Elena Ramirez: “Donostia errenta altukoentzako hiri bihurtu nahi dute”

Elena Ramirez: “Donostia errenta altukoentzako hiri bihurtu nahi dute”

Miren Garate

Berrogei auzo elkarte eta herri mugimenduk baino gehiagok deituta —Bizilagunekin plataforma, Herritarren Harrera Sarea, Bilgune feminista, Ancora, Altza XXI herri ekimena, Egia Bizirik auzo elkartea…—, manifestazioa egingo dute bihar Donostian. “Etxebizitza larrialdia, hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea, kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa, elitizazioa, hirigintza politika, ondare arkitektonikoaren suntsiketa eta hiri antolamendurako plan orokorraren negoziazio prozesua” salatu nahi dituzte. Araba parketik abiatuko dira, 18:00etan. Elena Ramirez Bizilagunekin plataformako kidearen esanetan (Bartzelona, 1991), hainbeste eragile batzea “arazoaren garrantziaren erakusgarri” da.

Berrogei auzo elkarte eta herri mugimendu inguruk deitu duzue larunbateko manifestaziora. Aurrez ere bazegoen elkarlan bat zuen artean?

Bada denbora bat elkarrekin hiri ereduaren inguruko lan batzuk edo ekinbide batzuk lantzen hasi ginenetik. Iaz, adibidez, etxebizitzaren inguruko manifestazio bat egin genuen. Eragile bakoitzak bere esparruan lan egiten du, baina bildu gara uste dugulako oso garrantzitsua dela indarrak batzea eta aldarrikatzea Donostiako hiri ereduak gero eta ondorio kaltegarriagoak sortzen dituela gure bizitzetan; hainbeste kolektibo izateak laguntzen du arazoaren tamaina edo larritasuna ikusten.

Donostia berreskuratu, hiri eredua aldatu! leloa jarri diozue manifestazioari. Zer esan nahi duzue horrekin?

Arazo berberak hainbat adar ditu: Donostia errenta altukoentzako hiri bihurtu nahi dute, sektore ekonomiko jakin batzuk aberasteko. Eremu askotara iritsi da eredu hori: eragina du ondare natural eta historikoan, ondare arkitektonikoan, hiriaren azpiegituretan, etxebizitzan… Eremu guztiak sektore eta eredu ekonomiko batzuen esku utzi izana oso eragin kaltegarria izaten ari da herritarren bizitzetan, eta hori adierazi nahi dugu lelo horrekin.

Hainbat arazo aipatzen dituzue manifestaziorako egin duzuen deialdian: “Hiriaren elitizazioa, kaleen masifikazioa, etxebizitza larrialdia…”. Gehientsuenek dute zuzeneko eta zeharkako lotura turismoarekin. Zer eskatzen duzue turismoaren sektoreari lotuta?

Turismoa sektore ekonomiko indartsua da hiri honetan, eta ikusten dugu ez zaiola mugarik jarri oraindik; kontrakoa, ate guztiak irekitzen zaizkio, gero eta indar handiagoa izateko. Uste dugu sektore ekonomiko horrek gure bizitzak prekarizatzen dituela: lan esplotazioa dago, espazioa pribatizatzen du, oso erasokorra da eremu naturaletan… Turismoarena ez da gure ongizatea bermatzen duen sektore bat, eta Donostian gero eta indartsuagoa dela ikusten dugu. Iritsi da muga jartzeko ordua.

Turismoa sustatzearen garrantziari lotuta erabiltzen diren argudioetako bat da enplegua sortzen duela.

Zalantzan jarri behar da hazkundearen ideia, eta hasi behar gara indartzen herritarren ongizatea bermatzen duten sektoreak. Egia da hirian lanpostu asko daudela turismoari lotuta, baina pentsatu behar dugu ea ekonomia horretan oinarritzea nahi dugun; hau da, lanpostu mota horietan. Ikusi behar da zer baldintzatan lan egiten den sektorean eta eredu turistiko hori zer punturaino den onuragarria hirian bizi garenontzat, ez bakarrik sektorearen atzean dauden gutxi batzuentzat.

Zuen eskaeren harira, zer-nolako harremana duzue Donostiako Udalarekin? Ba al dago elkarlanik?

Ez dugu harreman handirik. Uste dugu botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari utzi diotela, eta erabaki asko interes ekonomiko pribatuak asetzera bakarrik daudela bideratuta. Beraz, aipatzekoa da guk aurre egin nahi diogun hiri eredua ez dela udalarena bakarrik; inbertsoreak, tokiko eta kanpoko enpresak, eta hedabide batzuk ere horren sustatzaileak dira.

Langabezia tasari, per capita errentari, kriminalitate tasari eta bestelako datu batzuei erreparatuta, bizi kalitate handiko hiritzat jo ohi da Donostia. Bat egiten duzue uste horrekin?

Guk ikusten duguna da gero eta elitizatuago dagoela hiria, eta kopuru horietan ez dira agertzen kalean bizi direnak, beren etxeen balioa handitu eta alokairua ordaindu ezinik auzotik alde egin behar izan dutenak… Datuen atzean zer errealitate dauden ere begiratu behar da.

“Elitizazio” hori hiri osoan igartzen duzue edo auzo batzuetara mugatzen da?

Askotan pentsatzen dugu auzo bakoitzak bere arazoak eta lanketak dituela, eta manifestazioan aldarrikatuko dugu hemen arazo bat dugula eta arazo horrek auzoen logika gainditzen duela. Pentsatu behar dugu kolektiboki nola aurre egin, dinamika orokor batekin; azkenean, Parte Zaharrean gertatzen dena Intxaurrondora ere iristen delako, edo Antiguan gertatzen dena, Txominera. Auzoetan gertatzen diren gauza batzuk ehunekotan neurtzea zaila da: harreman sareak daude, sare komunitarioak, bizimoduak, hiri proiektuak… Eta hori guztia mantentzea oso beharrezkoa da, herritarron ongizatearen parte delako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.