‘Noreuskalagoka’

Juan Luis Zabala

Denboraren makinara bideratu zidan gogoa Joseba Egibarren adierazpen batzuen harira joan den astean sortutako polemikak. Labur: a) euskaldun egiten gaituena euskara dela esan zuen Egibarrek; b) “el euskera es lo que nos hace vascos” izan zen esaldiaren itzulpena EAJk prentsara igorritako oharrean; c) “Quien no habla euskera no es menos vasco“, adierazi zuen Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuak, Egibarren adierazpenaren itzulpenak eragindako espantu haserretuak baretzeko.

Zehazki, hogeita gutxi urte nituen egun batera eraman ninduen polemika horrek. Donostiako Gipuzkoako plazan nago. Hogeita hamar bat lagun gaude, gazteak denak, autobusaren zain Hanburgora joateko, hango okupazio mugimendua bertatik bertara ezagutu nahian. Gure espedizioko bi mutil gazte elkarrekin txantxetan ari dira, neure ondoan, batak besteari, erdaraz, hitzezko lehian, “Yo soy más vasco que tú” esanez, ironia kritikoz, hau da, ergeltzat emanez antzezten ari diren norgehiagoka hori.

1980ko hamarkadaren amaierako bi gazte haiek “más vasco” izateko lehiaz futitzen ari baziren ere, eszena horrek erakusten du lehia hori bazegoela orduko gizartean. Urte batzuk lehenago, inor gutxik nahi zuen izan belarrimotx, mantxurriano, koreano edo hezurbeltz, baina ordurako izendapen horiek desagertzen eta politikoki ez zuzentzat jotzen hasiak ziren; urteak zituen Xabier Leteren Haur andaluz bati sehaska kanta-k; eta urteak ziren Francok, diskriminazio etnikorik egin gabe, Angel Otaegirekin batera Juan Paredes Manot, Txiki eta GRAPOko hiru kide —Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena— fusilatzeko agindua eman zuenetik. Bazen, hala ere, halako vascompetencia, basqueconcurrence edo noreuskalagoka moduko bat. Eta bada gaur egun ere, Egibarren hitzek sortutako polemikak erakusten duenez.

Ez dut uste gaur egun inork ukatzen dionik ezein euskal herritarri vasco edo basque izaerarik —behiala hitz horiek euskaldun hitzaren sinonimo izan baziren ere, Jose Mari Pastorrek oraindik orain gogora ekarri duenez, Eugiko emakume batek 1980ko hamarkadan esandako hitzak berrituz: “Yo ya no soy vasca, porque no hablo vasco“—. Gaur egun, euskaraz ez jakiteak inor “menos vasco” sentiarazten badu, berak azaldu beharko du zergatik den hori, eta arazoak irtenbiderik ba ote duen, euskarari hegoak are gehiago moztetik aparte.

“Euskalduna naiz eta harro nago”, aldarrikatu zuen aspaldi Fermin Muguruzak. Ulertzekoa da euskaraz ikasi duenaren harrotasuna —bejondeiela hori egin duten guztiei!—, baina esaldia, interpretazio okerren —eta batzuetan maltzurren— bidez, erdaldunen gutxiespentzat jo dute askok. Orain, berriz, ez al da gero eta indartsuago sumatzen bazterretan, zuzenean esaten ez bada ere, “Erdalduna naiz eta harro nago” aldarrikatu nahia?

Horiei gehitzen badizkiegu, halakorik zuzenean ez esan arren, “Euskaraz analfabetoa naiz eta harro nago” aldarrikatzen dutenak —gutxieneko alfabetatze maila eskatzen duten jardueretarako erdararekin aski dutenez, euskaraz alfabetatu beharrik sentitzen ez duten euskaldunak—, panorama eskasa du euskarak hurrengo urte eta hamarkadetarako.

Noreuskalagoka-k ez ditu lagungarri izango.