Rosa Garcia: “Udako oporren ostean gerta daitekeenak kezka eragiten digu”

Rosa Garcia: “Udako oporren ostean gerta daitekeenak kezka eragiten digu”

Miren Garate

Zaurgarriak direla egiaztatzen duten familiek bost urteko hipoteka gabealdia eskatzeko aukera izaten dute. Horrek eta beste neurri batzuek hipotekari lotutako etxegabetzeak murrizten lagundu dutela esan du Rosa Garcia Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak (Madril, 1948), nahiz eta joera aldaketa baterako arriskua ikusten duen. Alokairuan dauden familia zaurgarriak ere babestuta daude urtea amaitu arte. Handik aurrera, ordea, familia asko kalean geratzeko arriskua dagoela dio.

2008ko krisia zela-eta asko hitz egin zen etxegabetzeei buruz. Alabaina, ez dira iraganeko zerbait, ezta?

Ez dira, ez, eta zergatik? Etxebizitza eskubidearekin espekulatu egiten delako. Etxegabetzeen aurkako plataformek egindako lanari eta lege aldaketei esker, hipotekak ez ordaintzeagatik egiten diren etxegabetzeak izoztuta daude, eta orain alokairukoak dira etxegabetzeen %65. Gipuzkoan, pandemia garaian ere ez dira merkatu alokairuak.

Zer neurrik gutxitu dituzte hipotekei lotutako desjabetzeak?

Zoru klausulak, atzerapenen gehiegizko interesak eta gehiegizkoak ziren beste klausula batzuk kendu egin dira, Europak aginduta. Banku jardunbide egokien kodeak, berriz, bost urteko hipoteka gabealdiak baimentzen dizkie zaurgarriak diren familiei —egiaztatu egin behar izaten dute hala direla—. Euriborra +%0,25 soilik ordaindu behar izaten dute epe horretan. Hipoteka kitatzeko, etxea ordainetan emateko aukera ere badago. Neurri horiek guztiek lagundu dute hipotekei lotutako etxegabetzeak murrizten. Hala ere, udako oporren ostean gerta daitekeenak kezka eragiten digu.

Zergatik?

Lehen, ehun urte zituen aurreko legearekin, hiru hilabetez hipoteka ez ordainduz gero, bankuek jada etxegabetzeko demanda sartzeko aukera izaten zuten. Hau da, 150.000 euroko hipoteka izanez gero, eta 500 euroko hileroko kuotak, 1.500 euro zor zenituenean gainerako diru guztia eskatzen zizuten jada. Europak gehiegizkotzat jo zuen neurri hori, eta etxegabetze askoren demandak artxibatzea lortu zen horri esker. 2019ko Higiezinen Kreditu Legeak dio hamabi hilabete edo gehiago zor direnean sartu ahal izango duela demanda finantza erakundeak. Euriborra igotzen hasi da, eta bizitza garestitu egin da. Zorretan zegoen jendeak aurrerantzean ere zorretan jarraituko duela uste dugu, eta hamabi hilabetera iritsitakoan, zaurgarriak ez badira, horiei demandak sartzeko aukera izango dute finantza erakundeek.

Alokairuan dauden familia zaurgarrientzat badago babes neurriren bat?

Hipotekei lotutako etxegabetzeekin alderatuta, azkarrak izaten dira alokairuen etxegabetzeak. Kuota ordaintzen ez bada, kontratua eteten du alokatzaileak. Familia zaurgarriak babesteko 37/2020 Dekretu-Legea dago. Aste honetan onartu du Espainiako Gobernuak abenduaren 31ra arte luzatzea; beraz, ordura arte ezingo dira etxegabetu familia zaurgarriak. Alabaina, epe hori pasatzen denean, etxegabetze ugari izateko arriskua dago.

Aipatzen da litekeena dela Espainiaren Etxebizitza Lege berriak alokairuen prezioak mugatzea ekartzea. Zer iritzi duzu?

Guk ez dugu %100ean babestu proposatzen dena, baina zalantzak ditut ea indarrean jarriko ote den, urtebeteko eztabaida eskatzen duelako eta hauteskundeak etorriko direlako. Legearen bidez jabe handiak kontrolatu nahi dira, eta Gipuzkoan ere badaude halakoak, putre funtsak, etxebizitza agentziak eta abar, baina alokairuan dauden etxe gehienen jabeak partikularrak dira hemen.

Egon ohi da alderik etxejabe partikularrek eskaini ohi dituzten baldintzetan?

Horiek ere espekulatzen dute, eta gehiegizko klausulak eskatzen dituzte: abal emaileak, legez kanpokoa izan arren bost hilabeteko berme gehigarriak, hau da, kuota horiek aurrez ordaindu beharra… Familian edo kuadrillan izaten ditugu etxeren bat herentzian jaso dutenak edo aukera izan dutelako etxe batean inbertitu dutenak. Eta alokairuan jartzen dituzte, zenbat eta garestiago hobeto, eta prezioek gora jarraitzen dute. Zergatik ez dute esku hartzen gobernuek? Horiek boto emaileak direlako, eta ez dagoelako kontzientzia sozialik. Ezin zara kexatu iloba, laguna edo auzokoa ezin delako emantzipatu, zuk 800-900 euroan alokatzen baduzu. Eta jabeen arrazakeria ere ezin da ahaztu.

Hipoteka lortzeko dirua izan behar aurreztuta, eta alokairuak garesti. Sorgin gurpil horrek beste zer eragin ditu?

Azpierrenta, hau da, sukaldea erabiltzeko eskubidea duten logelak, 450 euroan. Eta etxe handietan, lauzpabost gelakoetan, dirutza ateratzen ari dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.