“Milioika irudi daude egun, baina argazki eta argazkilari gutxi”

“Milioika irudi daude egun, baina argazki eta argazkilari gutxi”

Maria Ortega Zubiate

Jose Luis Irigoienek (Bilbo, 1946) ia bizi osoa darama argazki kamerari lotuta: 17 urterekin hartu zuen bere lehenengo kamera, eta harrezkero apenas eman dion bakerik gailuari. 1982an heldu zen Eibarrera, eta heldu eta gutxira egin zuen bere tokia herriko argazkilaritza elkartean. Orain, 76 urte betetzear dela, 34.000 argazkitik gora ditu bere artxiboan, herriko eta bere bizitzako memoria osatzen dutenak; horretarako ere bai baitira argazkiak, Irigoienen ustez: “Memoriarako oso tresna erabilgarriak”.

Jendeak, agian, ez du jakingo, baina zu ez zara Eibarkoa; jaiotzez bizkaitarra zara.

Bai, jaiotzez bilbotarra naiz, baina ama santurtziarra da [Bizkaia], eta txikitan bertara joan ginen bizitzera. Gero, Ondarroan ere [Bizkaia] bizi izan nintzen, eta duela berrogei urte etorri nintzen hona, Eibarrera.

Ingeniaria zara lanbidez, baina argazkilaritza da zure pasioa. Nola hasi zinen?

Argazkilaritzan Santurtzin hasi nintzen ni, 17 urterekin. Talde bat sortu genuen, Bihotz Gaztea izenekoa. 1963an hasi ginen argazkiak errebelatzen eta beste. Garai hartarako oso aurreratuak ginen, eta oso teknika bereziak erabiltzen genituen; denetik egiten genuen. Handik aurrera, argazkiak egiten jarraitu nuen, zazpi hilean izan ezik, 1968an kartzelara eraman baininduten. Sasoi hori kenduta, beti egon izan naiz argazkilaritzari lotuta; niretzako ateratzen nituen argazkiak, niri gustatzen zitzaizkidan bezala. Argazki sariketetan parte hartzen hasi nintzen, baina duela urte dezente utzi nituen lehiaketak. Eibarkoan parte hartzen dut, noski, eta baita Gipuzkoako Argazkilaritza Elkartekoan ere, bazkide naizelako. Baina 1980ko hamarkadan erakusketetarako argazkiak egiten hasi nintzen, eta berrogei urte hauetan berrehun baino gehiago egin ditut, denak neuk bakarrik. Doan egiten ditut, ez delako nire negozioa; gustatzen zaidalako egiten dut.

Hain zuzen ere, Eibarrekin horrela egin zenuen lehen harremana, sariketa baten bidez. Hasiera-hasieratik argazkilaritzari lotutakoa izan zen Eibarrekin zenuen harremana?

Baietz esan daiteke. 1983an, Eibarrera etorri eta gutxira, argazki lehiaketa bat antolatu zuen Klub Deportibok. Argazkiak aurkeztu nituen, eta irabazi egin nuen. Orduan, esan zidaten ea argazkilaritza ikastaro bat emango nuen, taldeari bultzada emateko, eta baietz esan nuen; jende asko etorri zen. Herritar horiek taldean jarraitu zuten, eta horrela berpiztu zen gaurko taldea. Oraindik jarraitzen dugu Klub Deportibon urtero erakusketak antolatzen. Oso argazkilari onak daude taldean; asko lehen mailakoak direla esango nuke. Urte asko daramatzagu lanean, eta nabaritzen da horren eragina.

Argazkilaritzak lagundu dizu, beraz, jendea ezagutzen?

Jende asko ezagutu dut honi esker, noski, eta askok ezagutzen naute argazkilari izateagatik. Jende askorekin batu naiz argazkilaritzaren ondorioz, Eibarren eta bertatik kanpo. Udalean ere egon nintzen Kultura Saileko aholkulari lanetan, eta horregatik ere ezagutzen nau jendeak. Jende mordoa pasatu da erakusketa, ikastaro eta halakoetatik, eta nik ere jende asko ezagutzen dut lan horri esker. Nire etxeko estudioan ere lan asko egin dut, adibidez, modeloekin, eta hor ere ezagutu dut jendea. Horretarako, ordea, konfiantzazkoa izan behar duzu, jendeak fidatu egin behar du. Bidaietan ere aritu naiz argazkilari lanetan. Denetik egin dut.

Gogoan al duzu Eibarri egin zenion lehen argazkia?

Eibarren, ziurrenik, Toribio Etxebarria kalekoa izango zen lehen argazkia, behetik gora angeluar batekin ateratakoa. Nahiko iluna zen argazkia, horrelakoa baitzen Eibar: iluna eta zikina.

Memoria egiteko era bat da herriko argazkilaritza hori?

Bai. Esate baterako, hemen egon zen herriko industrialde kaltetuetan lan egin nahi zuen arkitekto talde bat, eta gurekin jarri ziren harremanetan argazkiak ateratzeko. Matsaria auzoan ibili nintzen ni, industria askoko lekuan. Orduko gauza batzuk desagertuta daude, eta jendeak ez du jakingo nolakoak ziren. Ez badago argazkirik, ezin da jakin. Eibarren askotan gertatu da hori: gerra garaian suntsituta geratu zen herria, baina geroztik ere eraikin batzuk bota egin dituzte, haien ondarea kontuan hartu barik. Horretarako, garrantzitsua da argazkilaritza. Herriak aldatzen ari dira, eta Eibarren, gainera, Alde Zaharrik ez dagoenez, dena bota dezakete. Orduan, non geratzen da historia? Memoria mantentzeko oso tresna erabilgarria litzateke argazkilaritza.

Eibarren, gainera, izan ziren oso argazkilari on batzuk: Indalecio Ojanguren, [Feliciano] Castrillo Ortuoste… Horien artxiboa oso interesgarria da, eta gehienak udaletxean daude; diputazioan ere badaude batzuk. Garrantzitsuak dira. Nire argazkietan ere agertzen dira gauza zaharrak, noski, asko aldatu baita herria. Agian, politagoa da orain.

Memoria egiteko soilik ez, beste ikuspegi bat eskaintzeko ere balio izan dizu argazkilaritzak, ezta?

Noski. Errealitatearen zati bat bakarrik da argazkia. Norberak aukeratzen du argazkian zer sartu nahi duen. Ni, esate baterako, Mendebaldeko Saharan egon nintzen, eta 150 argazki atera nituen bertan. Han zer ikusten da? Jendearen bizimodua, gogortasuna, klima… baina duintasuna ikusi nuen nik. Izugarrizko duintasuna dute hango herritarrek. Errefuxiatu kanpalekuak dira, berez ez daukate ezer, baina badaukate: duintasuna daukate. Hori islatzea lortu nuela uste dut. Argazkiek zuri-beltzekoak izan behar zutela erabaki nuen, horrek adierazten zuelako ondoen hango egoera.

Gauza bera gertatu zitzaidan Indian. Oso txiroa da herrialde hori, baina kolore asko dago. Eta argazkiak kolore hori erakutsiz egiten badituzu, politak ager daitezke. Han miseria dago, ordea. Orduan, zer erakutsi nahi duzun jakin behar da, eta argazkilariak aukeratzen du hori. Han ere zuri-beltzean atera nituen argazkiak.

MENDEBALDEKO SAHARA

Gehien hunkitu duen argazkia. Irigoienek 2001ean bidaia bat egin zuen Mendebaldeko Saharara, eta hango argazkiek asko hunkitu zuten, umeen begiradek. Irudikoa da gustukoen duenetako bat.

Ondo moldatzen zara teknologia berriekin?

Bai, ez dut arazorik izan. Orain arte, argazkilaritza kimikoa egin izan dugu, baina digitala iritsi zen gero. Nik erosi nuen argazki kamera digital bat, baina inpresioak oso txarrak ziren. Etxean inprimatzen hasi nintzen, laborategi kimikoa eta digitala ditudalako. Orain biak egiten ditut, digitala eta analogikoa, nik inprimatuta.

Inprimatzearena aipatu dut, garrantzitsua delako. Izan ere, nik beti esaten dut argazki bat ez dagoela bukatuta paperean egon arte: orduan ikusiko duzu zuk egin nahi zenuen hori ondo islatu duzun edo ez. Berdin gertatzen zen analogikoarekin ere, ez zenekielako zer egin zenuen errebelatu arte, eta horrexegatik ikasi behar zen asko argazkiak egiteko.

Teknologia aldetik, gauzak askoz errazagoak dira orain, baina, nire ustez, jendeari ahaztu egin zaio argazkilaritza zer den: jendeak irudiak ateratzen ditu, baina ez dira benetako argazkiak. Argazkiak zerbait esan behar du. Lehen, bazenekien argazkia zertarako zen; atera aurretik bazenekien zer egin nahi zenuen eta nola egin behar zenuen. Orain, muntaketak egiten dira asko, baina askotan galtzen da argazkilaritzaren benetako zentzua. Milioika irudi daude gaur egun, baina argazki gutxi, eta argazkilariak ere gutxi. Jendeak pentsatu egin behar du argazkia atera aurretik; orduan izango da argazkilaria.

Zuk argazkilari gisa ikusten duzu zeure burua?

Ni ez dakit argazkilaria naizen. Ez da nire lanbidea izan, baina asko gustatzen zait, eta beti saiatzen naiz zentzu bat aurkitzen. Adibidez, bidaiatzera joan naizenetan, inoiz ez naiz joan izan turista bezala leku politak ikustera, baizik eta argazkiak ateratzera. Etxean, paperean, prest ditut 4.000 argazki baino gehiago; norbaitek erakusketa bat egin nahiko balu, prest daude. Nire webgunean ere badaude. Lan hori guztia egin eta gero, estiloa garatzen duzu, denborarekin, ikasiz, begiratuz, argazki asko aterata… Lan handia eskatzen du argazkilaritzak.

Eibarren zure lana aitortzen dutela uste duzu?

Aitortu? Ez dakit. Inor ez da profeta bere lurraldean. Udalak, eta politikari bakoitzak, bere lehentasunak dituzte, baita kultur arloko politikariek ere. Nik lan asko dauzkat eginda, eta inork ez dit galdetu horrekin zer egin dezakegun. Ia 76 urterekin, argazkiak egiten jarraitzen dut. Nire negatibo guztiak, 34.000 baino gehiago, digitalizatuta dauzkat, badaezpada ere, ez galtzeko. Eta negatibo digital horien kopiak hiru disko gogorretan dauzkat gordeta. Baina urteak aurrera doaz, eta material hori galdu egingo da ezer egiten ez bada. Uste dut interesgarria litzatekeela lan hori guztia gordetzea, jendeak jakin dezan herrian zer gertatu den. Ez dakit, ordea, interesik badagoen.

Uste dut leku askotan gertatzen dela hori: kultur arloan, argazkilaritza da kaltetuena. Guk gaitasuna badugu gauza onak lortzeko, baina dirua ez da nahikoa. Nire lana eta argazkilaritza, orokorrean hartuta, ez daude ondo zainduta, ez Eibarren, ez beste leku askotan. Dirua ez da nahikoa, ezta aitortza ere. Nire erakusketek sona handiagoa izan dute kanpoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.