“Herri lanean” antolatutako Eskola Txikien Eguna, etzi, Errezilen

M. Garate

Gipuzkoako eskola txiki gehienek dituzten hiru ezaugarriak betetzen ditu Errezilgo San Martin herri eskolak ere: txikia da, 54 ikasle baino ez baititu —hemeretzi HHn eta 35 LHn—; adin desberdinetako ikasleak nahasten dituzte geletan —hau da, urte batean urtebete zaharragoekin egoten dira, eta, hurrengoan, urtebete gazteagokoekin—; eta landa eremuan dago. Hari dagokio Eskola Txikien 34. Eguna hartzea. Igandean izango da, ohi bezala, Eskola txikiak bizirik leloarekin. Auzolanean, edo, are gehiago, “herri lanean” antolatutako eguna izango dela esan du Oihana Trula Toki Alai guraso elkarteko ordezkariak.

Trulak nabarmendu du Errezilgo eskola “gertukoa” dela gurasoen ikuspegitik. Gertutasun horri esker, irakasleekin beste toki batzuetan baino harreman “askoz estuagoa” dutela dio, baita gurasoen artean ere. “Baina, batik bat, umeekin dugun lotura nabarmenduko nuke; ez bakarrik gure umeekin, herriko umeekin ere bai. Horrelako eskola txiki batek aukera ematen baitu denekin harremana izateko”.

Zarauztik joan zen Trula Errezilera bizitzera, eta bereziki deigarria iruditu zaio eskolak landa eremuarekin duen harremana. “Ama lurraren inguruan dauden ogibide eta jarduera guztiei ematen zaie garrantzia. Urtean zehar egiten dituzten proiektuek baserri munduarekin, naturarekin, animaliekin… izaten dute lotura. Hori oso aberasgarria iruditzen zait, bai umeentzat, bai guretzat”. Pandemiaren aurretik, adibidez, Errezil gure herria proiektua izan zuten eskolan, eta ikasleek ibilaldiak egiten zituzten askotariko produktuetan (sagarra, ogia…) espezializatutako inguruko baserrietara.

LH amaitu arteko eskaintza dute herrian, eta, handik, gehienak Azpeitira joan ohi dira DBH egitera, garraio publikoa ere hara bideratuta dagoelako. Goizeko zaintza zerbitzua eta jangela ere badituzte Errezilen. “Gero eta hobeto gaude zerbitzuei dagokienez”. Ume kopuruari dagokionez, berriz, azken urteak “oparoak” izan dira, eta eskola “bizi-bizirik” dagoela esan du gurasoen ordezkariak.

Trularen iritziz, herri txikien iraupenerako “tresnarik garrantzitsuena” dira eskola txikiak. “Eskolek ematen diote bizia herriari. Herri txiki asko, eskolarik gabe, hiltzen joango lirateke”. Horregatik, uste du herriarentzat berezia izan dela Eskola Txikien Eguna antolatzea ere.

Gurasoek hartu zuten ardurarik handiena hasieran, eta taldeetan antolatu ziren, lanak banatu ahal izateko. Eguna gerturatzen joan ahala, ordea, boluntarioak ere eskatu dituzte, eta herritarrek erantzun dute. “Laguntza hori gakoa da horrelako herri txiki batean”. Esker ona adierazi nahi diete irakasleei, eskolei, aurreko urteetako jaiak antolatu dituzten eskoletako kideei eta ekarpen ekonomikoak egin dituzten inguruko enpresa eta erakundeei ere.

Autobusak, bi gunetatik

“Adin guztietako jendeak gozatzeko moduko egitaraua” prestatu dutela kontatu du Trulak. Herrigunea festarako gune bihurtu nahi dute; horregatik, ezingo da autoz joan. Bi aparkaleku prestatuko dituzte kanpoaldean: Azpeiti aldetik datozenentzat, Domusa Teknik enpresaren aparkalekuan; eta, Tolosa aldetik datozenentzat, Bidania-Goiazko industrialdean. Horietatik autobus zerbitzua ibiliko da joan-etorrian, 09:00etatik 21:00etara bitartean. Kontsigna zerbitzua ere jarriko dute, gauzak gorde ahal izateko.

Jendea pilatzen den lekuetan ibili nahi ez dutenei ere gomendatu die Trulak etzi Errezilera joatea; besteak beste, “herriak dituen parajeez gozatzeko eta Sagarraren ibilbidea egiteko” aprobetxa dezaketelako.

Errezilen ostean, Lizartzako eskolari egokituko zaio Eskola Txikien Eguna antolatzea datorren urtean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.