Bihar, lehiaketaren estreinako egunean, Elektrotxufla eta Zutik taldeak ibiliko dira kaleetan barrena. Elektrotxuflakoei egokitu zaie lehenak izatea; elektrotxaranga hori abiatuko da 19:00etan kalean behera. Biharkorako “aldi berean urduri eta gogotsu” daudela esan du Beñat Ibargoien Elektrotxuflako abeslariak. Elektrotxarangen topaketak egin izan dituzte, eta horietan parte hartutakoak dira Elektrotxuflakoak, baina lehiaketa “berrikuntza” da haientzat ere. Egitasmoa “gogo onez” hartu dute: “Azpeitiko kaleei bizitasun pixka bat emateko ez ezik, gure elektrotxaranga eta besteak ezagutarazteko ere ideia ona da lehiaketa. Uste dut egitasmoak mesede egiten diela bi aldeei: herriari eta elektrotxarangei”. COVID-19aren pandemia dela-eta bi urte gogor igaro ostean, “berriro martxa hartuta” dabiltza Elektrotxuflakoak; asteburuero emanaldi bat edo bi egiten dituzte, eta uda sasoian “erritmoa areagotzeko prest” daude.

Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Nafarroakoak dira Azpeitiko lehiaketan parte hartuko duten elektrotxarangak. “Hamar bat” talderekin hitz egin dutela azaldu du Aizpuruk. Lehiaketa zortzi talderekin egitea zuten buruan, baina batzuen eta besteen egutegiak direla medio, azkenean seirekin egingo dute. “Lehen urtea izaten da zailena”, ziurtatu du Azteko kideak, eta lehiaketa “bidea egiteko” jaio dela aurreratu du. “Egitasmoa zabaldu dadin nahi dugu, Euskal Herrian oihartzuna izan dezala, urtez urte indartu dadila, eta maiatza Azpeitiko elektrotxaranga lehiaketaren hilabetea izan dadila”.

Joera aldatzeko “borrokan”

Lehiaketaren egunetan “jendea animatzea” eta “kalean giro ona sortzea” espero dute Elektrotxuflakoek, eta horixe da antolatzaileen helburu nagusia ere. Odriozolak uste du “jendearen gustukoak” direla horrelako ekintzak, musika, festa eta kalea uztartzen dituztenak; lehiaketaren berri ematen hasi direnetik, halako iritziak jaso dituzte antolatzaileek, eta lehiaketaren egunetan ere herritarren erantzuna ona izatea espero dute.

Pandemiaren murrizketak-eta atzean utzi nahi dituzte, baina Aizpuruk aitortu du “kezka” badela elkarteko tabernarien artean: “Ohiturak aldatu egin dira. Astegunetan ez da jende asko ibiltzen Azpeitiko Alde Zaharrean, eta, asteburuetan inguruko herriek indarra hartu dute. Joera horri aurre egin nahian gabiltza, Azpeitiko giroa berriro indartzeko lanean, borrokan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.