Emakumezkoen taldeak egoitza propioa izango du Zubietan, urtebete barru

Emakumezkoen taldeak egoitza propioa izango du Zubietan, urtebete barru

U. Zubeldia

Kirol arloan, sendo, eta, kirol arlotik kanpo ere, antzera. Realak beste apustu bat egingo du emakumezkoen futbola indartzeko. Obrarako lizentzia guztiak lortuta, laster hasiko dituzte lanak Zubietan, Realaren kirol instalazioetan, eta 2023ko udarako gizonezkoen pareko egoitza izango dute emakumezkoek ere. Gaur egun, Z7 zelaian jokatzen dituzte partidak emakumezkoek —Reale Arena estadioan ere hasi dira jokatzen batzuk; etzikoa, kasu—, eta, hain zuzen ere, gune horretan egingo dituzte lanik gehienak: 4.000 zalerentzako harmaila berriak eta Izan egoitza berria garrantzitsuenak.

Espainiako Ligak CVC funtsarekin lortu duen akordioari esker, hurrengo hiru urteetan 107 milioi euro inguru jasotzea espero du Realak, eta diru horretatik 12 milioi euro inguru bideratuko ditu Izan egoitza garatzeko. Jokin Aperribai Realeko presidenteak sarritan adierazi du, ordea, inbertsio hori azkenerako “ia bikoitza” izango dela ziurrenik, ia 24 milioi eurokoa. Presidentearen hitzetan, “berdintasuna” du helburu inbertsio horrek: “Emakumezkoek izan ditzatela gizonezkoen kirol instalazio, errekuperazio gela, gimnasio, fisioterapia zerbitzu… berberak”.

Lau solairuko eraikina

Realak jakinarazi duenaren arabera, Izan eraikin berriak lau solairu izango ditu. Lur azpian egongo dira bi solairu, eta bi padel pista, Kubik izeneko gune bat eta autoak aparkatzeko ehun toki egokituko dituzte bertan. Beheko solairuan jarriko dute emakumezkoentzako gune nagusia —Gorabiden dago gaur egun, formazioko futbolerako eremuan—: estalitako areto bat, txarteldegia, aldagelak, harmailetarako sarrera, prentsa aretoa, bulegoak, gimnasioa, igerilekua… egongo dira bertan. Lehen solairuan, berriz, jatetxe bat, jangela, jokalariek atseden hartzeko gune bat eta entrenatzaileentzat hainbat bulego egokituko dituzte.

Zaleek ere gozatu ahal izango dute gune berri horrekin, jatetxe bat, hainbat berdegune, terrazak eta begiratoki bat ere egingo baitituzte. Digitalizazioa ere lehen lerroan jarri nahi du klubak.

Gaindituz eremuan —gizonezkoen lehen taldearen gunea— eta Gorabiden ere berrikuntzak egingo dituzte laster. Eta kanpoko futbol taldeentzat beste eraikin bat, bi futbol zelai eta belar hockeyrako zelai bat ere bai. Zubietara sartzeko sarrera nagusia ere tokiz aldatuko dute laster; hipodromo aldetik sartu beharrean, Izan egoitzatik iritsiko dira jokalariak behin obrak amaituta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.