Erreleboa lortu duten taldeak

Erreleboa lortu duten taldeak

Miren Garate

Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek diote kalean eta belaunaldi berrien artean ez dela sumatzen euskarari lehengo bultzada emateko energiarik, eta irudipen hori bera dute herri batzuetako euskara elkarteetan ere. Dena dela, badira gazteek presentzia handia duten taldeak. Tolosaldeko Galtzaundi elkartean, esate baterako, hamar kide daude zuzendaritzan, eta horietako seik 30 urte edo gutxiago dituzte; Arrasaten ere, Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED) elkartearen barruan, gazteen beste talde bat sortu zuten duela 11 urte: Ttak.

Galtzaundiko belaunaldi erreleboa “modu naturalean, baina kezka batetik abiatuta” eman dutela azaldu du Igor Agirre elkarteko kideak. 28 herri daude Tolosaldean, eta txikiak dira horietako gehienak. “2017an eskualdeko herrietako zenbait gazte elkartzen hasi ziren, kezkatuta zeudelako euskarak beren herrietan izandako jaitsierarekin”. Aldi berean, Galtzaundik ere herrietara gehiago zabaldu nahi zuen, Tolosan zuelako presentziarik handiena, eta kezkatzen zuen nola erakarri belaunaldi berriak elkartera. Elkarren berri izan, eta horrelaxe batu dira gazte euskaltzaleak elkartera.

GALTZAUNDI

Arrasaten, euskararen aldeko mugimendua “nagusien kontutzat” hartzen zela iruditzen zitzaien AEDkoei. Garai batean, Txatxilipurdi aisialdi taldea ere elkartearen barruan zegoen, baina, hark bere aldetik jarraitu ostean, ikusten zuten hutsune bat zegoela Txatxilipurdiren erabiltzaile izatetik elkartean lan egitera pasatzeko saltoan. Oihan Loiti Ttak taldeko kideak esan du pauso hori sustatzeko grinatik sortu zela Ttak. “Gazteek euskararen erabilera sustatzea eta gazteak aktibatzea dira gure helburuak”.

Gakoa, transmisioa

Bi elkarteetan jakitun dira gazteen eta haurren euskara erabileran dagoela jarrita arreta. Baina bai Agirrek bai Loitik uste dute datuek diotena ekarri behar dela gogora: gazteak direla oraindik ere euskara gehien erabiltzen dutenak. “Noski, besteok ere badugu zer hobetua, baina Tolosaldean, orain 30-50 urte dituztenak dira, batez ere, aurrerapausoa eman behar dutenak”. Galtzaundin uste dute transmisioan dagoela gakoa eskualdean: etxeko eta aisialdiko transmisioan.

Azken kale neurketaren arabera, herririk euskaldunenetan, arnasguneetan, izan du jaitsierarik handiena euskararen erabilerak. Belaunaldi berriei entzuteko premia dagoela esan du Agirrek, eta diskurtso berriak sortzeko premia ere badagoela: “Euskal Herrirako diskurtsoak behar ditugu, baina gune euskaldunetarako diskurtsoak ere behar ditugu, horietako euskaltzaleek bizi dugun egoeraz jabetzeko eta kontzientzia pizteko”.

Horri lotuta, Galtzaundiko kidearen esanetan, ikastera eskualdetik kanpora joandakoan pizten zaie askotan gazteei euskararen aldeko kontzientzia, eguneroko bizitza ez hain euskalduna orduan ezagutzen dutelako. Kanpoan dauden urte horietan, zaila izaten da herriko euskara elkartearen lanari atxikitzea. “Baina euskararen aldeko kontzientzia pizten zaie, eta ikasketak amaitu berri dituzten gazteak dira gure elkartera gehitu diren gehienak, 22-30 urtekoak”.

Nerabezaroko etena

Arrasaten, nerabezarotik gazte izatera arteko tarte hori dute begiz jota Ttak euskara elkartean. “Garai batean, nerabeak urrundu egiten dira euskaratik, eta gaztelaniaz hasten dira”, esan du Loitik. Uste du haien erreferenteak gaztelaniaz aritzea izan daitekeela horren arrazoia. “DBH 4tik edo batxilergotik aurrera, hitz egiten duzun hizkuntza hori hautu politiko bilakatzen denean, jendea euskaraz bizitzera bueltatzen da”. Alabaina, ohartarazi du gazte batzuk berriz ere euskaraz bizitzera ez itzultzeko arriskua dakarrela urte horietako hutsuneak. “Horregatik, ezinbestekoa da nerabezarotik helduarorako tarte horretan euskaraz bizitzeko saiakera egitea”.

Iazko kale neurketaren emaitzak ez dituzte oraindik Arrasaten, baina, Loitiren esanetan, ez daude baikorregi, neurketak egiten aritu zirenean ez baitziren oso irudipen onarekin geratu. “Euskara modu transbertsalean lantzea oso garrantzitsua da, baina gai gisa ere landu behar dugu; bestela, datuek txarrera egiten jarraituko dute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.