Heziketarako mahai jokoa

Heziketarako mahai jokoa

Juan Luis Romatet

Pausoz pauso batzuk, eta espazio osoa zeharkatuz besteak. Hala mugitzen dira xakeko piezak taula gainean. Kirola batzuentzat, mahai jokoa besteentzat, hori baino gehiago ere izan daiteke tarteka. Izan ere, hezkuntza proiektu oso bat ere abia daiteke peoi, alfil eta errege-erreginen dantzatik.

Hala erakutsi dute ikasturte honetan Zumaiako Oikia auzoko eskola txikian: ikastetxeko hezkidetza proiektu baten oinarria izan da xakea. “Betidanik izan dut gustuko xakea”, esan du Oikiako eskola txikiko zuzendari Itziar Gartziarena Arrietak. “Matematikako irakaslea ere banaiz, eta, orain urte batzuk, ikasgai honetako klaseetan xakea txertatzeko saiakera egin nuen”. Haurrei xakean aritzea gustatu zitzaiela azaldu du. “Baina ohartu nintzen beste zerbaitek egon behar duela horren atzean. Orain pare bat urte, xakean oinarritutako formakuntza eskaintza bat heldu zitzaigun, Julian Perezen Siete colores del ajedrez educativo [Xake hezitzailearen zazpi kolore] liburuan oinarritutakoa”. Eskolan xakea lantzera bideratuta zegoen eskaintza zen Perezena.

Nola sartu, baina, mahai joko bat eskola baten egunerokoan? Hori izan zuten erronka Oikian. “Ikusi genuen xakeak harreman estua zuela hezkidetzarekin, eta [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailari eskatu genion proiektu hori lantzeko aukera emateko”. Iaz onartu zieten eskaera.

OIKIAKO ESKOLA TXIKIA

Oikiako eskola txikian uste dute xakeak transmititzen dituen zenbait baliok bat egiten dutela hezkidetzan lantzen dituzten gai askorekin. “Errespetuzko jokoa da, eta leialtasuna eta zintzotasuna sustatzen ditu, besteak beste. Balio horiek gure irakaskuntza prozesuan antzeman daitezen nahi izan dugu”, gaineratu du Aritz Gorriti Arrube Oikiako eskola txikiko irakasleak eta hezkidetza proiektuaren arduradunak. Balio horiek ikasgelatik atera nahi izan dituzte, “modu ludikoagoan lantzeko”. Gorritiren hitzetan, “jolasen balio hezitzaileei” buruzko ikerketa asko daude. “Aipatzen dute, besteak beste, jolasek sozializazioan laguntzen dutela, gatazkak konpontzeko balio dutela, norberaren autonomian konfiantza hartzen laguntzen dutela, eta, batez ere, motibaziorako tresna apartak direla. Horregatik, lanketa bat egin genuen xakea ikasgai akademikoetarako erreminta bihurtzeko”.

Irudimena, ezinbestekoa

Gorritik azaldu duenez, irudimena erabili behar izan dute mahai jokoaren balio horiek eskola mundura eramateko. “Taulaz baliatuz, adibidez, gizarteko botere harremanak landu ditugu; profil bat bestearen gainetik ez hobesteko saiakerak egin ditugu; imajinatu dugu xakeko sei pieza horiek nolakoak izango liratekeen hezur eta haragizkoak izango balira…”. Genero identitateak ere landu dituzte, neska eta mutila izateak zer ondorio dituen aztertuta. “Zuri-beltz koloreek ere joko handia eman digute azalaren kolorearen inguruan hausnartzeko; baita erreginaren figurak ere, pieza bakarra izanda ere taula osoan mugi daitekeelako”.

Aurtengo inauterietan egindako mozorro jaialdia izan da xakearen inguruan antolatutako ekintzetako bat. Xakearen inguruko mozorro festa tematiko bat egin zuten: eskolako ikasleak eta irakasleak xakeko pieza bizidun bihurtuta, partida bat jokatu zuten jolastokian margotutako taula erraldoian. Jaialdi hori prestatzeak “lan handia” sortu ziela azpimarratu du irakasleak. “Klaustroan asko landu genuen gai hori, eta nekeza izan zen mozorroak egitea bera ere”. Ez hori bakarrik, pieza bizidunak zuriz edo beltzez, zegokien koloreekin goitik behera janztea edo margotzea ere erabaki zuten. “Azkazalak barne. Ikasle askori, gehienbat mutilei, erreparoa eragin zien horrek, baina, margotu zituztenean, handik hilabetera oraindik pintura arrastoak zituzten azkazaletan. Azkazalak margotze horrek bakarrik hezkidetzarekin lotzeko beste aukera bat eman zigun denoi”.

Urtean zehar ohartu dira, halaber, xakearen inguruko eduki oso gutxi dagoela euskaraz. Hori dela eta, materiala sortzen hasi dira ikasturte honetan. “Youtuben Oikiako eskolaren kontua sortu dugu, eta pixkanaka joango gara bideo gehiago jarriz”, dio Gartziarenak.

Gurasoei gonbita

Eskolako zuzendariak esan du lanketarekin hasi besterik ez direla egin. “Asko dago egiteko”. Hurrengo erronka, “agian”, xakea irakasleek eurek irakastea izango dela gaineratu du. “Eta, akaso, gurasoak gonbidatzea torneotxo bat jokatzeko. Guztia ezin da egin urte bakarrean, baina irauteko egindako proiektu bat da hau”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.