“Lantzen dituzun artelanekin, zure bizitza kontatzen duzu”

“Lantzen dituzun artelanekin, zure bizitza kontatzen duzu”

Aritz Mutiozabal

Artista aktiboa da Iñigo Manterola (Orio, 1973). Ekoiztea eta berritzea arnasa hartzea bezain beharrezkoa duen sortzaile horietakoa da. Dela mihise oihalean, dela burdina okertuz nahiz ugertuz. Prozesua gertukoa izan dadin nahi izaten du, jendeak uler dezan; berak sentitzen duen moduan helaraztea. Karisma hori du, eta horregatik konektatzen du horren ongi jendearekin.

Azken urteetan egin dituzun lanen laginak jarri dituzu orain Zarauzko Arkami galerian.

Azken boladan landu ditudan sailak dira. Transito saileko margolanak eraman ditut, baita arrantzaleei buruzko obra bat ere. Hortik dator abstrakziorako nire lehen pausoa, eta gerora hiru dimentsiorako jauzia, hau da, eskulturara. Eskulturari dagokionez, Tránsito, Paseos vacios eta Paseos por el soporte sailetako lanak topa daitezke. Bestalde, toldotxo bat ere aurkeztu dut. Konfinamendu garaian Zarauzko hondartzan toldorik izan ez zenez, otu zitzaidan tamaina errealeko toldo sinple bat egitea eta malekoian jartzea. Baina Zarauzko Udala nahiko kezkatuta zegoenez eta ekintzak nolako erantzuna izango zuen ez genekienez, azkenean ez nuen aurrera atera. Beraz, maketa bat jarri dut erakusgai.

Azkenaldian ez zenuen erakusketarik egin herrian…

Ez, baina tailerra Zarautzen dut. Bost urtez eduki nuen estudioa herrian, eta, ondoren, Donostian zabaldu nuen. Hamabi urtez espaziorik gabe egon naiz Zarautzen, baina duela hiruzpalau urte pabiloi bat erosi nuen, eta bertan jarrita daukat showroom bat atarian, atzealdean eskulturen tailerra eta goialdean margolanen tailerra. Hiru zatitan banatuta daukat espazioa.

Horrek zer-nolako abantaila eman dizu artista gisa?

Nik lehen hiru gune ezberdinetan egiten nuen lan. Alde batetik, Donostian neukan showroom-a eta han egiten nituen margolan txikiak. Margolan handiak, berriz, argi naturalik ez neukan trasteleku batean egiten nituen, eta eskulturak ere hantxe okertzen nituen. Bestalde, alokatuta neukan pabiloi bateko zati batean, eskultura ertainak eta txikiak ekoizten nituen. Handiak, berriz, kanpoan egiten nituen, lauzpabost lagunen laguntza behar izaten nuelako. Tailer propioa irekitzeak erraztasuna ekarri dit, dena espazio berean dudalako, eta, alde horretatik, oso eroso sentitzen naiz.

Era berean, ikuspegi globalagoa eman al dio zure arteari?

Dudarik gabe. Bisitak edukitzen ditudanean, jendeak ikus dezake non egiten ditudan eta zertan dauden oinarrituak. Izan ere, margolan batzuek bultzatu naute eskultura lan batzuk egitera, eta baita alderantziz ere. Beraz, dena elkarrekin edukitzeak asko laguntzen du. Azken finean, artelana bera non eta nola sortzen den ikustea asko gustatzen zaio jendeari. Potenteagoa da, eta erraztasuna ematen dizu azaltzeko sortze prozesu guztia.

Emaitzaz harago, jendeari gero eta gehiago interesatzen zaio prozesu guztia?

Gero eta gehiago esango nuke. Ez dakit gainerako artistek nola egiten duten lana, baina niri prozesua bera gustatzen zait. Jatorria zein den esplikatzea. Jakina, ez da beharrezkoa. Lehenik eta behin, margolana edo eskultura lana gustatu egin behar zaizu, eta gero atzetik duen istorioak bestelako bultzada bat ematen dizu. Maiteminduarazi egiten zaitu, nolabait esateko. Gertatu izan zait obra baten aurrean norbait ezkor agertzea, baina haren esanahia azaldu bezain pronto, iritzia aldatu eta azkenean erostea. Garrantzitsua da artelanen jatorria zein den ezagutzea.

IÑIGO MANTEROLA

 Zarautz Art ekimena herriko artisten bilgune izan zen, 2009an. Herriko hainbat artista elkartu ziren kaleetan, bakoitzak bere arloan lan egiteko. Manterolak hartu zuen bertan parte.

Eskultorea margolaria baino gehiago ala margolaria eskultorea baino gehiago?

Bolada bat izan nuen marrazkia asko lantzen nuena. Orain, margolanak egiten ditut, baina ez dut aurretik marrazkirik egiten arkatzarekin edo ikatz-ziriarekin, zuzenean margoarekin hasten naiz. Margolaria naiz, baina baita eskultorea ere. Non dudan burua? Boladak izaten dira. Azkenaldian eskulturekin aritu naiz buru-belarri, baina erakusketa berri bat zabalduko dut Tarbesen [Okzitania]; margolan figuratiboak izango dira. Duela astebete itsas zeharkaldi bat egin dut belaontzian lagun batzuekin, Getariatik Santaderrera [Espainia] eta buelta, hainbat geldialdi egiten, eta bidaian argazki ugari atera ditut. Esperientzia horretan oinarrituta, margolanekin osatuko dut erakusketa.

Nolako margolanak egiteko asmoa duzu?

Itsasoa, zerua eta, akaso, ontzi batzuk ere irudikatuko ditut. Izan ere, Castro Urdialesen [Espainia] geldialdia egin genuen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Duela hamabost urte, ontziak beren islekin margotzen nituen, eta gaitegi hori berreskuratuko dut, oso iruditegi indartsuak ikusi ditudalako. Erakusketa azaroan zabalduko dut Tarbesko kultur etxean, eta, oker ez banago, bi hilabete iraungo du. Posta elektronikoz jarri ziren nirekin harremanetan, eta erraztasun guztiak jarri dizkidate obra muntatu eta desmuntatzeko. Aukera horiei ezin zaiei muzinik egin. Beraz, eskulturei azken ukituak emango dizkiet orain, eta berehala nire buruak klik egingo du eta margotzeari ekingo diot.

Boladek esparru bakoitzetik atseden hartzeko aukera ematen dizute, nolabait?

Reset egiten duzu. Diziplina bakoitzean aurrerapausoak ematea da nire printzipioa; beti saiatzen naiz berrikuntzaren bat edo aldaketatxoren bat egiten; bestela, errepikatzen hasten zara, eta horrek niri ez dit inolako ekarpenik egiten. Salerosketatik bizi bagara ere, nik niretzat egiten dut lan. Gero, artelanak saldu egiten direla eta hortik etekin ekonomikoa lortzen dugula, ados, baina, batez ere, niretzat sortzen dut. Are gehiago, badira hainbat sail bururatzen zaizkidanak eta lantzen ditudanak, barruak hala eskatzen didalako, eta jakin badakidanak ondoren merkatuan aukera gutxi izango dutela. Baina horrek ere badu bere alde positiboa: ezagutza ematen dizu etorkizunean egin ditzakezun artelanentzat.

Zure artelanak hemen ez ezik atzerrian ere saltzen dira. Japonian, esaterako, anekdota kuriosoa daukazu…

Japonian hiru pieza txiki saldu nituen aurrena, eta bi pieza handi ondoren. Azken bi obrak eramateko hara joan nintzen, bezeroak gonbidatuta: Tokiora. Sekulako harrera festa egin zigun bere etxean, eta sushi sukaldari bat izan genuen, guretzat eta bezeroaren hamar lagunentzat. Naganoko etxerako beste pieza bat erosi zuten, eta hantxe, obraren inaugurazio ekitaldian, hara non, txakolina atera zuten dastatzeko! Ez dakit nondik lortuko zuten, baina, jakinda nondik nentorren, sekulako detailea izan zen haien aldetik. Egundoko gertakaria izan zen haientzat ni haien etxean izatea egun haietan. Aurten ez bada, nik uste dut datorren urtean etorriko dela hona, eta ea hemen har dezakegun txakolina elkarrekin!

Pixkanaka-pixkanaka nazioartean zure tokia egiten ari zarela uste duzu?

Bai, atzerrian gauza dezente egin ditut azken urteetan. Abu Dhabin egin nuen erakusketa bat hotel batean, Dubaiko galeria batekin aritu naiz elkarlanean, Parisen, Mexikon… Toki askotan erakutsi ditut nire margolanak eta eskulturak. AEBetan saldu ditut pieza handiak, baita Costa Rican, Alemanian eta, oro har, Europan zehar ere. Zabaltzen ari naiz pixkanaka-pixkanaka nazioartean, baina argi eta garbi eduki behar dugu artistok egunero egin behar dugula lan. Ezin dugu bi urtez lasai-lasai egon, urte batzuetan lanean aritu ondoren bezeroak zuregana etorriko zaizkizulakoan. Urtero, kasik hilabetero, zerbait egin beharra daukazu: askotariko kolaboraziok —bitxigile batekin, akaso—, edo beste artista batzuekin. Sare sozialetan egoteko ere, ezinbestekoa da berritzea.

Aktibo mantentzea?

Hala da, bai. Niretzat behar-beharrezkoa da. Aldaketatxoren bat behar dut nire lanean konfiantza edukitzeko, eta ez errepikatzeko. Hil edo bizikoa da niretzat.

Zure ibilbideko obra bat aukeratu beharko bazenu, zein?

Oraintxe bertan, familiari omenaldi bat egin diot: nire amari. Nire artelanetako gai garrantzitsuena itsasoa izan da, eta hori aitarengandik etorri zait, nahiz eta harreman askorik ez nuen izan harekin. Birraitonak baleak arrantzatzen zituen, eta hortik datorkit itsasorako begirunea. Baina nire bizitza eta naizena amari zor diot. Amak 24 urte izango zituen gurasoak banandu zirenean, eta bera bakarrik geratu zen lau semeekin, lan eginez, aitaren sosik jaso gabe. Beraz, omenalditxo bat egin nahi diot amari, eta oraindik inori erakutsi ez diodan pieza handi bat egin dut jada. Lau buru modukoak dira eta beste hiru txiki, ama eta anaiak irudikatu nahian. Ez dut laugarrena jarri, ez dut neure burua gehitu, eskultura besarkatzen dudalako.

Ez dakit noiz, hemendik bost edo hamar urtera izango den, baina familiari buruzko erakusketa bat egin nahi dut. Han, eskulturak egongo dira, baina baita margolanak ere. Izan ere, aita izan naizenean hiru txalupa margotu izan ditut elkarren ondoan, familiaren kontzeptua irudikatzeko. Azken finean, lantzen dituzun artelanekin zure bizitza kontatzen duzu, eta xahutuz zoazen etapek artista gisa zer zaren islatzen dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.