Memorialarien memoria

Memorialarien memoria

Maria Ortega Zubiate

Izenak iruditeria kolektiboa XVI. mendera badarama ere, ez da, zehazki, Esteban Urkiaga Basaraz Lauaxeta-ren olerkiko Gaztelu Baltzaz hizketan ari; Amaiurko (Nafarroa) gaztelua gaur egun euskaldun askoren iruditerian sinbolo izatea lortu zutenez baino. Erakusketa bat jarri berri dute Bergarako Laboratorium museoan: Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Aranzadi zientzia elkartea, Laboratorioum museoa, Bergarako Udala, Baztango Udala eta Amaiurko Udala izan dira, besteak beste, erakusketaren sortzaile eta bultzatzaileak.

Erakusketa hori “memoria egin zutenen memoria” dela dio Irati Alberdi Bergarako turismo bulegoko gidak: “Haiek egindako lanaren aitortza bat da. Haiei esker jakin dugu Amaiur zer zen”.

Amaiur “euskal izatearen sinbolo bat” dela uste du Alberdik. Izan ere, sinbologia hori ezinbestekoa da nazio eraikuntzan, Alberdiren ustez: “Nazio guztiek behar dute memoria kolektibo eta erromantiko bat, erreferente bat. 36ko gerraz aritzean Gernika erreferente bihurtu den bezala, Nafarroako Erresumaren eta euskal memoria historikoaren sinbolo bilakatu da Amaiurko gaztelua”.

Memoriaren sorkuntzan aritu zirenen irudi eta biografiak bildu dituzte erakusketa osatzen duten hiru geletan lehenean. Hartan daude Arturo Campion historialari eta politikaria, Manuel Irujo Ollo politikaria, Serapio Esparza Amaiurko gazteluko monolitoaren arkitektoa, Lauaxeta bera eta beste hainbat. Bere jaioterrian, ezin izan dute ahaztu Telesforo Monzon politikari, historialari eta kulturgilea ere; alboan dago hark asmatutako Arrano Beltzaren ikurra, “euskaldun guztiak batzeko ikurra”, Alberdik adierazi duenez.

Horien artean bada emakume bat: Bittori Etxeberria. Rol garrantzitsua izan zuen 36ko gerrako erresistentzian, Alava sareko kide izan baitzen: espetxeratutakoen artean sareak sortzen ez ezik, erbesteko euskal erresistentziari informazioa helarazten ere lan egin zuen sare horrek.

1936ra arteko historia jorratzen du erakusketak, eta ez da kasualitatea. Izan ere, orduan hasi zen Espainiako gerra, eta, Alberdiren hitzetan, tarte batez gelditu egin behar izan zuten euskalduntasuna eraikitzeko prozesua. “Memoria hori bultzatu zuten asko errefuxiatu bihurtu ziren gerra garaian. Desmemoria ekarri zigun jendea kanpora joateak, eta haien memoria galdu egin da”.

BERGARAKO LABORATORIUM MUSEOA

Hala ere, gerrako lehen urteetan gorde zuten memoriarik, eta horren adibide dira Bergarako erakusketako bigarren gelan dituzten zenbait irudi. “Amaiurko gudarostea egon zen garai hartan, baita azpitaldeak ere, eta izenak ere erreferentzialak ziren: batek Arturo Kanpion izena zuen. Erreferente horiek hartu zituzten garai hartan euskal ideario hori defendatzeko eta mantentzeko”.

‘Damnatio memoriae’

NBE Nazio Batuen Erakundeak memoria historikoa giza eskubide gisa aitortu du, eta horri buruzkoa da erakusketako hirugarren gela. Horretarako, damnatio memoriae terminoa erabili du Alberdik: “Erromatarren garaian, estatuaren etsai bat hiltzen zenean, haren memoria historiko guztia desagerraraz zedin nahi izaten zuten. Euskaldunekin ere horrela gertatu zen. Orain, hori berreskuratzen ari gara”.

Aranzadi zientzia elkarteak egindako zenbait indusketatako irudiak ere badaude gela horretan, baita Espainiako Gobernuak onartutako memoria legeen azalpenak ere. Erreferenteen garrantzia azpimarratu dute erakusketa guztian, eta memoria berreskuratzeko lanean beste euskal herritar bat ere izan dute kontuan: “Rene Cassin baionarrak lan handia egin zuen giza eskubideen alde; 1948ko deklarazioan parte hartu zuen. Hari ere omenaldi txiki bat egin nahi izan diote”.

Memoria berreskuratzeko lana “geldoa eta pixkanaka egitekoa” dela dio Alberdik, baina ibili badabiltzala: “NBEk dio giza eskubideen barnean sartzen dela memoria historikoarena, eta, poliki-poliki bada ere, hildakoak atera egin behar direla hilobitik gerraostean. Apurka lortzen ari gara”.

ERAKUSKETA

Izena. Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa.

Tokia. Bergarako Laboratorium museoa.

Epea. Irailaren 11ra arte.

Ordutegia. Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; igandeetan, 10:00etatik 13:00etara.

Bisita gidatuak. Egunero, 11:00etan eta 12:30ean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.