Garagardoa gainbaloratuta dago

Ez dakit nork esan zuen, ezta non irakurri nuen ere —sarean izan zela besterik ez—, inor gutxiri edo ia inori ez zaiola, berez eta izatez, per se, garagardoa gustatzen, ezinezkoa dela hori haren zaporea kontuan hartuta, garagardoari gaur egun diogun atxikimendua guztiz kulturala dela, artifiziala, eragina, gidatua, bideratua, inondik inora ere ez berezkoa, naturala edo biologikoa, inondik inora ere ez benetakoa.

Neure artean pentsatu nuen negazionismoaren gailurra zela baieztapen xelebre hori, artaldetik ihes eginda nor sentitzeko saio desesperatu zoroa. Baina gero zer pentsatua eman zidan.

Egia da bero handiko egunetan, bereziki ariketa fisikoa egin ondoren, garagardoa maite dudala, eta une horietan ulertzen dudala, neurri batean behintzat, garagardoak gure gizartean bereganatu duen ospea, itzala eta estatusa. Baina kontua da askatasunaren adierazpen gorena eta metaforarik argi eta ulergarriena izatera iritsi dela garagardoa, Coca-Colaren publizista saiatu eta buruargiek beren produktuarentzat inoiz amestutako asmorik baikorrenak ere gaindituta, politikariek ere nahieran erabiltzeko modukoa, eta erabilia, gure garaiko beste totem handi baten konpainian sarritan: terraza. Garagardo bat terraza batean hartzeko aukera baduzu, zer gehiago eska diezaiokezu bizitzari? Askatasunaren irudikapen grafikoa.

Gehiegikeria da esatea garagardoa berez inori ez zaiola benetan gustatzen. Baina gezurra al da gaur egun gainbaloratuta dagoela garagardoa, eta bereziki gainbaloratuta terrazan hartutako garagardoa? Ez da broma hutsa, beraz, badu bere sakontasuna kontuak, nik uste, eta agian boutade hori bota zuenak —alegia, garagardoa berez ia inori ez zaiola benetan gustatzen esan zuenak— sakontasun horri begira esan zuen esan zuena, aldez aurretik jakin arren burla egingo ziotela.

Garagardoari buruzko baieztapen hori antzeratsu aplikatu ahal zaio gure bizimodu kontsumistaren beste gauza, objektu, entitate eta egitate askori; honako hauei, besteak beste: bidaiatzea, bere askotariko formetan, zein baino zein gero eta garestiago gehienak, berdin turistikoenak zein ustez abenturazkoak direnak; kirola egitea, gaur egun dituen ezin konta ahala modu, modalitate eta adierazpenetan, horietako batzuk ere poltsiko-urratzaile handi samarrak; sofan eserita telesailak ikustea —kasu batzuetan garagardo baten plus-arekin—, kontu merketxoagoa agian, aurreko beste biekin konparatuz gero; eta abar… Horretaz asko ikas eta hausnar daiteke Iñigo Martinez Peñaren Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen saiakera (Elkar, 2021) irakurrita.

Bitarteko eta eragile asko dituzte gure zaletasunek, horietako gutxi dira natural eta biologikoak, guztiz geureak, eta modari edo unean uneko zaletasun arrakastatsuenei uko egiten saiatzen dena ere moda horren edo unean uneko zaletasun arrakastatsu horien mende geratzen da, nahi ezta ere, izaki sozialak baikara, besteen aurrean eta ondoan, aldez edo moldez, nor garela sentitzera eta erakustera behartuak.

Gure zaletasunak sustatu eta bideratzeko ahalmena izan da, orain arte behintzat, kapitalismoaren indar nagusietako bat, ekonomia etengabe mugitzeko eta azeleratzeko, gelditzea ez ezik mantsotze hutsa ere katastrofikoa izan daitekeelako mehatxupean. Noiz arte? Galdera ederra terraza batean garagardo bat hartuz solas egin eta eztabaidatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.