“Herri honi eman diodana eta jaso dudana geratu dira nire barruan”

“Herri honi eman diodana eta jaso dudana geratu dira nire barruan”

Eneritz Maiz Etxarri

Ez da geldirik egoteko emakumea Luixa Uzkudun Etxenagusia (Errezil, 1966). Zortzi urtez Leaburu-Txaramako alkate izana da: 2011tik 2019ra. Herrian zegoen zatiketa desegiteko helburuarekin hartu zuen kargua, erronka moduan. Egun, zinegotzi kargua hartuta ari da lanean berriz ere, batik bat herriko gazteen alde.

Herri txiki batean jaioa zara. Zer eman dizu Errezilen jaiotzeak?

Nire bizia da Errezil. Hangoa naiz. 26 urterekin alde egin nuen Errezildik; harrezkero, ez naiz bueltatu bizitzera, baina astero-astero joaten naiz, gehienbat nire familia bisitatzera.

Ez dakizu geldirik egoten. Gaztetatik datorkizu?

Errezilgo Luixa ez zen orain bezain aktiboa. Beti parte hartu izan nuen, adibidez, herriko festak antolatzen, eta eragile sozialetan ibilia naiz, baina ez nintzen orain bezain parte hartzailea. Poliki-poliki igoz joan naiz.

Errezildik irten, eta beste herri txiki bat aukeratu duzu bizitzeko: Leaburu-Txarama.

Lehenengo, Ikaztegietan bizitzen egon nintzen urte batzuk; gero, Deban eta Azpeitian ere bai. Azpeititik etorri nintzen Leaburura, 33 urterekin. Esaerak dioen moduan, ahuntzak mendira egiten du. Esperientzia politak izan ziren Deban eta Azpeitian bizitakoak, baina finkatzeko lekua aukeratzean, gustuko nuen herri txiki bat. Errezilgo mendiak eta askatasun horrek erakartzen ninduten. Eta gaur egun nire senarra denaren etxera etorri nintzen bizitzera: Leaburura.

Nola hartu zintuen Leaburuk?

Hasiera guztiak dira zailak. Leaburun, ez nuen ia inor ezagutzen. Gure hiru seme-alabei esker, beste umeen gurasoekin plazan bildu, eta hor hasi zen nire Leaburuko ibilbidea.

Haurrak izan dira zubi lana egin dutenak?

Bai, zalantzarik gabe. Askotan biltzen ginen, gehienetan amak, eta ama gehienak kanpotik etorriak ginen. Aitak ziren herrikoak. Denok gauza bera esaten genuen: “Herri honetara etorri gara, eta nola hasi bizitza”. Senarraren familia hor daukazu, baina lagunartea behar duzu. Denok arazo edo kezka berbera genuen: hau da, denok ginen plazara lagun bila joanak.

Esan ohi da herri txikietan eskolak laguntzen duela, baina Leaburun ez dago eskolarik.

Bere garaian, izan zen eskola, baina senarrak esan ohi du bera izan zela azkenekoetakoa. Umeekin parkera etortzen ginen, eta eskerrak etortzen ginela; bestela, gaur egun Leaburun dagoen gazte jende hau, agian, bakoitza bere aldetik joana izango zen. Gure seme zaharrenaren adinaren aurrekoak oso-oso banatuta daude. Ia ez dago kuadrillarik, eta oso bakartuak daude. Beste herrietan egin dituzte kuadrillak. Sentimendu hori nuen barruan, eta egonezina. Errezilgoa naiz, eta denok lagunak gara: zaharragoak edo gazteagoak. Kuadrilla handi bat gara.

Herri txikien ezaugarri.

Leaburura etorri, eta ikusten nuen ez zegoela hori. Tristura izugarria ematen zidan. Gure seme-alaben adinekoak elkartzen hasi ginen, eta ume asko dira. Horrek kezkatzen ninduen: eskolarik ez dago, eta haien etorkizuna non da? Hortik hasi nintzen poliki-poliki udaletxean lanean.

Alkate izateko erronkari heldu zenion. Nolatan?

Zuzeneko saltoa izan zen, eta ez nuen neure burua ikusten. Nire asmoa, batik bat, guraso talde bat biltzea eta hortik hastea zen. Ez nekien zer, baina zerbait egin nahi nuen umeak elkarrekin haz zitezen. Halabeharrez iritsi zitzaidan alkate izateko proposamena. Ilegalizazioa bitarteko, herrian ez zegoen jenderik Bilduren izenean ateratzeko. “Nahitaez atera behar duzu” esanez etorri zitzaizkidan. Erronka horri heldu beharra niola esan nion neure buruari, eta baietz esan nien, kale edo bale. Orduan hasi nintzen buru-belarri lanean.

Eta fruiturik eman du?

Baietz uste dut. Gaur egun, izugarrizko harrotasun gisa ez nuke esango, baina bai sentitzen dut egindako lan bat bezala. Orduan futbol ekipo bat antolatu genuen, dantza izaten zen, ingelesa herrian ikasteko aukera, pilota…; ekinaldi mordo bat antolatu genuen. Herritarrek aukera izan zuten herrian gauzak egiteko. Nolabait, eskolatik etortzean herrian umeen burrunba hori entzutea zen nahia. Izugarria zen umeak herrian korrika eta saltoka ikustea, eta haien hotsa entzutea: ume gehiago eta gehiago; eta, nire ustez, gazteak elkarrekin nahastu ziren.

Nolako esperientzia izan zen alkate izatea?

Gazi-gozoa. Gure herrian oso giro txarra zegoen ni sartu nintzen garai hartan. Oso-oso txarra eta gaiztoa. Aurretik izan ziren korapiloengatik, bi zati egina zegoen herria, eta hor beste erronka bat jarri nion neure buruari. Elkarrekin bizitzera kondenatuta gaude, herri txiki bat gara, eta ez da posible nik beste batekin hitz egiten dudalako nire aldamenekoa nirekin haserretzea. Hori ezin nuen jasan. Gainera, herrira etorri eta segituan, jendeak etiketa jartzen dizu. Ezinegona zen, eta loa kentzen zidan horrek. Hori nola edo hala eten behar zela sentitzen nuen. Gorriak ikusi ditut, baina lortu dudala esango nuke.

Zein da egungo egoera?

Esango nuke gaur egun Leaburun eta Txaraman ez dagoela elkar ezin ikusirik. Hori lortu dugu, jendeari eskatuta, hau da, jendearengana joan eta erakutsita: “ez daukat zurekin ezer: herriko alkatea naiz, herriko guztiena, eta ez herritar batzuena”.

Lanketa berezi bat egin duzu herriko zatiketa desegiteko?

Bai, hori da. Herritar guztiei demostratu nien denen alkate nintzela, eta udal taldeak herritar guztiak berdintasunez tratatu dituela. Nik, esaterako, Leaburura etorri nintzenean, beste era batera bizi izan nuen hori. Hori puskatu da. Jendeak hitz egiteko konplexu ikaragarriak zeuzkan; ezin bizia zen. Lehenengo agintaldian ez nuen guztiz lortu, eta kontzientzia ez neukan lasai. Lan hori bukatu beharra neukan, eta bigarren agintaldian jada gainditua ikusi nuen.

Zer jaso duzu herritarrengandik?

Hasieran, izugarrizko beldurra nuen: zehar-begiratu asko izaten ziren, baina, gero, pertsona horiek berek eskerrak ere eman zizkidaten. Oso ondo egin nuela ere esan zuten, eta zergatik nindoan galdetu. Horrek oso beteta utzi ninduen, eta bukatutako lan bat bezala izan zen. Herritarrengandik eskatutako guztia jaso dut, eta ez nuen sinesten. Herritarren lekuan jarri naiz, eta asko ikasten da. Herritar askorengana zalantza asko edukita joaten nintzen, eta eskatu egiten nien. Guztiek erantzun didate: inork ez dit esan ezetz.

Zein zen herritarren erreakzioa?

Ez zuten espero izaten ni haiengana joan eta zerbait eskatzea. Harrituta geratzen ziren, baina inork ez zidan ezetz esan. Horren bitartez lortu dut herria batzea.

Agian, herritarrek ere jada behar zuten batzea?

Beharra ikusten zen. Ni aurkeztekoa nintzela jakin zutenean, zenbait guztiz harrituta geratu ziren. Batzuek errezeloz begiratu zidaten, eta, noski, bi bando aurkeztu ginen hauteskundeetara; nik garbi esan nien nolabait bakeak egitea zela xedea. Argi eta garbi esan nien kideei zein zen neure helburua. Batek garbi esan zidan ordu artean inork ez zuela lortu, eta ea lortzen nuen. Niretzat, porrota izango zen hori ez lortzea.

Zortzi urteko lana, gogorra bezain gozoa, beraz.

Oso zapore gozoarekin geratu nintzen. Azkenerako nekatuta ere bai, baina zortzi urtean herri honi eman diodana eta jaso dudana geratu dira nire barruan.

LUIXA UZKUDUN

 Halabeharrez iritsi zitzaion Luixa Uzkuduni Leaburu-Txaramako alkate izateko proposamena, 2011n. Herriko zatiketa ezabatzen saiatu izan da. Urte hartakoa da argazkia. Asier Imaz

Ardura handia hartu zenuen.

Izugarrizko ardura zen; erronka bat. Gehienbat, gure umeengatik izan zen. Nirea pasatuko da, baina gure seme-alabek herri honetan, giro honetan bizi behar dute? Horrek ezinegona pizten zidan. Penagarria eta negargarria zen. Gorroto horrekin bizi? Nik ez nion gorrotoa sartu nahi inori, eta ez daukat gorrotorik. Hori hautsi beharra zegoen, eta hautsi dugu. Ekipo on bat izan dut beti ondoan. Oso ekipo ona, eta, horri eskerrak, indarra ateratzen duzu. Asko eztabaidatu dugu, asko, baina merezi izan du. Eta ekipo hori ez bazen izan, ez ginen egongo egungo Leaburun.

Zinegotzi kargua hartu duzu. Zergatik?

Berriz hartu dut orain zinegotzi kargua, batek utzi duelako. Nire ondoan beti zinegotzi egon den bat dago alkate, eta hari esan nion alboan izan nuela eta ni ere izango nauela, nahiz eta ez diodan laguntzen berak lagundu didan adina.

Lagundu beharra sentitu duzu?

Nire herritzat daukat Leaburu. Maite dudan herri bat izatera iritsi naiz. Hirugarren agintaldira goaz, eta transmisioa egitea tokatzen zaigu. Gaur egun dauden gazteei transmititu behar diegu herria egitea zer den. Sartu behar ditugu, herriak aurrera egin behar baitu, eta beti behar baita jendea herria egiteko. Orain, langintza horretan nabil. Festa eta Kultura batzordean nago, eta berriz ere eskean, eta erantzun dute.

Sega munduan ere bazabiltza. Nola hasi zinen?

Udala utzi nuen bezala hutsune hori bete behar nuen, zeren udalak denbora asko kentzen dizu. Urte horietan neure buruari ez nion eskaini ezta minutu bat ere. Ez naiz geldirik egotekoa, eta gure seme-alabak Joxe Gabirondorekin sega ikasten hasi ziren Gaztelun; nik etxetik eramaten nituen autoz, eta begira egoten nintzen. Izugarrizko inbidia sentitzen nuen. Ezkerra naiz, eta segarekin oso trakets egiten nuen; aitak beste senideei uzten zien, baina kamustu egiten nuela eta, niri kendu egiten zidan. Pena hori izan dut beti, eta ez nuen ikasi. Behin Joxek hartu eta probatzeko esan zidan, eta hortik hasi zen kontua.

Eta txapelketetan ere parte hartu izan duzu.

Almitza sega elkarteak urte asko daramatza txapelketak egiten, eta, egun batean, Joxek esan zidan emakumeak behar zirela. Saiatu egin behar nuela. 35 metro koadroko sail bat moztu behar izaten dute emakumeek ligaxkan, eta, semeekin joanda, proba egin nuen behin. Mozten nuela ikusi nuen, eta jada berdin zitzaidan azkena eginda ere. Helburua bukatzea zen, eta aurkeztu egin nintzen. Apuntatu eta gero, damututa egon nintzen, baina atera nintzen, eta azkena ez nuen egin. Oso gustura geratu nintzen. Lauzpabost urte daramatzat, eta pixkanaka segan ikasi eta perfekzionatzen ari naiz.

Baserrian ere lanean. Mahala enpresa duzue.

Familia eta lana uztartu behar izan ditut. Hiru seme-alabaren ama naiz, eta zaila da guztia uztartzea, baina ez nuen umeak hezteko soilik ama izan nahi. Ez da erraza bikotekideak eta biok leku berean lan egitea; oso-oso zaila eta konplexua da. Nolabaiteko hitzarmena egin genuen, eta nik banaketaren eta bezero arretaren adarra hartu nuen, eta hark beste guztia. Gaur arte, poliki-poliki sartuz joan naiz, eta, azkenean, jardunaldi osoa egiten dut.

Egunak motzegiak al dira zuretzat?

Horrela izan dira, eta egun ere hala dira. Niretzat, denbora urrea da. Lan izugarria da. Bezero guztiengana produktua ondo iristea, denak zerbitzatzea, denak gustura edukitzea… Bai lanean, bai udaletxean, bai familian eta baita segan ere, beti ekipo on bat izan dut ondoan, eta horrek du garrantzirik handiena, aldamenean eduki dudan jendeak. Familian ere ekipo on bat daukat, eta lanean ere bai. Banatzaileen taldean nago, eta hori da trukoa: ez ni agintzen eta haiek lanean aritzea. Eta zerbait gaizki dagoenean esaten diet, baina berriro gertatu ez dadin izaten da, eta hobetzeko asmoarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.