Normaltasuna arte bihurtuta

Normaltasuna arte bihurtuta

Unai Zubeldia

Kultura garaikidearen topaketa. Horixe da Irungo Kontenporanea jaialdia, gaur hasi eta igandera arte egingo dutena. “Hiru egunez, kultura eta arte garaikidea gerturatzeko eta erraz ulertzeko hainbat jarduera eskainiko ditugu”, adierazi du Marian Mateos Irungo Udaleko kultur teknikariak. “Normaltasunaren jaialdia” izan nahiko luke aurtengoak, eta, bide horretan, ohiko data berreskuratzea izan da pauso garrantzitsuetako bat. Urtebeteko geldialdiaren ondoren, uztailean egin zuten iazko Kontenporanea jaialdia, eta maiatzera itzuliko dira aurten. “Bi egun izan zituen, gainera, iazko jaialdiak, eta hiru izango ditu aurtengoak”. Horrez gain, iazko oztopoak ere ahaztu egingo dituzte aurten. “Hesiak, edukiera mugak… Horrek guztiak parte hartzea erraztuko duela espero dugu”, ondorioztatu du Mateosek. Irungo San Juan plaza izango da gune nagusia.

“Lehengoratzea” izango da, beraz, nolabait, Irungo Kontenporanea jaialdia berritzea; berezko izaerari eutsiko diola ziurtatu du Mateosek. “Beste toki batzuetan aurkitu ezin daitezkeen zenbait gauzarekin topo egiteko aukera ematen du Kontenporaneak: performanceak izaten ditugu, zuzeneko aurkezpenak, saio esperimentalak…”. Ezaugarri nagusia “modu librean gozatzeko aukera” dela uste du Irungo Udaleko kultur teknikariak. “Toki ireki batean egiten dugu jaialdia, Irungo San Juan plazan, eta askatasunez gerturatzeko, ikusteko eta parte hartzeko aukera izaten da. Kultura garaikidea hiriaren eguneroko martxan txertatzeko beste aukera bat da jaialdi hau”.

Ekosistema enpatikoak, gai hori izango du ardatz aurtengo jaialdiak, eta, urtero bezala, euren obrak erakusteko aukera izango dute nazioarteko zortzi artistak. “41 lan jaso ditugu aurten, eta horietatik zortzi aukeratu ditugu. Formatu handian inprimatuko ditugu zortzi artista horien lanak, 2×3 metroko olanetan, eta bisita gidatuak ere antolatu ditugu, artista bakoitzaren lanak hobeto ezagutu eta ulertu ahal izateko”. Kopuruari dagokionez, duela hiruzpalau urte, “pandemia baino lehen”, laurogei bat lan jaso zituztela jakinarazi du Irungo Udaleko kultur teknikariak. “Baina pozik gaude aurtengo kopuruarekin, jendeari kosta egiten zaiolako lanak aurkeztea”. Adibide gisa, 21 lan jaso zituzten iaz.

Haurrentzat tailerra aurten

Nazioarteko zortzi artistaren erakusketa nagusi horrez gain, berritasun gisa, umeentzako tailer bat prestatu dute aurten. “Fanzine haur tailerra izango dugu, 5 urtetik 13 urtera arteko haur eta gazteentzat. Orain arte ez dugu izan halakorik; helduei begirako jaialdia prestatu izan dugu beti, baina uste dugu txikitatik hasi beharra dagoela horrelako ekintzak egiten”. Besteak beste, Saioa Olmo, Raquel Asensi eta Miriam Loidiren instalazioak ere ikusi ahal izango dira gaurtik igandera, Irunen. “Hirurak erreferentzia dira arte garaikidean”. Eta ez dira faltako zinema tailerrak, performance eskultorikoak, kontzertu esperimentalak…

IRUNGO KONTENPORANEA JAIALDIA

Iaz, pandemia egoerak baldintzatuta, ezin izan zuten egin halakorik, baina aurten, igandearekin, arte merkatua berreskuratuko du Kontenporaneak. 10:30etik 15:00etara egongo dira ikusgai Julia Lasa, Iraitz Arabolaza, Galar costura, Tokilia.laines, Maere Sagarzazu, Amaetabiok eta Berta Tolosaren lanak. Mateosek azaldu duenez, bertan aurkeztuko dituzte artistei laguntzeko bideratutako diru laguntzen emaitzak. “Artista gazteei laguntzen saiatzen gara bereziki. Izaro Ieregi eta Raquel Asensi izan ziren iazko irabazleak, eta biek aurtengo Kontenporanea jaialdian aurkeztuko dituzte euren lanak, agertoki nagusian”. Performancea egingo du Ieregik eta zeramikarekin egindako lanak erakutsiko ditu Asensik.

Artisten obrak ikusi bakarrik ez, etxera eramateko aukera ere izango da aurten. “Izan ere, Artoteka sailari esker, hainbat arte pieza herritarren eskura jarri ditugu hiriko hainbat saltokitan, eta, hala nahi dutenek, aukera izango dute hiru hilabeterako etxera eramateko”. Mateosek argitu du “arte garaikidearen ezagutza eta inplikazioa gizarteratzeko beste saiakera bat” dela aurten lehen aldiz egingo duten ekintza hori.

Egitaraua, gazteen esku

Irungo Kontenporanea jaialdiak badauka beste bereizgarri bat ere: urtero, hiru gazte aritzen dira antolaketa lanetan —30 urtetik beherakoak—. “Hori da Kontenporanearen arima”, zehaztu du Mateosek. “Helburua da diseinu arloan, kulturan, kultur bitartekaritzan… aritzen diren gazteei horrelako ekintza bat antolatzeko aukera ematea. Saltsa handia da, zaila da, baina asko ikasten dute”. Ane Borreguero —irudi grafikoa eta dokumentazioa—, Iratxe Aires —edukien programazioa eta bitartekaritza—, eta Jone Pujana —sareetako komunikazioa eta espazioaren diseinua— ariko dira aurten lan horretan, Bidasoa eskualdekoak hirurak.

2015ean ekin zion bideari Kontenporanea jaialdiak, eta, Mateosen ustez, sendotzen ari da topaketa, “beti egoten diren arren hobetzeko gauzak”. Irungo kultur teknikariaren hitzetan, “ereduak aldatuz joatea” da arrakastarako gakoa. “Guk mantendu egin dugu eredua azken urteotan, baina hori berrikusi beharra daukagu, unean uneko errealitatearen isla izateko. Pedagogia lana egitea ere badagokigu guri, eta eskualdeko gazteei eta artistei aukera ematea ere bada gure helburua”.

Zerura begira daramate aste osoa Irunen, astebururako eguraldi ona egingo duen itxaropenari helduta. Eguzkia, sargori eta euririk ez, gaur-gaurkoz horixe da iragarpena. “Eta eskerrak, kalean egiten dugun ekitaldia izanik, ezinbestekoa delako eguraldi ona izatea”. Herritarrei, berriz, Irunera gerturatzeko dei egin die Mateosek. “Kostatu egiten zaigu horrelako jaialdietan parte hartzea, ez gaude ohituta arte garaikideko lanak jarraitzera, eta gerturatzeak beldurra ere ematen digu batzuetan. Baina jaialdi hau aukera polita da gauzak egiteko beste modu batzuk badaudela ezagutzeko eta ulertzeko”. Irungo Udaleko kultur teknikariak uste du Kontenporanea aukera ona dela “burua askatzeko, disfrutatzeko eta ikasteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.