Erreserbako familien eskean

Bi urteko etenaldiaren ondoren, aurten itzuliko da Oporrak Bakean programa. Mendebaldeko Saharako 49 haur iritsiko dira Gipuzkoara. Espainiaren baimena falta da.

Unai Zubeldia

COVID-19ak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, badaezpadako neurri bat hartu du aurten Oporrak Bakean programak: erreserbako familiak behar ditu. Hego Euskal Herrira noiz etorriko zain daude Mendebaldeko Saharako 210 bat haur; herenegun ziren iristekoak berez, baina Espainiako Gobernuaren baimenik gabe, luzatzen ari da itxaronaldia. Espainiako Ministroen Kontseiluak joan den astean, asteartean, onartu zuen baimena ematea, baina BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean publikatu gabe daukate oraindik baimen hori. Gaur-gaurkoz, ez dago datarik zehaztuta, baina dagoeneko prest daude 210 harrera familiak; horietatik 49 dira Gipuzkoakoak.

“Harrerako familia eta haurra elkarrengana ez direla ondo egokitzen; familiako kideren batek COVID-19a daukala; lana edo beharren bat tarteko, azken unean norbaitek atzera egin duela… Horrelako kasuetarako behar ditugu erreserbako familiak”, esan du Eli Eizagirre Oporrak Bakean programaren Gipuzkoako arduradunak. Herritarren eskura daude oporrakbakean@gmail.com helbidea eta 696-01 47 86 telefono zenbakia.

Hainbat urtetan aterpetxeak egokitu izan dituzte Mendebaldeko Saharako zenbait haur bertara eramateko —2019an hemezortzi haur elkartu ziren Gipuzkoako aterpetxean—. “Baina normalean urrian hasten dugun prozesua otsailean abiarazi dugu aurten; azken unera arte aurrera egin, ez egin, zalantzan ibili gara, ez genekielako baimenik izango genuen ere, eta ezinezkoa izan zaigu aterpetxeak egokitzea”. Haur asko gune bakarrean pilatzeak, gainera, “arriskua” daukala azpimarratu du Eizagirrek. “Haur batek positibo emanez gero, denak kutsatzeko arriskua legokeelako”.

Bi hilabeteko programa da Oporrak Bakean. “Baina egun bat, asteburu bat, aste bat, hilabete bat… betetzeko familiak behar ditugu, ezusteak iristean aurre egin ahal izateko”. Eizagirrek argi utzi du “urtez urteko erabakia” izaten dela haur bat bi hilabeterako etxean hartzea. “Eta urte batean hartuta hurrengoan ez dago errepikatu beharrik, nahiz eta gehien-gehienek pausoa ematen duten”. 12 urte bete arte har daitezke haur horiek etxean.

8 urteko haurrak aurten

Beste berritasun bat ere izango du aurten Oporrak Bakean programak: Mendebaldeko Saharako haurren adina. “Aspaldiko partez, 8 urteko neska-mutilak etorriko zaizkigu aurten, nahiko txikiak. Azken urteotan 10-12 urte artekoak etorri izan dira, baina bi urteko pandemia egoerak programa aldatzeko beharra sortu dio Saharako Gobernuari”. Eizagirrek zehaztu duenez, behar bereziak dituzten sei haur ere iritsiko dira aurten Gipuzkoara; kasu horretan, 2019an ere bertan egondakoak izango dira denak. “Azken uneko arazorik ezean, aurretik euren harrera familiak izan zirenen etxera etorriko dira oraingoan ere”.

Funtsean, “haurrak dituen behar guztiei erantzutea” izaten da harrera familien funtzioa. “Mediku errebisioak egitea, esaterako. Beste seme-alaba bat, beste senide bat gehiago izaten da”. Eizagirrek azaldu du “ilusio, urduritasun eta tentsio handiko uneak” izaten direla Mendebaldeko Saharako haurrak iristen direnekoa. “Gogorra da programa, kanpotik datorrelako haurra; gure hizkuntza ez dakielako; beste kultura batetik datorrelako; beste arau batzuk dauzkalako; igogailu bat zer den ez dakielako; igerilekuak, bizikletak, autoak, zuhaitzak… gauza horiek guztiak berriak direlako…”.

Egokitzapen horretan, Saharako haurrek Euskal Herriko ohituretara egokitu behar dutela esan du Eizagirrek. “Baina baita guk haien bizimodura ere”. Bi urteko geldialdiaren eraginez, aurten berriak izango dira harrera familien %96 inguru.

Oporrak Bakean programaren Gipuzkoako arduradunak 2003. urtean erabaki zuen harrera familia izatea. “Eta gaur egun harremana mantentzen dugu gure etxean egon zen neskarekin. Ama da, bi seme-alaba dauzka, eta ilobak bezalakoak dira guretzat”. Eizagirrek ziurtatu du “oso harreman estua” sortzen dela normalean. “Gainera, aukera polita da hango egoera ere ezagutzeko, programak bermatzen baitu Saharara joatea. Bi hilabeteko egonaldia da Oporrak Bakean, baina urte guztira zabal daitekeen esperientzia da. Norberaren esku dago zer bizi nahi duen erabakitzea”.

Melillako gertakariei begira

Joan den ostiralean Melillako harresian, Espainian, izandako gertakariek haurrak iristeko atzerapenean zerikusia duten susmoa dauka Eizagirrek, baina egoera “ahalik eta azkarrena” desblokeatuko den itxaropena dauka, “familia askotan gero eta arazo handiagoak sortuko direlako bestela”. Iristen direnetik, haurrak bi hilabetez egongo dira Gipuzkoan. “Eta, noski, uztailaren 15ean iritsiz gero, adibidez, irailaren 15era arte egongo lirateke gurean; askok abuztu amaierara arteko kalkuluak zeuzkaten eginda”.