Bi urtez egositako proiektua

Bi urtez egositako proiektua

Unai Zubeldia

COVID-19ak ezerezean utzi zituen proiektuetako bat da Bergarako Ekinez musika jaialdia. “Pandemia iritsi aurretik, Brigade Loco eta Kaleko Urdangak Bergarako banden diskoaren aurkezpen bateratua hitzartuta geneukan udalarekin; herriko plazan egitekoak ginen”. Julen Iñarra Bergarako Ekinez musika jaialdiaren antolatzaileak, ordea, zehaztu du orduantxe iritsi zela etxeratzeko agindua, 2020ko martxoan. “Eta ez aurrera, ez atzera gelditu zen proiektua”. Hori bai, pandemia betean ere jaialdi formatu bat irudikatuz joan zirela argitu du Ekinez musika jaialdiaren antolatzaileak, “musika alternatiboari berez dagokion tokia egiteko”.

Ia bi urte geroago, gaur eta bihar egingo dute, lehen aldiz, Ekinez jaialdia, Bergaran. Hemezortzi musika talde igoko dira Agorrosin futbol zelaiko oholtzara: zortzi gaur —Kaleko Urdangak, Rotten XIII, Azken Sustraiak eta Unidad Alavesa tartean— eta hamar bihar —Brigade Loco, Des-kontrol, Jonny Gerriwelt eta Neallta Fola tartean—. Gaur eta bihar 17:00etan zabalduko dituzte Agorrosin futbol zelaiko ateak, eta bi egunetan 18:00etan hasiko da lehen kontzertua; jaialdiak 04:00ak arte irautea espero dute antolatzaileek.

Jan-edana ere izango da

“Berezia izango da espazioa bera. Berregituratzekoak dira Agorrosin futbol zelaia, eta horixe baliatu dugu kontzertuak hara eramateko”. Iñarraren hitzetan, ondorio argi bat izan du aldaketa horrek: “4.500 lagunentzako tokia izango dugu”. 12×10 metroko eszenatokia prestatu dute jaialdirako, estalia, eta “barra zerbitzu handia” eskainiko dutela aurreratu du antolatzaileak. “Futbol zelaiaren atzealdean, berriz, atseden hartzeko gune bat sortuko dugu; kontzertu bat amaitu eta hurrengoa hasten den bitartean DJak ariko dira bertan, barra zerbitzu bat ere izango da, eta baita jana erosteko aukera ere”.

Euskal Herriko musika taldeei deika hasi, eta “oso erantzun ona” jaso zuten Ekinez jaialdiaren antolatzaileek. “Izugarria izan da taldeen jarrera, eta zer esanik ez musika zaleena. Sarrerak salgai jarri genituen egunean bertan asko saldu genituen”. Oraindik ere sarreraren bat edo beste salgai dagoela argitu du Iñarrak. “Baina harrigarria da 4.500 musika zale elkartzea; Bergaran aspaldian inork ez du antolatu horrelako ekitaldi masiborik, eta eskerrak eman nahi dizkiegu bergararrei, Bergarako Udalari eta parte hartuko duten musika banda guztiei”. Antolatzaileek ez zuten espero halako erantzunik, baina punk, rock eta oi! musikak zale asko erakartzen dituela berretsi dutela defendatu du Iñarrak. “Guk eraldaketa tresna eta erreibindikazio gisa ulertzen dugu kultura”.

Horregatik, zalantzan dagoenari Bergarara joateko dei egin die Iñarrak. “Gogotsu dago herria, eta mimo handiz prestatu dugu jaialdia; zaindutako ekitaldia izango da Ekinez”. Horren erakusgarri, azoka bat ere jarriko dute gaur eta bihar Agorrosin inguruan, eta talde bakoitzak bere materiala saltzeko aukera izango du bertan. “Azken batean, jaialdia musika bandentzat plataforma bat izan dadin nahi dugu. Kultura bultzatu nahi dugu, musika bultzatu nahi dugu”.

Jarraitzeko helburuarekin

Kontzertuak kanpoaldean izaki, eguraldiari begira egon dira antolatzaileak. “Kontzertuak antolatzen ditugunok ohituta gaude etengabe horrela ibiltzera, eta ea oraingoan ondo erantzuten duen. Ez da karparik egongo, baina euria eginda ere bermatuta dago jaialdia”. Printzipioz, ez gaur eta ez bihar ez dago euri arriskurik.

Ekinez jaialdiak hurrengo urteetan jarraipena izatea da antolatzaileen asmoa. “Guk tinko heldu diogu musika alternatiboaren filosofiari”. Euskal Herriko musika taldeei deika jarraituko dutela ere ziurtatu du Iñarrak. “Euskal Herrikoei, eta, bereziki, Bergarakoei, gustatuko litzaiguke-eta jaialdiak herri izaera horri eustea eta Bergaran errotzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.