Ane Gartziandia: “Artzain Eskolaren eredua izango du Behizain Eskolak”

Ane Gartziandia: “Artzain Eskolaren eredua izango du Behizain Eskolak”

Miren Garate

Esnetarako behien sektoreko krisian “leihotxo txiki bat” izan nahi du Behizain Eskolak, Ane Gartziandia (Donostia, 1973) eskolaren koordinatzailearen esanetan. Aretxabaletako Areantza Etxebarri baserrian egongo da, baina, han ez ezik, beste baserri batzuetan ere egingo dituzte praktikak ikasleek, “funtzionatzeko modu ezberdinak ikusi ahal izateko”.

Aurten proiektu pilotu bat egin ostean, urrian jarriko duzue martxan Behizain Eskola, Aretxabaletako Areantza Etxebarri baserrian. Zergatik eskola?

Gomiztegi artzain eskolara [Oñati] iritsi zitzaigun eskaera: esan ziguten sektoretik bizi nahi dutenentzako edo sektorera sartu nahi dutenentzako prestakuntza zuzen baten beharra ikusten zela. Egokia ikusten zen behizainentzat ere jartzea Gomiztegiko eredua; hala, Artzain Eskolako eredua izango du Behizain Eskolak. Zenbait ustiategik eskulan kualifikatua ere behar dute, eta hori bultzatu nahi da. Era berean, sektorearen krisi egoera ere ikusarazi nahi zaio gizarteari.

Nekazaritza eskolak eta abar aspalditik daude. Zertan bereizten da Behizain Eskola?

Nekazaritza eskolek prestakuntza arautua eskaintzen dute, askoz sakonagoa, bi urtekoa. Oro har, horietan sartzen diren ikasleek profil gaztea izaten dute. Helarazi ziguten batzuek zerbait zuzenagoa nahi zutela. Batik bat, baserriko erreleboa hartu nahi dutenei eta langile gisa sektorean aritu nahi dutenei bideratuta egongo da Behizain Eskola. Baina osagarriak ere izan daitezke. Eskolara ikastaro trinkoa egin asmoz etortzen diren ikasle oso gazteei lehenik nekazaritza eskolara joateko aholkatzen diegu; alegia, aurrena ikasketak sendotzea eta oraindik sektorean bizimodua egiteko asmoa badute, jo dezatela guregana.

Aipatu duzu Artzain Eskolako eredua izango duela. 25 urte baino gehiago ditu hark. Nolakoa da eskolaren eredu hori?

Alde batetik, teoria lantzen dugu, ogibide horretan landu beharko dituzten gaiei buruzkoa: arlo sanitarioa, zooteknia eta halakoak, baina baita marketina, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta abar ere. Kate osoa lantzea izaten da helburua. Bestetik, praktikak daude. Behizain Eskolan, Areantza Etxebarri baserrian bertan zein beste baserri batzuetan egingo dituzte praktikak; 180 ordu inguru izango dira Areantza Etxebarrin, bertako baserritarrekin, eta 270 ordu beste baserri batzuetan. Proiektu bat ere lantzen dute ikasleek ikastaroan, eta amaieran ideia hori defendatu behar izaten dute: zer egin nahi duten, zer inbertsio eskatzen dituen…

Zein da praktikak baserri batean baino gehiagotan egitearen helburua?

Baserri mundutik datorren jendeak praktika garatua du dagoeneko, baina baserri batean baino gehiagotan egonda, lan egiteko beste modu batzuk ezagutzeko aukera izaten dute; ez hobeak, ez okerragoak, lan egiteko modu desberdinak. Baserri mundukoak ez direnek, berriz, maneiua ulertzen eta autonomia garatzen dute praktiketan. Horrez gain, bisitak ere egiten ditugu astero ustiategietara. Artzain Eskolan, adibidez, ikastaro osoan ia berrogei pasatzen ditugu; eta astebeteko trukea egiten dugu Ipar Euskal Herrira eta beste astebete Kataluniara, eta haietan ere egiten ditugu bisitak.

Esnetarako behien azpisektorea aukeratu duzue. Egoerarik okerrena hor ikusten al duzue?

Historikoki, indar handia izan duen azpisektorea izan da esnetarako behiena, baina gain behera doa, hainbat faktoreren eraginez, eta krisi horretan guztian ea leihotxo txiki bat izaten den eskola hau.

Aurkezpenean esan zenuten eskolaz kanpoko orduetako bizitza ere barne hartuko zenutela, “esne ekoizpeneko, eraldaketako eta animaliak zaintzeko enpresa baten logika eta dinamika ezagutzeko”. Baserrian egin beharko dute lo ikasleek?

Proiektu pilotuko ikasleek ez zuten han lo egin: joan-etorrian ibili ziren. Ikasleen egoera hartuko da kontuan: gertutasuna, beren egoera, zer interes dituzten… Praktikak zer baserritan egin erabakitzeko ere, kontuan hartzen dira ikasleen interesak eta egoera. Egia da eskolaz kanpoko ordu horiek aberastasun handia ematen dutela, landa mundutik datozenak eta ez datozenak elkartzen baitira. Horrez gain, hainbat baserritan egonda, sare bat sortzen eta jendea ezagutzen ere laguntzen da, eta hori ere garrantzitsua da: beste erreferente batzuk ezagutzeko, zalantzaren bat izanez gero nori galdetu jakiteko…

Euskaraz izango al dira eskolak?

Hori ere ikasleen profilaren arabera izango da: guztiek baldin badakite euskaraz, bai, noski; eta, bestela, euskaraz eta gaztelaniaz egin beharko da, agian.

Behizain Eskola martxan jarri aurretik, aurten egin duzue proiektu pilotua. Zer balorazio egiten duzue?

Bost ikasle egon dira, eta oso gustura geratu dira ikasleak eta irakasleak. Pilula ireki batzuk ere eskaini genituen, gainerako abeltzainei irekiak; sektoreko jendea mugitu zuen, eta polita izan zen esperientzia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.